XABIER LETE ESPLIKATZEA

Xabier Letek literaturari eta musikagintzari egindako ekarpena aztertu du Alex Gurrutxaga ikerlariak bere doktore tesian, eta, horretarako, haren biografiarekin eta bilakaera historiko eta politikoarekin gurutzatu ditu poemak eta kantuak. Haren hitzetan, kontraesanak kontraesan, idazleak bere obraren osotasunari buruzko kezka zuen hasieratik.

Leteren poesiaz gainera, haren musika ere ikertu du Alex Gurrutxaga ikerlariak bere doktore tesian. BERRIA.
Inigo Astiz
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Poeta, letragilea, musikaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultur diputatua, pentsalaria, existentzialista, gaztea, Ez Dok Amairuko kidea, txalotua, berritzailea, materialista, abertzalea, soziala, kritikoa, gaixo larria, publikoa, aldarrikatua, etxekoa, ezkondua, zigortua, etsia, ahuldua, historikoa, filosofikoa, alarguna, zauritua, argitaratua eta argitaragabea, intimista, ateoa, agnostikoa zein ia-ia kristaua, klasikozalea, saritua, nostalgikoa, sakona, plagiatzailea, intelektuala, hasierakoa, erdikoa eta amaierakoa; Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944- Donostia, 2010) osorik esplikatzea izan da Alex Gurrutxaga literatur ikertzailearen doktore tesiaren erronka, eta, urteetako lanaren ostean, duela aste batzuk aurkeztu du azterketa horren emaitza, Euskal Herriko Unibertsitatean: Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat. Lau hamarkadaz, barne borroka amaigabean dagoen sortzaile baten erretratua egiten du lanak, kontraesan guztien gainetik bere obrari osotasun sendo eta koherente bat emateko ahaleginean, eta idatzi eta kantatutakoa etengabe berrirakurtzen, berrinterpretatzen eta are berridazten ere.

«Paradoxikoa da Leterekin gertatzen dena», azaldu du Gurrutxagak. «Oso autore ezaguna eta errekonozitua da; errespetu handia zaio, eta hamaika omenaldi egin zaizkio, eta, aldiz, akademian ez da asko ikertu, eta literaturaren historietan ere gutxi erreparatu zaio haren lanari. Eta kontraste horrek atentzioa ematen du». Gurrutxagaren kasuan, elkarri lotuta irakurri ditu autorearen obra, haren biografia, eta sasoian sasoiko egoera politiko eta soziala, eta, dioenez, hirurak «kointzidenteak» izaten dira gehienetan. Horregatik sailkatu du haren lana hiru fasetan: 1968tik 1978ra doa lehena, 1978tik 1990era bigarrena, eta 1990etik 2008ra azkena.

HIRU FASEAK

Gurrutxagak zehaztu duenez, idazlearen obra osoa irakurri, entzun eta aztertu ondoren heldu da sailkapena, eta, konbentzio bat dela onarturik ere, Leteren ibilbidea esplikatzeko lagungarri delakoan dago.

Frankismopean eta Ez Dok Amairu kolektiboaren babespean, olatu existentzialistak bete-betean harrapatuta, berpizte orokorrago baten parte da Lete lehen sasoian. «Oso azkar esanda, 1968tik 1978rako tarte horretan, poeta soziala zen Lete poeta, eta protesta kantaria zen Lete kantaria. Garai hartan, gainera, asko produzitu zuen, eta, 1970eko hamarkadan, haren figura erraldoia bihurtu zen Euskal Herrian. Ikaragarri saldu ziren haren garai hartako diskoak». 1936ko gerrak nabarmen zauritu zuen euskal kultura, eta modernitatera daraman mugimendu oso bateko kide zen orduan, baita berrikuntza horren ikur ere.

Baina Gurrutxagak urradura izendatu duena dator orduan: bigarren epea. Haren hitzetan, urte luzez frankismoa noiz amaituko itxaroten egon zen belaunaldiarentzat kolpe gogorra izan baitzen diktadorea hil ostean gertatutakoa. «Franco hil eta gero, ez zen demokrazia heldu. Estatutuak ez zuen Euskal Herria salbatu... Eta belaunaldi horrek belarrondoko handia hartu zuen. Eta Letek, bereziki». 1976tik aurrera, giroa nabarmen polarizatu zen, eta garai estuak izan ziren sorkuntzarentzat orokorrean, eta Leterentzat zehazki. Justu orduan utzi zuen kantagintza Letek, apartatu egin zen plaza publikotik, eta erabat etsia bilakatu zen haren poesia. «Urrats desbideratuak liburuan, 1981ean, hondoa jotako Lete bat ikusten da. Existentzialismotik iristen da nihilismora, eta ez du irteerarik ikusten. Eta hamar urtez ez du ezer egiten».

Orduan egin zen Gipuzkoako Kultur diputatu, eta orduan eritu.

1990eko hamarkadan hasi zen zulo beltz horretatik ateratzeko moduen bila. «Hil hurren egon zen, poesiarik ez zuen argitaratu, gutxi kantatu zuen... Jendearengandik urrun ibili zen, eta gogo handia zeukan plaza publikora itzultzeko. Argitaratu zituen pare bat disko, pare bat liburu, eta, gaixotasunaren ondorioz asko kostatzen zitzaion arren, saiatzen zen». Kontsolamendua bilatzea zen haren motor nagusia sasoi horretan, eta kristautasunerako itzulera saio bat ere ekarri zuen horrek. Baina, Gurrutxagaren hitzetan, oraindik bere ahotsaren bila zebilen. «Jadanik ez zion balio gaztaroko ahots poetiko oihukari horrek; jadanik Gabriel Arestik ez zion balio, behar baitzuen zerbait nobleagoa, klasikoagoa. Eta hirugarren fase hori burutzen da 2008an, azken liburuarekin, Egunsentiaren esku izoztuak-ekin. Despedida moduko bat egiten du. Itxaropen moduko bat ikusten da hor. Bere lagunek esaten dute ez zela inoiz iritsi benetan fededun petoa izatera, baina, behintzat, itxaropen horri eutsi zion azken fase horretan. Eta, nire ustez, azken poema liburu horretan iristen da gorenera haren azken faseko poetika».

Baina ez da Lete bakarrik. Gurrutxagak tesian iradokitzen duenez, badago hiru faseko ibilbide hau beste hainbat sortzaileri aplikatzerik ere. Hori da, adibidez, Joxan Artzeren kasua ere, esperimentalismoan hasi eta espiritualtasunean bukatzen baitu: abangoardia lehenik, zuloa gero, eta federako itzulera azkenik. «Ulertu behar da belaunaldi hartako sortzaileen mundu ikuskerak zer-nolako kolpea hartu zuen. Nola gelditzen diren euskarririk gabe, ikono izatetik erorita eta filosofikoki ere helduleku askorik gabe. Eta kointzidentzia bat baino gehiago dago belaunaldi horretako kideek 90eko hamarkadan sortzen dituzten ildo estetikoen artean. Nahi diote erantzun lehenago bizi izandako krisi eta kolpe horri».

ETA KRITIKATZEA

Leteren kasuan, bada beste mugarri garrantzitsu bat, Gurrutxagaren ustez; izan ere, 1980. urtean 33en manifestua izenekoa sinatu zuen, ETAren indarkeria salatuz, beste 32 euskal kulturgile, artista eta eragilerekin batera, eta horrek kostu handia izan zuen haren ibilbidean. «Oso goiztiarra izan zen testu hura, eta sinatzaileak ere ez ziren asko, baina ausardia handia izan zuten, batez ere, Lete bezala, haietako batzuk mundu abertzalearen erdigunetik ari zirelako; ez zen ari Madrilgo ez dakit zer gunetatik. Ez zitzaion ari arrotzari; ari zitzaion anaiari, lagunei, familiakoei: etxean ari zen. Lete oso gurea da ari denean esaten Euskal Herria asko maite duela, baina gurea da baita ere esaten duenean horrela ezin duela maite. Ari da guretik eta guri. Eta horregatik zen mingarria».

Presioak eta boikot eskariak ere jaso zituen.

Orain arte merezi baino garrantzi gutxiago eman zaie pasarte horiei, Gurrutxagaren ustez. «Kasu handia egin zaio Leteren elementu biografiko bati, eta gogoan hartu da ibilbide politikoa hasia zuenean, 80ko hamarkadaren erdian, gaixotu egin zela, eta hamarkada bukaeran hil hurren egon zela, eta pentsatu izan da horrek markatu zuela krisiaren hasiera. Eta uste dut hor egon dela irakurketa oker bat, belaunaldi horren krisia lehenagotik baitator, eta Leterena ere bai. Trantsizio deitutakoarekin etsipen handia bizi izan zuten, eta, frankismoaren biolentziatik atera, eta, batzuek, dagoeneko hor ez zebiltzanek, goizetik gauera lur hartzen dute ETAren biolentziaren testuinguruan».

KONTRAESANAK

Eta berriz aipatu du osotasunaren ideia Gurrutxagak. «Bitxia izan daiteke horrela esanda, baina kontraesanez betetako izaera aldakor horretan ere badago osotasun bat Leterengan». Dioenez, 1968an lehen lana argitaratu zuenetik, Letek izan zuen proposamen sendo, oso eta koherente bat eskaintzeko kezka, eta Egunetik egunera orduen gurpilean izeneko lehen liburu haren lehen-lehen testuan bertan igar daiteke hori. «Liburu hontako poemak eta bertsoak, luzea behar duela iruditzen zaitan poesi ikaskintza zaill eta kementsu baten lehen pausoak dira».

Baina, hain zuzen ere, bidearen luzera horrek berak darama idazlea lau hamarkadako ibilbidean hasierako existentzialismotik azken urteetako espiritualtasunera, eta, horregatik, tarteka, kontortsionismo ariketa intelektualak egitera darama idazlea osotasun koherente bat topatzeko gogoak. Izarren hautsa abesti ezaguna jartzen du Gurrutxagak horren adibidetzat.

1970eko hamarkadan sortu zuen idazleak, eta lehen lerrotik da nabarmena haren eduki existentzialista eta materialista, zeina bat baitator garai hartako Leteren ikuspegiarekin. Baina, ikuspegia aldatuz joan ahala, eta espiritualtasunerantz gerturatuz doan heinean, idazleari orduan eta deserosoago zaio gaztaroko testu hura, eta ezin harekin erabat baketu. 1991n zenbait kontzertutan abestiaren aurretik emandako azalpenak jarri ditu horren frogatzat Gurrutxagak, eta kasik oin puntetan ikus daiteke Lete hasierako jarrera materialista haien oinarria erabat abandonatu gabe, besoa ahal bezainbeste gorantz luzatu nahian, existentzialismo lurtar hartatik jainkoaren ideiaraino iristeko ahaleginean. 70eko hamarkadako Leterekin borrokan igar daiteke 90eko Lete, baita haren azalpenetan ere: «Materialista izaten segitzen dut, eta uste dut hori kontziliatu daitekeela, edo uztartu daitekeela, nahi baldin bada, sinesmen edo fede batekin».

Gurrutxagaren hitzetan, osotasun eta koherentzia gogo horregatik zuen Letek bere abestiak eta poemak esplikatzeko halako beharra, eta arrazoi horregatik beragatik zebilen etengabe bere lanak berridazten. «Badauzkagu bi, hiru eta lau bertsio diferente dituzten abestiak», azaldu du. Eta Izarren hautsa da horietan enblematikoena. Ateratzen da 70eko hamarkadan, beste bertsio bat dauka 90eko hamarkadan, eta beste bat 2006an. Eta garai bakoitzean Letek aldaketak egiten dizkio testuari. Baketzeko. Gurrutxaga: «Interesgarria dena da Lete testua aldatzen ikusten dugunean, hor ikusten dugula poeta bere pentsamenduan lanean, eta hor azaltzen da mundu oso-oso aberats bat».

PLAGIOAK

Ordura arte zurrumurru zena 2017an egin zuen publiko Koldo Izagirre idazleak: 1990eko hamarkadaren bueltan, Letek dozena bat poematik gora plagiatu zizkien Rainer Maria Rilkeri eta Carles Ribari. Elkar argitaletxearentzat poetaren testuekin prestatutako antologiaren hitzostean egin zuen aipamena Izagirrek, eta azkar zabaldu zen albistea. Kritikak ere jaso zituen Izagirrek plagioak aipatzeagatik, eta hark erabilitako tonu gordina gaitzetsi zuten hainbatek, baina, hainbat urteren ostean, orduan azaldu zen lehenengoz plagioen gaia plazara.

Eta Gurrutxagak ere baieztatu du datua tesian. Gehiago ere topatu ditu, gainera. Hitzez hitz: «Moldaketek osatzen dute Zentzu antzaldatuen poemategia-ren %39; alegia, poemen herenak baino pixka bat gehiago».

Plagioa. Baietz dio Gurrutxagak, baina beste pare bat hitzen laguntzaz darabil tesian hitza: «moldaketa» eta «itzulpena» hitzek lagunduta, zehazki. Azaldu du zergatik. «Ikerlariari ezin zaio epaiketa interesatu. Ongi egin zuen edo gaizki egin ote zuen esatea ez dagokio hari; irakurleak erabakiko du hori. Behin harenak ez diren poemak identifikatuta, ikertu dudana da nola ekartzen dituen bere obrara».

Esanguratsua da data ere kontuan hartzea, Gurrutxagaren ustez. 1991n eta 1992an egin baitzituen plagio horiek idazleak. «Ahots poetikoaren bilaketa betean dagoenean», azaldu du. «Argitara etorri nahi du, eta ez da kasualitatea bere poeta erreferenteak Rilke eta Riba izatea. Poesia mota bat bilatzen duelako. Eta hori da bere obran integratzen duena. Ikusten dena da originaltasunaren gainetik jartzen duela Letek bere ahotsaren bilaketa». Gurrutxagak dioenez, Letek ez ditu poemak hartzen onak direlako, baizik eta esaten dutelako zerbait berak esan nahi lukeena, baina nola esan ez dakiena. Edo bestela esanda: Letek bere poema bilatzen du Rilkerenaren barnean.

«Ahots poetiko hori zen bilatzen zuena, eta tonu hori, estilo hori gelditu egiten zaio». Gurrutxagaren ustez, bihurgune bat hartzen ari den poeta bat da plagio horietan ikusten dena. «Nire ustez, plagioak dauzkaten Zentzu antzaldatuen poemategia eta Biziaren ikurrak liburuak dira, nolabait, 2008an argitaratutako Egunsentiaren esku izoztuak izango denaren tailer moduko bat. Hor ikusten da Lete bere ahotsaren bila. Esaterako, 1991. urtean, urte bakarrean, Rilkeren poema baten hiru bertsio argitaratu zituen. Poema ez da harena, baina bilaketan ari den poeta bat ikusten dugu».

Beraz, plagioak dira edo ez dira? Baietz, Gurrutxagak. Baina ikerketa interesatzen zaiola berari, ez gaitzespena. «Ez dakit zergatik plagiatu zuen», onartu du, «baina kontuan hartu behar da poema horiek argitaratu baino pare bat urte lehenago Lete kasik hil egin zela, oso gaixo egon zela ordutik aurrera, dozenatik gora operazio kirurgiko egin zizkiotela, eta urgentzia handia zeukala bere ahotsa topatzeko eta argitasuna bilatzeko, eta edozeri heltzeko prest egon zitekeen orduan plaza publikora bueltatzeko, idaztera bueltatzeko, bizitzara bueltatzeko. Eta ez da harritzekoa, horregatik, liburu horiek izatea bizitzari egindako kantuak. Argiz betetako poemak dira».

ARTXIBOKO PAPERAK

Hainbat hilabete eman ditu Gurrutxagak Leteren eta haren emazte Lourdes Iriondoren liburutegiko liburuak eta eskuizkribuak aztertzen, sailkatzen eta ordenatzen. 2013an lehenik, 3.000 liburu inguru, 265 disko, eta haien orrietan hartutako ohar bakoitza aztertu zituen, eta 2016an izan zuen aukera Leteren eskuizkribuen gunera sartzeko. Lehen katalogatze eta deskribapen lanak egin zituenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak funtsa erosi zion ordura arte haien jabe izan zenari, eta haren esku dira geroztik. Mendi bete informazio. Koadernoak, oharrez eta zuzenketaz betetako orriak, paper solteak, eta are komuneko paperean tinta gorriz idatzitako poema bat ere, Thomas Berhard idazlearen Tala liburuko orrien artean ezkutatuta.

Detaile bat. Anekdota bat. Umore ukitu bat, nahi bada. Baina baita idazlearen sorkuntza prozesuaren berri ematen duen dokumentu bat ere. Zalantzarik txikiena ere erakutsi gabe baitoa poetaren eskua paperean, hizkuntza ezin zainduagoan eta zuzen. «Antzinako lur ezaguna/ harrera isilean adeitsu/ hor makalak zut/ udazkenean margo bizi/ erretenen itzalgai/ eta mendiruntz arteak/ malkarrei itsasiak ilun/...». Lehen kolpetik dabil. Okerrik gabe. Garden.

«Harrigarria da dokumentu hori», onartu du Gurrutxagak ere. «Eta hori posible da, hain zuzen ere, tonu poetiko horretara ari zelako iristen. Urteak eta urteak eman zituen tonu horren bila, eta, azkenean, ikusten da nola sartu zitzaion: kondentsazio handia dago hor».

Letek argitaratu gabe utzitako beste liburu bat egon ote daitekeen izan da urte luzez Leteren ondareari buruz hedatu samar egon diren zurrumurruetako bat. Eta, kasu honetan, Joxeanjel Irigarai idazle, Ez Dok Amairu taldeko kide ohi eta Pamiela argitaletxeko kidea izan zen esamesa zena publiko egin zuena, 2017an, Izagirrek prestatutako antologiaren aurkezpen ekitaldian hori ere. Hitzez hitz: «Gaur egun, ez Gipuzkoako Aldundiak, ez Koldo Mitxelenakoek, ez guk ez dakigu lan argitaragabe hori Koldo Mitxelenan dagoen ala ez. Eta hark publikatu egin nahi zuen. Izenburua ere jarria zion: Herbestea».

Haren arrastorik ez dator, ordea, Gurrutxagaren tesian. Aipatzen ditu poema argitaragabeak, ematen du komuneko paperean topatutako poema horren sasoi bertsuan Esan (Nafarroa) egindako egonaldi batean tinta gorriz idatzitako hogei orriren bueltako gogoeta koaderno baten berri, eta bildu ditu bestelako hamaika ohar eta gogoeta solte ere, baina liburu osorik ez.

Baina, hain zuzen ere, oraindik guztiz ikertu gabeko artxibo gordin horretan ikusten du etorkizuneko ikerketatarako bidea Gurrutxagak. «Aberastasun handia dago hor, eta azterketa hori oraindik hasmentan dago». Hor erronka. Leteren funts horietan ere, bere ahotsaren bila etengabeko barne borrokan dabilen poeta bat ikus baitaiteke. Leteren bila dabilen Lete bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.