Dani Fano. Komikigilea

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Gorka Arrese.
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bost komiki libururen egilea da Dani Fano, batzuetan marrazkilaria eta besteetan gidoilaria: TeleAtoi, kalabaza haluzinogenoak (2010), Anubis 3.0 (2012), Kortsarioen ostatua (2015), Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (2018) eta Sasi artean Elgeta (2021). Xabiroi komiki aldizkaria plazaratzeaz arduratzen denez, Euskal Herriko komikigile onenak ezagutzen ditu.

Zenbat komikigilerekin lanean ari zara orain?

Xabiroi aldizkarian Euskal Herriko egileekin bakarrik lan egiten dugu. Irizpide irmoa eta aldaezina da hori. Aldizkaria 2005ean abiatu zenetik, esango nuke 80 inguru egile izan direla. Une honetan dozena bat izango dira finkoak; eta horiek, beren serieak bukatutakoan, aldatu egingo dira. Asmoa da ahalik gehien zabaltzea eta hemengo egileen erakusleihoa izatea.

Marrazkilariez gainera, margolariak ere badira.

Garai batean AEBetan bereizten ziren gidoilariak, elkarrizketen idazleak, marrazkilariak, tindatzaileak, margolariak. Gurean bi dira ohiko lan moduak: marrazkilari bat eta gidoilari bat, edo bestela osorik bakarka egitea. Kasu gutxi batzuetan hirugarren lagun bat izaten da: margolaria. Hori berezia da, eta hondamendi ekonomikoa ere ekar lezake. Orri batek lansari finko bat izaten du, eta hori partekatu beharra daukate egileek.

Nor ari dira orain Xabiroi egiten?

Zintak egiten dauzkagu Manu Ortega, Exprai [Joseba Beramendi], Asisko Urmeneta eta Aritz Irigoien. Auzomorro pertsonaiak lantzen Sanvi [Alex San Vicente] ari da; eta Arranotxu pertsonaiarekin, ZaldiEroa [Patxi Huarte]. Bestalde, serieak daude. Haur Besoetakoa Sanvik eta Unai Iturriagak egiten dute. Surflaria egiten ari dira Susanna Martin eta Uxue Alberdi. Eta abenduan hasiko dute sail berria Julen Ribasek eta Iban Zalduak.

Egia al da lan askorekin dabiltzala komikilariak?

Bai, zorionez! Eta orain arte ez da hala izan. Ilustratzaileek lana bazuten aldika, han eta hemen, baina ez zen komiki arlokoa. Publizitaterako margotzea edo material didaktikoa ilustratzea izaten zen egiteko nagusia. Azkenaldian, ordea, komikigileek maiztasun handi batekin dihardute komikian. Horrek esan nahi du zenbait egitura eta baliabide sortu direla.

Non dihardute?

Duela hamar urte modu profesionalean jarraikitasun batekin komikia egiten zuen jende gehiena kanporako lanean ari zen; bereziki, merkatu frankofonoan. Baina Euskal Herrian gero eta aukera gehiago sortu direnez, orain agian erdi eta erdi gabiltza. Lauzpabostek jarduten dute AEBetako merkaturako ere.

Handitzen ari da zuen itzala.

Zalantzarik gabe esango dizut: paparra erakusteko moduan dago Euskal Herriko komikigintza. Burua tente eramateko giharra dugu.

Xabiroi aldizkariak zein paper jokatu du hamabost urte hauetan?

Edozein loralditarako egitura egonkorrak behar dira. Ekintza puntualak inoiz ez dira nahikoa. Xabiroi-k hori eman du, jarraikitasun batekin egile batzuek lan egiteko aukera. Eta zabalkundea, noski, Ikastolen Elkarteari esker.

Xabiroi sortu zenean, basamortua zen hau. Denok sakabanaturik geunden, batzuk atzerriko argitaletxeentzat lan egiten, eta abar. Kontuak aldatu dira apurka. Aldizkari bat, argitaletxeak, komiki proiektuak aurrera ateratzeko diru laguntza txiki batzuk... Halako baliabideak behar ziren, eta azkar aurreratu dugu.

Bi liburu atera dituzue aurten.

Arranotxu eta Sasi artean Elgeta. Lehen aldia izan da. Liburu bat baino gehiago ateratzea zaila da guretzat. Guk asko mimatu behar dugu liburua. Gure konpromisoa da, aldizkarian atalka argitaratu izan den istorio bat urtean behin albumera eramatea, ondo zainduta. Datorren urtean Haur Besoetakoa saileko hirugarren liburua egingo dugu.

Zein leku dauka euskarazko komikiak azoketan?

Gero eta presentzia handiagoa dugu, adibidez, Getxoko Azokan. Gero eta egile gehiago eramaten dugu lan txandak egitera eta liburuak sinatzera. Txoko txiki batean hasi ginen, eta egun, Astiberri argitaletxearekin batera, gu gara egile gehien eramaten duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.