Jesus Rodriguez.
Katalunia. Polizia operazioa. IRITZIA

Inora ez daraman bidea

2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zenbat eta okerrago, orduan eta hobe. Badirudi hori dela Mariano Rajoyren eta haren beso judizial fintzailearen errezeta independentismoari dagokionez. Alderdi Popularrak galdutzat eman du Katalunia, eta orain arreta bakarra jarria du Ciudadanosi botere lehia irabazten, «gu fatxagoak gara» oihukatuz. Jokoan daude Madrilgo Erkidegoa eta, aurki, Moncloako jauregia. Apustu errepresibo harroxko horren lekuko izan gara Viladecanseko kaleetan. Guardia Zibileko agenteak metrailetak eskuetan sartu dira Tamararen etxean; preso politikoekin eta erbesteratuekin solidarioa den bizilagun bat da, eta audio mezu batean zehaztu zuena herrialdea geldiarazteko gogoa, munduari helarazteko Kataluniako gizartearen erresistentzia mezua: Bartzelonako portua blokeatzea Txinan ere ohartu zitezen. Bozkatu nahi izan zutelako borra kolpeak jaso ondoren CDR errepublikaren defentsarako batzordeekin bat egin zuten milaka bizilagun horietako bat da, erakunde informal bezain solido horretara batu zena, Kataluniako edozein udalerritako okina, kale garbitzailea eta autobus gidaria emozionalki elkartzen dituen xingola horia bezain erreala den erakundea. CDR edonor da, eta ez da inor; CDR ezin da legez kanporatu, gizartea ezin da legez kanporatu. Protestari beldurra izatea inposatu nahi duten epaileek, guardia zibilek eta fiskalek etsipenezko etorkizun bat dute zain. Igerileku bat lehortzeko trapu bat erabiltzea bezala da. Oso zaila izango da haientzat.

Eta deriba autoritario hori guztia Europaren begien aurrean ari dira egiten. Europako Batasuneko estatuen klubak atsegin handiz nahiko luke ez ikusiarena egin Katalunian gertatzen denarekin, baina han dena ez dago Espainian bezain ongi lotuta. Alemanian edo Belgikan demokrazia kapitalistak eraiki zituztenak ez ziren izan 1930eko hamarkadako totalismoaren kumeak, Francoren eta Juan Carlos I.aren artean gertatu ez bezala trantsizio esan zaion horretan —oker esan zaion horretan—. Frantzian milaka monumentu daude La Resistance-ri eskainita. Urriaren 1ean hautetsontziak jo zituzten borren irudiek arrasto sakon bat utzi zuten europarren erretinetan, eta Puigdemonten, Serreten, Ponsatiren, Puigen, Cominen, Gabrielen eta Roviraren erbesteko bidaldiak egunez egun indartzen ditu demokraziaren barruan eta kanpoan kontzeptuak kontinenteko errotatiba nagusien orrietan. Jada ez dira disimuluarekin ibiltzen. Francori eginiko erreferentziak edo Turkiarekin egindako konparazioak behin baino gehiagotan agertu dira The Guardian-en edo Der Spiegel-en zutabeetan. Rajoyren eta haren marka laranjaren nazioarteko porrota zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da Llarenaren, Lamelaren eta beste sasilegelarien tentazioa lurralde nazionalean erreprimitzeko eta behartzeko.

Epe motzean paradoxa bat gerta liteke: Puigdemontek eta kontseilariek mugitzeko zenbat eta askatasun handiagoa izan, Katalunian errepresaliatu politikoen kopurua are handiagoa izatea, Auzitegi Nazionalaren eta Terrorismoaren aurkako Legearen makineria makabroa CDR-ren aurka martxan jarri ondoren. Baina inteligentziari egindako iraina eta aberrazio juridikoa hain dira handiak, Roberto Manrique ACVOT Erakunde Terroristen Biktimen Elkarte Katalaneko bozeramaileak ere «astakeria» esan baitio zirkulazio mozketak Rambletakoaren antzeko atentatuekin konparatzeari. Asko dira independentziaren aurka egon eta gehiegikeria horiengatik lotsa sentitzen dutenak, eta bandera hori-gorriak pixkanaka desagertuz doaz metropolietako balkoietatik. Iraunkortasuna. Jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.