Bertso bidea, Principaleraino

Hemezortzi bertsolari ariko dira Arabako Bertsolari Txapelketan, hurrengo larunbatean hasita

Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten kideak, atzo, Lazarraga jauregian, Zalduondon. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Zalduondo
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bidean jarri ditu begiak 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketak. Herrialdeko bertsogintzak 1982. urtetik egindako urratsetan. Lehen bertso eskolak martxan jarri zituztenetik egindako lanean. Ahalbidetutako zubietan eta erdietsitako lorpenetan, bertsolaritzan zein euskalgintzan. Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak nabarmendu zuen orain arte egindako bide horren balioa, atzo, Zalduondon (Araba). Halaber, Arabako bertso bideak etorkizun gertuan duen mugarria aurkeztu zuen: Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, Principal antzokian, martxoaren 30ean.

Zalduondon, Lazarraga jauregian bildu ziren aurtengo txapelketan parte hartuko duten bertsolariak, gai jartzaileak eta epaileak. Bernardo Atxaga idazlea ere, herriko bizilaguna, aurkezpenean izan zen. Oihane Perea 2017ko txapeldunak hartu zuen hitza, eta herrialdeko bertsogintzaren bidea irudikatu zuen. «Seinaleak ikustea zail da batzuetan, sastrakaz betetako bidezidorretan. Baina arriskua eta aukera maite izan ditugu beti». Gogora ekarri zituen hastapen gogorrak, baita izandako goraldia ere. Horren harira, txapelketak izan dituen formula ezberdinak gogorarazi zituen, 2009tik aurrera bi urtean behin egiten hasi ziren arte. «Arabar bertso bidea, desberdina baina gurea».

Bost finalista eta bost debut

Bada, Principalerako bertso bidea hemezortzi bertsolarik hasiko dute, datorren larunbatetik aurrera. Duela bi urteko sei finalistek eskubidea zuten aurtengo azken fasean egoteko, baina horietatik bost baino ez dira taula gainean izango; Asier Otamendik ez du izena eman. Parte hartuko duten bost horien artean daude 2009tik txapela txandaka jantzi duten bi bertsolariak: Oihane Perea egungo txapelduna eta Manex Agirre. Datorren asteburutik aurrera lehiatuko diren beste hamahiru bertsolariek kanporaketetan eskuratu dute azken fasean izateko eskubidea. Beste hamahiruk ezin izan dute aurrera egin.

Azken fasean egongo diren bertsolarietatik zazpik ez zuten parte hartu 2017ko txapelketan. Are, hemezortzi kideetatik bostek lehen aldia dute txapelketaren azken fasean. Horietako bat da azken faseko bertsolaririk gazteena: Aitor Ugarte, 17 urterekin. Rikardo Gonzalez de Duranak du eskarmenturik handiena: 60 urte ditu, baita 1990eko txapelketetan jantzitako bi txapel ere.

Oier Suarezek aurtengo txapelketaren hiru helburuak hiru ardatzetan bildu zituen: batetik, Arabako bertsolaritzaren erakusleiho izatea, eta mugimendua trinkotzea eta indartzea; bestetik, bertsolariei beren mugak gainditzeko aukera ematea, baita txapelketako eragile guztien arteko elkarlana sustatzea ere; eta, azkenik, «ekosistema kulturala aberastea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.