KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Urrezko menderako bidean

Cantoria taldeko lau kideak, artxiboko irudi batean. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

Musika Aitzaki Zikloa. Cantoria



Taldeko kideak: Ines Alonso (sopranoa), Samuel Tapia (kontratenorra), Jorge Losana (tenorra eta zuzendaria), Valentin Miralles (baxua). Egitaraua:Mihi gaiztoak: M. Flecha, F. Guerrero eta anonimoen obrak. Lekua: Artziniegako JasokundekoAndra Mariaren eliza (Araba). Eguna: Abuztuak 4.

Jakina da Espainiako Urrezko Mendea arteak eta letrak loratu ziren garaia izan zela, baita musika eta musikariak ere. Polifoniaren ekoizpenari dagokionez, XV. eta XVI. mendeak bereziki oparoak izan ziren: Palacio eta Uppsala delako kantutegiak bezalakoetan garaiko konpositore garrantzitsuenen ehunka obra biltzen dira, bilantzikoak gehienak, jatorri herrikoia zuten melodiak barne hartzen zituzten abesti profanoak.

Cantoria antzinako musika talde gazteak aurkeztutako programa ondasun aberats horren aukeraketa erakargarria suertatu zen, zentzu finez osatua. Eskertzekoa, halaber, Antzinako Musika Zikloan ez ezik, Musika Aitzaki zikloak Artziniegako Jasokundeko Andra Mariaren elizara ere eraman izana, gure eskualdean garai honetako musika zuzenean entzun ahal izatea ezohikoa baita. Cantoriako kideek, gainera, derrigorrean nabarmendu eta balioetsi behar den lan didaktiko bat burutu zuten kontzertuan, Jorge Losana zuzendariak obra bakoitzaren edukia azaldu eta bere testuinguruan kokatu baitzuen. Riu riu chiu eta horren contrafacta den Falalalan, falalalera melodia ezaguna izan zen entzungai, besteak beste, eta baita programari izena ematen zion Corten espadas afiladas ere, zeina zurrumurru eta esamesei jarkitzen zaien.

Aipatu kantutegietatik ateratako bilantzikoak eta Mateo Flecha Zaharraren entsaladak tartekatuz, Ines Alonso, Samuel Tapia, Jorge Losana eta Valentin Mirallesen ahotsek osatzen duten laukotearen soinuan oreka izan zen nagusi, antzinako musika interpretatzeko egokiak diren kolorea eta enpastea agertuz. Haatik, hasieratik nolabaiteko ezegonkortasuna ere sumatu zen, zeina kontzertua aurrera zihoala areagotuz joan zen, batez ere esaldien ekite eta ebazpenetan. Hala, momentu batzuetan afinazioa ez zen espero litekeen bezain doia izan. Edonola ere, errepertorio mota horren exijentzia maila eta taldea bera 2016. urtean sortu zela kontuan hartuz, antzinako musikaren ibilbidean aise aritu ahal izateko oinarria badutela agerian geratu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.