Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Ivan Fischer. Budapest Festival Orchestrako zuzendaria

«Eskola utzi nahi ez duen ikasle bat naiz»

Munduko orkestrarik onenetakoaren sortzaile eta zuzendaria da Ivan Fischer. Musika munduaren farfaila ez du gustuko; musika bera soilik. Etengabe «ikasten» ari dela azaldu du, irakasten duen bitartean.

BERRIA.
Maider Galardi F. Agirre, Ane Eslava
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan Donostiako Hamabostaldian sarrien egon dena da Budapest Festival Orchestra (BFO). 2009, 2011 eta 2014an izan zen, baina bereziki garrantzitsua izan zen 2016. urtea, jaialdiko «orkestra egoiliarra» izendatu baitzuten. Aurten, bi kontzertu emango dituzte, eta Ivan Fischer zuzendari hungariar karismatikoak (Budapest, 1951) zuzenduko du orkestra. Lehen kontzertua bihar emango dute, eta etzi bigarrena; biak Kursaaleko Auditoriumean (20:00etan). Fischerrek eta Zoltan Kocsisek osatu zuten BFO, 1983an, Hungariako interprete gazte onenei irtenbide bat eskaintzeko helburuarekin.

Ezerezetik sortu zenuen Budapest Festival Orquestra. Ondoren Hungariara itzuli zinen proiektu honetarako, eta jada 35 urte pasatu dira ordutik. Orain BFO erakunde iraunkorra da. Zer sentitzen duzu bilakaera hori ikusita?

Orkestrak beti izan du espiritu zoragarria eta musika kalitate handia. Asko pozten nau ikusteak hori aitortuz joan direla pixkanaka; lehenbizi musika adituek, eta ondoren jendarteak. Orain, mundu osoan ospatzen dute BFO, eta zaila da pentsatzea inoiz nire amets pertsonala izan zela.

Esan ohi da BFOk ideia «ez-ortodoxoak» txertatu dituela musika klasikoan. Nola izan daitezke bateragarriak antzinako musika eta musika klasikoa jotzeko modu berriak?

Musikak beti mantentzen du berritasuna: mendeen ostean jendeak Bachen eta Mozarten musika maite du. Baina kontzertuen formak aldatzen dira belaunaldi bakoitzean. Audientzia berriak behar du kontzertu mota bat zeinarekin eroso sentituko den. Hori horrela da bereziki belaunaldi gazteekin.

Behin esan zenuen: «Lanbide honen zati txiki bat baino ez dut gustuko: musika. Gainontzeko guztiarekin ez naiz gustura sentitzen». Zuzendari izatearen zein alde atsegin duzu, eta zein ez?

Entseguak atsegin ditut, musikari lotutako gauza berriak bilatzeko balio dutelako, eta bilaketa kolektibo hori taldean egitea oso atsegina delako. Kontzertuak ere gustuko ditut, bereziki aretoaren soinua ona denean eta musikak ongi funtzionatzen duenean. Gozatzen ez ditudan gauzen artean daude, batik bat, hoteletako logelak, aireportuak, bilerak, elkarrizketak, argazki saioak eta zuzendarien bizitzarekin lotuta dagoen guztia.

Hala ere, mundu osoan zehar lan egin duzu, oso orkestra garrantzitsuekin, eta zuzendaririk onenetarikotzat jotzen zaituzte. Nola sentitzen zara horrekin eta zure ibilbidearekin?

Zuzendari lana ez zait inoiz interesatu: lan estrabagante batetik beste batera igarotzeak ez nau motibatzen. Nire garapen nagusia musikari lotutako aurkikuntzak izan dira: adibidez, sentitzen dut konposizio batzuekin gauza berri asko aurkitu ditudala azken urteetan, eta uste dut alde horretatik nire bizitzak aurrera egin duela. Bestalde, berriki gauza asko ikasi ditut musikariengandik emaitzarik onenak lortzeko. Laburbilduz, ni eskola utzi nahi ez duen ikasle bat naiz.

Bestalde, konpositorea zara, eta pianoa, biolina eta txeloa jotzen dituzu. Zure konposizioak mundu osoan jotzen dituzte. Nola sentitzen zara erosoago, musika klasikoko piezak jotzen edo zuk zeuk sortutakoekin?

Ezberdintasun handia dago hor: beste norbaiten musika interpretatzea da aktore batek paper bat interpretatzea bezala. Lan horren helburua da bilatzea konpositoreak buruan zuena. Aldiz, nire lanak interpretatzen dituztenean oso zaurgarri eta ikusgai sentitzen naiz. Neure musika da, eta ezin dut neure burua ezkutatu.

Donostiara etorri zara, bi aretotan jotzera. Lehenbiziko egunean hiru pieza zuzenduko dituzu, bat Franz Listena, bestea Johanes Brahmsena eta azkenekoa Pablo Sarasaterena. Hirugarrena konpositore euskalduna da. Toki bakoitzean tokiko piezak jotzea gustuko duzu?

Lehenbiziko programa honek gai bat dauka: musika ijitoaren eta klasikoaren arteko lotura. Sarasateren lana musikari ijitoen interpretazio estiloaz beteta zegoen, eta Brahmsek eta Lisztek ere sartu zuten estilo hori haien obretan. Beraz, musika ijitoa maitatu zuten, eta horretan inspiratu ziren hiru konpositore aurkeztuko ditut.

Bigarren egunean, berriz, Austriako musikaririk onenak txalotuko dituzu: Mozart eta Mahler. Haiekiko lotura berezia al duzu?

Beti egiten ditut niri gustatzen zaizkidan lanak, eta Mozart eta Mahler dira nigandik gertuen dauden musikarietako bi.

Zure bi kontzertuak «Mitoak eta tradizioak» programaren barruan daude; haatik, musika jotzeko forma berriak probatzea gustuko duzu. Donostiako aretoetan berritasunik egongo da?

Egia esanda, ez dakit. Inoiz ez dut pentsatzen zerbait berritzailea egitea. Behintzat, ez da hori helburua; pentsatzen dudan gauza bakarra da musika interpretatu behar dudala ahal dudan hobekien. Eta, batzuetan, berritzailea gertatzen da.

Musika zuzendariaren lana ulertzeko modu berezia duzu. Zein uste duzu dela modurik egokiena musika klasikoa belaunaldi berriei transmititzeko?

Nire ustez, gazteei musika klasikoa gustatzen zaie nagusiei bezainbeste. Baina horretaz konturatzeko entzun egin behar dute, noski. Belaunaldi berriei aukerak eskaintzea da gure lana, batik bat haiek eroso sentiaraziko dituzten kontzertu ereduak.

Esango zenuke musika mota hori osasuntsu dagoela?

Musika klasikoa oso arrakastatsua da. Schubertek bere abestiak lehen aldiz interpretatu zituenean, agian 30 edo 40 pertsonak entzungo zituzten. Orain, berriz, milioika pertsonek maite dituzte Schuberten abestiak. Hori zoragarria iruditzen zait.

Zerbait gehiago...

Oso pozik gaude Donostiara itzultzeagatik. Gure jaialdirik gustukoenen artean daude. Orkestrarentzat eta niretzat lagunartera itzultzea da; munduko gure tokirik gogokoenetako batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.