Euskal Elkargoaren urteurrena. Arloz arlo

Ekonomia. Elkarrizketa sozialaren bila

Beste sail gehienetan bezala, ekonomiakoa egituratzen pasatu dute urtea. Orain, taldea osatua da, baina egitasmo politikoa idaztea falta zaie. Tresna batzuk eskura dituzte. Sailburuak laborantza eskumenari eman nahi dio garrantzia.

Macron legeak lan mundua aztoratu du. Ipar Euskal Herrian, langileen eta nagusien ordezkariak elkartu dira. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Joanes Etxebarria.
Maule
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Elkargoa barne egituraketan ari den bitartean, duela bost urte abiatu talde bat aitzina ari da elkarrizketa sozialerako elkarte baten inguruan. Langile eta nagusi sindikatuak, hasieran, Garapen Kontseiluaren gerizpean biltzen ziren, eta iaztik elkarte bat osatu dute.

Macron legeak nagusien eta langileen arteko elkarrizketak enpresen esparrura mugatzeko xedea duela salatu da karrikan azken hilabeteetan. «Enpresa bakoitzean negoziatuz, desoreka sortuko da enpresen artean, eta hori ez da ona ez langileentzat, ez enpresentzat, bidegabeko lehia eraginen bailuke», trenkatu du LAB sindikatuko Eñaut Aramendik. Horregatik ari da sindikatu abertzalea «Euskal Herrian erabaki» behar dela aldarrikatzen azken urteetan, sindikatuen arteko mahaia segitzearekin batean.

Patronalaren sindikatuak ere elkartearen parte dira. Medef hasieran bai, baina atzera egin zuten azkenean. CPME sindikatuko Sebastien Carre elkarteko kide da berriz, eta elkarrizketaren garrantzia azpimarratu du: «Enpresan arazo bat sortu aitzin, mahai baten inguruan jartzen gara, eta mintzatu gaitezke».

Haatik, elkarrizketari lege esparrua ematekotan, Lekuko Batzorde Parekide bilakatu behar luke oraingoz elkarte denak. Carrek ez du uste jauzia egitekotan daudenik: «Ez da aktualitatean batzorde hori sortzea. Sortu berriak gara, eta saiatzen gara ongi egituratuak izaten, ahalak ukaiten behar den bezala lan egiteko».

LABen analisia bestelakoa da aspalditik: «Langileen eskubideak ahal bezainbat babesteko, Ipar Euskal Herrian behar dugu negoziazio eremu bat ahal bezainbat oztopatuko duena Macron legea». CGT langile sindikatua eta nagusien Medef taldean ez izanik ere «aitzina» segitzen dutela dio CPMEko ordezkariak. Euskal Elkargoak, berriz, beste lehentasun batzuk ukaitea «ulertzen» du Aramendik, baina bi ordezkariek espero dute hautetsien sostengua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.