Euskara oinarri eta xede

Eragileek ebaluazio tresna independenteak nahi dituzte ikasleen euskara maila neurtzeko. Eskatu dute euskara izan dadila ikas- eta irakas-hizkuntza

Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskarazko eredu orokor eta inklusiboa. Horixe da Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntza eragile eta sindikatu nagusiek Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legerako egin duten eskaera nagusia. Artikuluka xehe azaldu dute proposamena:

EREDU BAKARRA

Hizkuntza ereduei dagokienez, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroak hezkuntza sistema eleaniztuna aipatzen du, euskara ardatz hartuta. Hezkuntza eragileek, berriz, proposatu dute hizkuntza eredu orokor eta inklusibo bat ezartzea eta ikasleak ez banatzea hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera. Gainera, jaso dute hezkuntza sisteman euskara, «Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza», izango dela irakasteko eta ikasteko hizkuntza normalizatua, baita jardueretan erabilera «normal eta orokorreko» hizkuntza ere. Xedea izango da ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzerako «berezko hizkuntzaren» eta beste hizkuntza ofizialaren «ezagutza egokia» edukitzea, baita euskararen erabilera bultzatzea ere. Halaber, jasota dagoenez, hezkuntza sistemaren eginkizuna izango da derrigorrezko hezkuntza amaitzerako ikasle guztiek «berezko hizkuntzan» eta beste hizkuntza ofizialean ahoz eta idatziz «erabiltzaile aurreratuaren gaitasunak» edukitzea gutxienez. Eta administrazioak eragin beharko du: «Hori lortze aldera, botere publikoek euren eskumena eta ahalmenak baliatu beharko dituzte».

HIZKUNTZA PROIEKTUAK

Aurreproiektuaren arabera, diru publikoz diruztatutako ikastetxe guztiek hizkuntza proiektua ondu beharko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerako ikasle guztiek euskaraz eta gazteleraz gutxienez B2 maila eta ingelesez B1a izateko. Hezkuntza eragileak eta Euskalgintzaren Kontseilua ados daude eskakizun horiekin, baina xehetasun gehiago jaso dituzte proposamenean. Haien irudiko, hizkuntza proiektuetan jasota egon beharko du euskara izango dela ikasteko eta irakasteko hizkuntza. Printzipio honek nagusitu beharko du: euskara gutxien duenari euskara gehiago ematea. Eta hizkuntza ofizialetakoren bat edo biak jakin gabe eskolaratzen direnei «arreta berezia» eskaini beharko die sistemak.

Hizkuntza proiektua egiteaz gain, hura ebaluatu beharra dagoela iruditzen zaie. Epe bat jarri dute: bost urtez behin aztertu beharko dute, eta ikasleen hizkuntza errendimendua neurtu. Erantsi dute: «Hala badagokio, egokitu egingo da, hizkuntza helburuak eskuratzea bermatzeko». Eta euskarari ordu nahikoa eskaini beharko dizkiote: «Erregelamenduz ezarriko da euskararen irakaskuntzari ordu nahikoa ezarri ote zaizkion aztertzeko aldian aldiko prozedura». Azaldu dute hizkuntza gaitasunak bermatu ezean derrigorrezkoa izango dela proiektua aldatzea: «Hizkuntza proiektua egokitu ezean, ez da programa kontratua sinatzerik izango». Jaurlaritzaren aurreproiektuak ere badu ebaluazioa hizpide. Hartan, ordea, irakasleen gain uzten du ikasleek B2 maila lortzen ote duten aztertzea. Atzoko proposamenean, baina, Eusko Jaurlaritzak ebaluazio tresna independenteak ezartzea hobetsi dute.

CURRICULUMA

Curriculumaz hauxe dio proposamenak: «Curriculumaz ari garelarik, euskal curriculumaz ari garela ulertuko da». Curriculumak, beraz, «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala» jaso beharko ditu. Horretarako, besteak beste, curriculum eredu horrekin bat datozen ikasmaterialak eta ikasteko baliabideak garatu eta horien erabilera arautu beharko dute. Finean, helburua izango da euskara ikastea eta euskararen erabilera sustatzea, baina ez komunikaziorako soilik, baita Euskal Herriko «nortasun kulturala eta historikoa» interpretatzeko eta transmititzeko ere: «Euskal kulturaren transmisioa belaunaldiz belaunaldi bideratuko dela ziurtatzeko, euskal kulturaren ezagutza bultzatuko da ikuspegi kritiko batetik».

LANGILEAK

Ikasleei ez ezik, irakasleen jardunari eta formakuntzari ere erreparatzen dio testuak. Jaso dutenez, irakasleek ezinbestean jakin beharko dute euskaraz, eta, gutxienez, C1 maila eduki beharko dute irakaskuntzan aritzeko. Euskaraz pasatu beharko dituzte lanbidera sartzeko probak ere. Gainera, jaso dutenez, irakasleen prestakuntzaren ardatzetako bat izango da euskal kulturaren ezagutza «zabala eta eguneratua» edukitzea. Irakasleak ez diren gainerako langileek ere derrigorrez jakin beharko dute euskaraz, «haien funtzioaren arabera». Bide horretan, euskara gaitasunik ez duten langileei prestakuntza emango diete, beren egitekoak euskaraz bete ditzaten.

ESKOLEN JARDUNA

Eragileek nahi dute euskara ikastetxearen jardunaren erdigunean egotea; euskaraz funtzionatzea, alegia. Horrenbestez, proposamenaren arabera, ikastetxeek euskara erabiltzea lehenetsi beharko dute, bai barnean, bai kanpoko harremanetan. Euskarak izan beharko du protagonista ikasleen eta irakasleen arteko harreman formaletan eta informaletan ere.

LANKIDETZA

Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaizkio dokumentuaren bultzatzaileak. Galdegin diote lotura historiko, linguistiko eta kulturala duten «euskararen gainerako lurraldeetako» ikastetxeak sustatzea eta laguntzea, baita «euskararen gainerako lurraldeetako instituzioekin» lankidetza hitzarmenak sinatzea ere.

BESTELAKO IKASKETAK

Bestelako ikasketak ere aipatzen ditu dokumentuak. Adibidez, jaso dute maila ertaineko lanbide heziketa bukatzean ikasleek B2 maila izan beharko dutela gutxienez. Kirolen arloan, C1 maila erdietsi beharko dute goi mailako teknikariek, eta galdegin dute arte ikaskuntzako ikasketa guztiak euskaraz egin ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.