AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Eraila

Ane Labaka Mayoz -

2018ko abuztuak 30
Barrualdeko patiora ematen duen leihotik sartu da etxera bizilagunaren musika. Cumbia udatiar dantzagarria ordezkatu duen doinuari orbel erori berriaren pisua igartzen zaio tonuan. Uda udazken bihurtzen hasten den garaia omen da iraila.

Mirenek gorroto du trantsizio hilabete hau. Beti azpimarratzen du irail hasierako parrandak oso arriskutsuak direla. Aurtengo udaran lau aldiz maitemindu da —hiru aldiz brometan eta behin serio—. Lagunekin mila kafe-hartze behar ditu orain. Urtikaria sortzen dio kudeatu hitzak.

Urrutira doa Asier. Iaz hasi zuen masterra eta beste urtebete geratzen zaio Alemanian. Berak ere ezin du gauzak ondo kudeatu ez izanaren sentipena gainetik kendu. Jon ezagutu zuen uztailean, eta, abuztuan geratzekotan ziren arren, azkenerako inork ez du besteari deitzeko pausoa eman. Azken egunak mugikorreko pantailari itsatsita igaro ditu. Gabonetan itzultzen denean topatuko dute elkar agian. Bizitzan beti dauka morbo handiagoa gertatu zitekeenak gertatu denak baino.

Ahmedi ere hemengoaz agurtzea dagokio. Sahararra da eta aurten, bigarren urtez jarraian, oporrak bakean igaro ditu. «Hango» aita, ama eta anai-arreben falta sumatu badu ere, badaki joaten denean «hemengoekin» berdin gertatuko zaiola. Aireportuan Oxanarekin egin du topo, bera Chernobildik etorri da Euskal Herrira. Biek egin dute negar hegazkinera igo aurretik, bakoitzak bere aldetik. Noizbait «han» eta «hemen» gertuago egotearekin egingo dute amets.

Master amaierako lana bukatu nahian dabil Ane, epemuga gainean daukanez etxeko kobazuloan sartuta. Inguruko guztiak nazkatu ditu dagoeneko. Aurtengo udara soilik modu intermitentean gozatu izanaren damua datorkio bisitan, tarteka. Bi egunetik behin BERRIArako zutabeak idatzi behar izateak sormenari dagokion garun zatia anulatu diola sentitzen du. Ordenagailuan irailean oporretara nora joan begiratzen aritzen da ordu erdiro. Ihes egiteko premia dauka. Ez da bere marko teorikoan kabitzen.

Ikasturte berria iristeko beste inork baino gogo gehiago daukana Iker da. Soroslea da eta udara greban pasa du. Orain langabezian geratuko da. Iaz ezin izan zuen nahi zuen karrera hasi, baina aurten horretarako aukera izango du. Lehen aldiz gurasoen etxetik irten, eta Gasteizera doa bizitzera. Barruak dantzan sumatzen ditu. Lehen ostegunean egingo duten klaseko afarirako zein arropa jantzi pentsatzen ari da.

Izarri inoiz baino luzeagoa eta sargoriagoa egin zaio udara. Ia bederatzi hilabete igaro dira hilekoa jaitsi ez zitzaionetik. Denbora pixka bat gehixeago ama izan nahi zuela erabaki zuenetik, ama eta bakarrik. Harriduraz begiratzen dio egunero-egunero hazten ari den sabelari. Añes txikiari «ongi etorri» esateko irrikitan dago. Ostikoka erantzuten dio berak.

Nikok bizi osoa igaroko luke udalekuetan. Antsietatea sortzen dio berriro ere gorroto duen lanera itzuli behar izateak. Udaran ere prekario bizi izan da, baina zoriontsu. Irailaren 1a egun egokia izan daiteke nagusiari berari buruz pentsatzen duen guztia aurpegira esan eta lana uzteko.

Iraila despediden, elkartzeen, hasieren, bukaeren, euforien, zulo sakonen... garaia da. Kaosa erail eta ordenaren alde egitekoa. Lur hartzeko garaia.

Edo aireratzekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna