Noiz sortua: 2020-06-20 00:30:00

Van Gogh sentitzeko

Ikuslea margolariaren obran murgiltzen duen erakusketa multimedia bat eraman dute Iruñera. Aldi batez itxita egon ondoren, abuztura arte egongo da ikusgai
Zenbait lagun erakusketan zehar ibiltzen, otsailean, koronabirusagatik itxi aurretik.
Zenbait lagun erakusketan zehar ibiltzen, otsailean, koronabirusagatik itxi aurretik. IÑIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko ekainak 20

Gau izartsua margolaneko konstelazioen mugimendua; Ekiloreak famatuko kolore horiaren indarra; Galsoroa beleekin-en txorien hegaldia. Van Gogh Alive-The Experience erakusketak (Van Gogh bizirik-Esperientzia) bidaia bat proposatzen du Vincent Van Goghen artea sentitzeko (Zundert, Herbehereak, 1853-Auvers-sur-Oise, Frantzia, 1890), aretoko hormak eta zorua hartzen dituzten eskala handiko 3.000 irudirekin. Zentzumenen bidaia bat da: bisitaria inguratzen du, artistaren bizitza eta obra modu berezi batean erakutsiz. Iruñeko Baluarte auditoriumeko Harresiaren aretora eraman dute erakusketa. Aldi baterako itxita egon ondotik, berriz zabaldu dute, eta abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai.

Van Goghen margolanak mundu osoko museorik entzutetsuenetan izan dira, baina inoiz ez erakusketa honek proposatzen duen moduan. «Hunkitzeko pentsatutako erakusketa bat da; Van Goghen obra edozeinen bihotzeraino eramaten duena, artean aditua izan beharrik gabe». Erakusketa Iruñera eraman duen Nomad Art enpresako arduradun Alejandra Sotok aurkezpenean esandako hitzak dira. Australiako Grande Exhibitions enpresak sortu du proiektua, eta ia sei milioi lagunek bisitatu dute dagoeneko, 80 hiritan. Baluartekoa berriz irekitzeko, sar daitekeen jende kopurua mugatu dute, eta beste zenbait neurri hartu dituzte, hala nola seinaleak jartzea segurtasun tarteak bete daitezen, eta adinekoei lehentasuna ematea.

«Ikuslea ikusle soila izateari uztea» du helburu proiektuak, «erakusketaren parte bihurtu dadin, artistaren obra ikusmenaren, entzumenaren eta usaimenaren bitartez sentituz». Horretarako, irudi guztiak mugimenduan daude; ikuslea eseri edo etzan daiteke, eta inguratzen duenaz lasai gozatu, edota aretoan zehar ibili.

Artistaren ibilbidea

Hamar urteko ibilbide artistiko labur batean, Van Goghek inguruko paisaiak, pertsonak eta bizimoduak izan zituen inspirazio iturri; baina haren lanean ezberdintasunak daude, garaiaren arabera, kolorean, argian, estiloan eta teknikan, artistak gogo aldartean izandako aldaketa ugarien erakusgarri. Erakusketan, aldaketa horiek guztiak islatu nahi izan dituzte paretetan eta zoruan proiektatutako 35 minutuko ikus-entzunezko pieza batekin, eta, horretarako, esperientzia hainbat kapitulutan bereizi dute.

Autorretratu sorta batekin hasten da ibilbidea: ikusten diren koadroak estilo eta tonu askotarikoak dira, eta artistaren egoera emozional aldakorra islatzen dute. Margolan horien ondoren, ibilbideak Herbehereetako paisaietara eramaten du ikuslea, Van Goghen sorlekura: han igaro zituen haren artista garaiko lehen urteak, 1880tik 1885era bitartekoak. Orduko lanak iluntasunarengatik bereizten dira: paisaiak, jendea eta natura tonu itzaliekin margotuta daude. Estiloa bestelakoa da hurrengo urteetakoaren aldean.

Gero, ibilbidea Herbehereetatik Frantziara lekualdatzen da. 1886tik 1888ra, Parisko giroan eta margolari inpresionistetan inspiraturik, Van Gogh paleta distiratsuagoa garatzen hasi zen, eta koadroetan lore, lorategi eta frutaontziak irudikatu zituen. Hala, bere estilo identifikagarrira gerturatzen hasi zen.

Ibilbidearen hurrengo zatiko irudiak Arleskoak dira, Okzitaniakoak. Van Goghek epe labur bat igaro zuen han, eta hori izan zen, erakusketako azalpenetan adierazi dutenez, haren bizitzako garairik «zoriontsu eta emankorrena». Haren artelanetan ere islatu zen hori. Ekiloreak seriearekin hasten da atala, eta, jarraian, Arlesko bizitza irudikatzen duten lanak ikus daitezke. Van Goghek Japoniako arteari zion zaletasuna ere islatuta dago atalaren amaierako lanetan.

Baina artistak buruko gaixotasunaren ondorioz izan zuen oinazea ere islatzen da kapitulu horretan. Hain zuzen ere, ordukoa da Arlesko logela entzutetsua, haren ezegonkortasunean «mugarri» izan zena, erakusketan azpimarratu dutenez. Izan ere, haren osasunak okerrera egin ahala, Van Gogh barnerakoiagoa bihurtuz joan zen. 1889an erietxe batean sartu zuten, berak hala eskatuta, eta horrek eragin handia izan zuen harengan. Orduko lanetan ere bere ezegonkortasuna islatu zuen, paisaia ilunak eta baketsuak tartekatuz.

Erakusketaren ibilbidearen azken zatian, paisaietako lanak ikus daitezke, bereziki Auvers-sur-Oisekoak. Margolariaren lanik gogoragarrienetako batekin amaitzen da atala, Galsoroa beleekin izenekoarekin, eta Van Goghen autorretratuen atzera begirako batek ixten du ibilbidea.

Sensory4 sistema

Grande Exhibitions enpresak garatu duen Sensory4 sistemarekin osatu dute erakusketa. Teknologia horrek batera jartzen ditu mugimenduan diren kanal ugaritako grafikoak, kalitate zinematografikoko soinua eta goi bereizmeneko proiektoreak. Gainera, piezaren atal bakoitzean musika partitura bat entzuten da espazio osoan, Van Goghen obraren atzean dauden emozioak musikaren bitartez islatzeko xedea duena. Besteak beste, Antonio Vivaldi, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Haendel konpositoreen obrak dira. Usaimena ere pizten du erakusketak: zipres, zedro eta sandalo aromak nabaritzen dira; hartzailea obretako paisaietara eramateko helburua dute.

Multimedia ibilbidetik kanpo, Van Goghen bizitza, pentsamenduak eta emozioak azaltzen dituzten zenbait taula daude, bai eta margolariak Arlesen zuen logelaren erreplika bat ere. Proposamen zabaleko erakusketa bat da; aukera ematen du artistaren obra modu berri batean ezagutzeko, sentitzeko eta bizitzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna