Koronabirusa

Testak bai, pasaporterik ez

Enpresak hasi dira esaten langileei testak egingo dizkietela. Langileen beren lasaitasunerako ere baliagarriak izanagatik, kezka dute testen fidagarritasunaren eta datu pertsonalen trataeraren inguruan; are gehiago immunitatea aitortuko luketen pasaporte modukoen inguruan.

RAFA ALCAIDE / EFE.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Enpresa batzuk hasiak dira langileei test serologikoak egiten, jakiteko ea gaixo dauden,gaixotasuna gainditu duten eta, beraz, immunitaterik duten gaitzaren aurrean. Siemens Gamesa da horietako bat; langileen ordezkariei jakinarazi die 3.500 test erosi dituela ahalik eta behargin gehienei probak egiteko.

Hego Euskal Herrian, dena den, oraintxe bertan ez dira asko testak egiten dabiltzan konpainiak, testak urriak direlako merkatuan, besteak beste. Baina erosteko ahalmen gehiago duten enpresa handiek jada erakutsi dute testak egiteko asmoa: BBVAk testak ditu aurreikusita bere plangintzetan, eta Iberdrolak ere modu mailakatuan langile guztiei egin nahi dizkie antigorputzen probak.

Inor gutxik jartzen du zalantzan test masiboak giltzarri izango direla pandemiari aurre egiteko. «Hori da testen balio nagusia, gaixotasunari aurre egitea», uste du Pello Igeregik, ELAko Lan Osasuneko arduradunak. Horregatik, dio, testekin «osasun publikotik egiten diren azterketa epidemiologikoen arabera aritu beharko da, eta ez enpresen beharrei erantzuteko».

ELAren ustez, «ona da langileei testak egiteko aukera ematea, betiere aurretik funtsezko zerbitzuetarako test nahikoa badago. Hori bai, bermatuta gelditu behar du langileen intimitaterako eskubideak ere. Beraz, borondatezko proba bat izan behar du, osasun agintariek kontrakorik esan ezean».

Xabier Ugartemendiak, LABeko ekintza sindikaleko arduradunak ere argi dauka test masiboen garrantzia, baina ez du uste enpresek egin behar dituztenik, osasun sistema publikoak baizik. «Funtsezko zerbitzuetatik hasi eta pixkanaka beste sektore ekonomikoetan ere. Baina gure apustua da test horiek, enpresek ordainduta ere, arlo publikotik egitea».

Intimitatea

Frantzian, astelehenean, Muriel Penicaud Lan ministroak esan zuen preseski debekatuta dagoela enpresek euren kabuz test serologiko orokorrak egitea. Enpresak ez duela zertan izan langilearen egoera medikoaren berri. «Laneko medikuak jakin dezake, langileak kontatzen badio, baina hori ere sekretua da».

Hego Euskal Herrian legeak dio halako azterketak —eta test serologiko horiek—, prebentzio zerbitzuek egin behar dituztela; enpresek ez dute eskubiderik langilearen osasun egoerari buruzko informaziorik izateko. Salbuespen bat dago: lan jakinekin harreman zuzena izan dezaketen gaixotasunak.

Baina ELAko Igeregik azaldu du zenbait enpresak agertu dietela langileei probak eurek zuzenean egiteko asmoa. «Kasu horietan, eta arauak aldatzen ez diren bitartean, langileek eskubide osoa dute informazioa ez emateko».

Fidagarritasuna

Intimitatearen eta datuen pribatutasunaren gainetik badaude eragozpen handiagoak immunitate pasaporte moduko bat ezartzeko. Horietako bat, eta ez da txikia, test horien fidagarritasuna da. Presazko garapenarekin, test serologikoetako gehienen fidagarritasuna %80tik azpikoa da, eta %60koa askotan.

Igeregik hori azpimarratu du. «Osakidetzan une honetan langileei egiten ari zaizkien testen fidagarritasuna %60koa da, eta, karga biralaren arabera, fidagarritasun hori murritzagoa izan daiteke. Guk badakigu Osakidetzako langile batzuek positiboa eman zutela bere garaian eta orain negatiboa eman dutela. Horrek erakusten du probak ez direla behar bezalakoak».

Fidagarritasun gutxirekin halako probak ez lirateke baliagarriak pasaporte moduko baterako, ez herritarrentzat ezta langileentzat ere. OME Osasunaren Munduko Erakundeak berak ere hori uste du. Test bizkorrek negatibo faltsuak eta positibo faltsuak eman ditzakete, «eta bi akatsek ondorio larriak izan ditzakete, eta kalterako eragin gaitzaren kontrolean». Aurrerago, denbora lagun, test fidagarriagoak irits daitezke, baina oraingoz OMEk ez die baliagarritasunik aitortzen pasaporte modurik ezartzeko.

Zer immunitate?

Hala ere, beste ezeren gainetik, immunitate pasaporte batentzako eragozpen nagusia zera da: ez dagoela argi ea gaitza gainditzeak COVID-19aren kontrako immunitaterik ematen duen, eta jakiteko ere denbora beharko da. Hori da OME immunitate pasaportearen kontra agertzeko beste arrazoi nagusia: «Oraindik ez dago ebidentziarik erakusten duenik pertsona batek bigarrenez ez infektatzeko babesa duenik COVID-19a gainditu eta antigorputzak edukitzeagatik». Horregatik, uler daitezke Frantziaren erreparoak, bai eta herritarrei halako pasaportea ezartzeko Alemaniaren asmoak oraingoz apal batean gelditu izana ere.

Pasaporte baten kontrako beste eragozpen bat dira halakoen kontura sor edo eragin daitezkeen diskriminazioak. Immunitaterik ez duen langilea bota, immunitatea (ustez) duen bat kontratatzeko? Lan bila larri, gaitzaz kutsatzeko prest leudekeen pertsona zaurgarriak... Arrisku horiek badaude, eta immunitate pasaporte baten etikotasunaren eta arriskuen inguruko kezkak gero eta ozenagoak dira munduan, bai gizarte mailan, baita lan munduan ere.

Pasaporteak ez, baina testak bai, beraz. Hori bai, «testak ezin daitezke aitzakia izan enpresek beste neurriak malgutzeko», uste du Igeregik. «Enpresek langileen osasuna bermatzea da distantzia sozialak bermatzea, EPIak izatea, prebentzio neurriak... Testak izan daitezke balio erantsia. Baina immunitaterik ziurtatzen ez den neurrian ezin dute ondoriorik izan beste prebentzio neurrietan».

Ugartemendiak uste du lantegietako prebentzioa ezin dela testetan soilik oinarritu. Neurri higienikoak, neurri prebentiboak eta antolaketa neurriak hartu behar dira langileen osasuna babesteko. «Testak ere hor sartu beharko lirateke, baina beste guztiekin konbinatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.