Noiz sortua: 2018-08-17 00:30:00

AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Gurutzegrama

Nerea Ibarzabal Salegi -

2018ko abuztuak 17
Uste nuen mugikorren hegemoniarekin desagertu egingo zirela, baina ez; paper-dendetan oraindik badira udarako sudokuen, gurutzegramen edota letra-zopen liburuxkak, paper birziklatuz egindako horiek, diseinu koloretsuegi eta itsusi xamardunak. Inoiz ez dut horrelakorik erosi, baina ulertuko nuke zuk urtero erosten dituzula esango bazenit. Ordenak baretu egiten du jendea. Zerrendak, simetria, taulak, zenbakiak, erantzunak, laukitxoak.

Agian kaosa defendatuko duzu poetikoagoa delako, baina zure egunerokotasuna kaosetik gertuen dagoen unean, oporretan, larrialditarako ordena-dosia eskura izaten duzu erruduntasun sentsazio arraro hori baretu diezazun. Ulertezinki gozagarria baita argazkian ageri diren txorien izenak asmatu behar izatea eta zuk jakitea zozoak direla, eta laukitxoetan idaztea, Z O Z O A K, eta kabitzea.

Gero ilara horrek 3. zutabearekin bat egiten du, «Zaila ez dena»: E R R A Z A —nahiz eta ez zaizun erantzun guztiz zuzena iruditzen—, eta zozoen «Z» horrek bi berbentzako balio du bat-batean. Ez al dirudi unibertsoa ordenatu dela segundo batez, zentzua duela zure bizitzak eta patuak hona deitu zaituela abuztuaren 17 eguerdian gurutzegrama hau osatzera, Arturo printzea Excalibur ezpata harritik ateratzera nola?

Beharbada honek azaltzen du zure goizetako amorrutxoa tabernara joan eta egunkariko gurutzegrama eginda aurkitu duzulako. Nork ordenatu du unibertsoa hain goiz!? Tentazioa izaten duzu ondo egin ote duen egiaztatzeko, eta akatsik baleuka, noren letra den aztertu edo DNA probak egin, eta emaitzak jasotakoan, non bizi den deskubritu eta bere egunerokotasuna jarraitu, agian bere lagun egin, edo maitale bilakatu, nork daki. Eta gutxien espero duen egunean, zuen seme-alabak lotan daudela, gau batez, belarrira esatea: «6. ilaran, ezkerretik eskumara, 'iskin egin': S A I H E S T U zen erantzuna, ez S A H I E T S I. Txarto egin zenuen». Zer esan duzu, laztana? Entzun duzuna. Eta trankil lo egin lehen aldiz zazpi urtean.

Horrelakoxeak garelako ez dira saltzen paper-dendetan «udarako koaderno zuriak». Zer egingo zenuke? Idatzi? Marraztu? Moztu? Eta batez ere, garrantzitsuena, zelan jakin ondo dagoen edo ez, dagoeneko ez badaukazu irakasleari eta gurasoei «ondo dago?» galdetzen ibiltzeko adinik? Enkajatzea plazera da, erantzun zuzen bakar bat egotea plazera da, mandalak margotzea lerrotik irten barik ere bai.

Baina kontuz ibili behar zenuke plazer erraz honekin. Askori eskuetatik joaten zaie eta bizitza osoa ikusten dute laukitxotan. Pentsa, aste honetan ikusi dut tipo bat ahotik bilisa botatzen mutilen komunera sartzen ikusi ninduelako. Benetan, garuna lehertu egin zitzaion hantxe bertan, ilaran zain geunden denok entzun genuen burbuilatxo bat apurtzen, plop. Irten nintzenean, «ez al dakizu irakurtzen?», esan zidan, ateko pertsonaren marrazkiaren gainean behatza jarrita. «Nik ez dut hor letrarik ikusten irakurtzeko», bota nion. Baina berak bai, berak antza ikusten zuen han M U T I L A jartzen zuela argi eta garbi, lehenengo ilaran, sei letra, «zakildun ugaztun orojakilea»-ri erantzuten diona, eta ez beste ezeri. Indefinizio asko opa dizkiot bizitzan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Kale garbitzaile bat, Donostian. / ©Jagoba Manterola, Foku

Gutxienez hilaren 26ra arte iraungo du konfinamendu aginduak Hegoaldean

Berria

Pedro Sanchezek apirilaren 26ra arte luzatu du konfinamendua, goizean  batzorde zientifikoarekin batzartu eta gero: «Gizarteak behar duen denbora da birusari aurre egiteko».

Ikurrina bat, Durangoko balkoi batean koronabirusak hildakoak gogoratzeko. / ©Raul Bogajo, Foku

Aberri Eguna balkoietan ospatzera deitu dute hainbat pertsona ezagunek

Jon Ordoñez Garmendia

Ikurrinak jartzeko eta ordu jakin batean euskal irratietan emango den abesti bat kantatzera deitu dute. Osasun krisian bizia galdu dutenak gogoratu, dolua adierazi eta zaintzan dabiltzanei eskerrak emateko baliatu nahi dute. (ikusi nortzuk diren sustatzaileak, albistean).

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna