Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Konexioak

2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Zarauzko Azken Portuko bertso saioan, soldaduskara bidalitako gaztearen paperean jarri zuten Unai Agirre, eta herrian geratu den neska-lagunarenean Maialen Lujanbio. Elkarri idatzitako gutunak kantatu zituzten, batak besteari errimak emanda; saio ederra egin zuten.

Kantatu behar ez duzun tarteetako abstrakzio egoera horretan kideen bertsoaldi batzuk sitsa bezala itsasten zaizkizu arropan, eta etxera eramaten dituzu kotxean, eta ohera gero, eta goizean hor jarraitzen dute burkoan, zuri begira. Ez galdetu zergatik; gaiak zer pentsatua eman dizulako izan daiteke, edo doinua burutik atera ezin duzulako, besterik barik. Kasu honetan, niri itsatsitako sitsa kaki kolorekoa izan da.

Ez pentsa soldaduskaren inguruan sakonegi teorizatzera bultzatu nauenik e, ez da hori. Baina hortxe egon da egunean zehar, batzuetan gertatzen da. Irudi solteak zetozkidan: aitaren eta osaben argazkiak militarrez jantzita, bakoitzak Espainiako probintziaren batekiko duen lotura arraro hori, zelan kontatzen duten oso gogorra izan zela baina aldi berean sumatzen zaien halako harrotasun edo izendatzen ez dakidan emozio bat paparrean—maskulinitatearekin lotura duen zerbait oso iluna-... Familiako emakumeen bertsioa gertuago dago Azken Portuko ofiziotik, zain geratzen zirenen bizipenak: gutunak, geltokiak, leialtasuna —edo lasaitasuna, denbora baterako bakean utziko zituztelako inguruko zenbait mandeulik—.

Intsumisioaren kolore horia, Frantziako derrigorrezko soldaduskaren berrezartzea eta honek Ipar Euskal Herriko gazteengan izango duen eragina, baina era berean gure inguruan sumatu dudan aztoramen urria, eta beste pare bat pentsamenduren ostean eman dut bukatutzat hausnarketa eta arratsaldean leihotik irteten ikusi dut kaki koloreko sitsa.

Afalorduan, albistegiek Turkiako liraren debaluazioaren kontua aipatu dute. Sukaldeko argiak erakarrita, sits mordoa itsatsi dira leihora. Kax, kax egiten dute gorputzek kristalaren kontra. Bat-batean, mezu bat mugikorrera: «Euro bat, zortzi lira turkiar. Orain bazentoz, aberatsa zinateke». Istanbulen ezagutu nuen lagun armeniarra da —egun Erasmus eta Seneca bezalako programak dira munduko probintzietara lotzen gaituztenak—.

Kezkatuta dago, Portugalera datorrelako tesia amaitzera, eta izugarri galduko duelako txanponaren aldaketan. «A, eta badakizu zer? Bihar esango didate ea soldaduska egin beharko dudan edo libra naitekeen lodiegi egoteagatik».

Bat-batean sorbaldan zerbait sumatu dut. Kaki koloreko sitsa da, berriro. «Orain arte soldaduska atzeratzea lortu dut ikasketengatik, baina betirako libratzeko modu bakarra osasun arazoren bat izatea da». Beraz, nahita loditu da azken hilabeteetan, gehiegizko pisua diagnostikatu diezaioten.

Jota utzi nau, eta harriduraz begiratu diot sitsari. Bera ere zer esan ez dakiela geratu da, ohituago dago XX. mendeko tren geltokietako despedidetara eta pintura horira. Zorte ona desiratu diot lagunari, eta ezer biolentorik egin ezin ahal izateko bezain lodi egotea, egun batez behintzat.

Lotara joan gara sitsa eta biok, eguneko konexio astral guztiei bueltarik eman ezinda.

-Urrian zu ere Portugalera zindoazen oporretan, ezta? - galdetu dit.

-Bai…

-Aizu, ba agian Turkiara joan beharko zenuke, orain lira merke dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.