Koronabirusa

Hego Euskal Herrian hildako berri bakarra eragin du COVID-19ak

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Martxoaren 17an, koronabirusak pertsona bat hil zuen Hego Euskal Herrian, eta, ordutik, atzokoa izan zen datu hori jaso zen lehen eguna. Bi hilabete eta egun bat geroago.

Bitarte horretan, egunean hirurogei hildakoren langa ere gainditu da, behin baino gehiagotan: apirilaren 1ean 61 izan ziren hildakoak; apirilaren 8an, 64; eta hurrengo egunean, apirilaren 9an, erregistratu zen hildako gehien, 66. Guztira, beraz, COVID-19aren ondorioz 1.970 lagun hil dira Hegoaldean; Iparraldean baieztatutako 10 kasuak kontuan izanda, 1.980 Euskal Herrian.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak datuak eguneratu zituzten. Positibo berriei dagokienez, 62 izan ziren; horietatik 38 PCR probei esker atzeman zituzten, eta gainontzeko 24ak, test serologikoen bidez. Lurraldeka, Nafarroan 30 lagunek eman zuten positibo PCR proban —horietatik 24 asintomatikoak dira, gobernuaren arabera—; Bizkaian, seik; Araban, bik; eta Gipuzkoan, batek ere ez. Guztira, 27.134 dira Hegoaldean baieztatutako kasuak.

Beste datu batzuei dagokienez, sendagiria jaso zutenak 197 izan ziren atzo, eta 65 pertsona zaintza intentsiboetako unitateetan daude oraindik. Nafarroako Gobernuak ospitaleratuen datua nabarmendu zuen: laugarren egunez jarraian, Nafarroako erietxeetan ez zuten pazienterik ospitaleratu COVID-19aren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.