Donostiako 69. Zinemaldia

Kinki zinema estilizatua

Daniel Monzonen 'Las leyes de la frontera' lehiaz kanpoko filmak itxi du Sail Ofiziala

Las leyes de la frontera filmeko lantaldea, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA/EFE.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Western moduko batek itxi du Donostiako 69. Zinemaldiko programazioa, Daniel Monzon zuzendari mallorcarraren definizioari kasu egitera: «western kinki» batek, zehazki. Antolatzaileek Las leyes de la frontera filma (Mugako arauak) hautatu baitute aurtengo Sail Ofiziala ixteko. Lehiaz kanpo eman dute lana.

Javier Cercas idazlearen izen bereko liburua du oinarri filmak, eta 1980ko hamarkadan Espainian bogan izan zen kinki zinemari egindako keinuz beteta dago lana. Auzo txiroetan hazitako gaizkileei eskainitako hainbat film egin ziren sasoi hartan, eta haiei buruz sortutako pelikulak biltzeko sortu zuten etiketa. Monzonek onartu duenez, film haien «freskura» berreskuratzen saiatu da bera. Haiengandik urruntzeko beharra ere sentitu du, ordea. «Kinkiak hilda daude; tiroz jota erori ziren, edo besoan xiringa zutela; beste zerbait proposatzen dut nik: generoaren superbitaminatze eta estilizatze bat».

1978ko Katalunian kokatu du lana horretarako, Gironan konkretuki, eta Nacho Cañas du protagonista; 17 urteko ikasle bat. Txinatar auzoan ibiltzen diren Zarco eta Tere izeneko gaizkileak ezagutu, maitasun hiruki batean sartu, eta lapurretarik lapurreta hasiko da.

Emakumezkorik gabe

Marcos Ruiz aktoreak jokatzen du ikaslearen rola, eta Chechu Salgado eta Begoña Vargas dira Zarco eta Tere, hurrenez hurren. Eta, hain zuzen ere, haien lana da filmaren muinetako bat.

Pandemiak eten zuen filmaketa, eta aktoreei buruan zerabiltzan film eta liburuen erreferentziak bidaltzeko baliatu zuen etena zuzendariak. Hutsune argia igarri zuen lan haietan guztietan Vargas aktoreak, ordea. «Ez zegoen emakumezkorik».

Aurrez, besteak beste, El niño eta Celda 211 filmak zuzendu ditu Monzonek, eta zuzendaririk onenaren Goya saria jaso zuen, gainera, azken horri esker.

Urriaren 8an estreinatuko dute haren azken lana zinema areto komertzialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.