Txalo eta txalo zuei, Anaiz Funosas eta Max Brisson

2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Txalo baita ere Eneko Etxegarai Uraini galdera egokien bidez lortu duen elkarrizketa aberatsagatik eta, nola ez, BERRIAri erreportaje horri eman dion protagonismo ezohikoagatik.

Oso ohiturik nengoen behin eta berrizeman izan diren hainbat «bake konferentzietatik» edota bakeari buruz, edo ustez bakearen alde, antolatu izan diren bilgune ezberdinetatik ez zela inoiz ezer onik eta garbirik atera, eta hori adierazteko nire argudio nagusia hauxe: inork ez zuela bakea zer den definitu beharrik izaten, alde batetik, hori egitea ez ziolako inork eskatzen, eta, bestetik, ustez guztiek zekitelako hori zer den.

Baina onartu beharra daukat orain, eta oso pozik nago onartu behar izanaz, oker nengoela gutxienez «inoiz» ezer onik atera ez dela adierazi izan nuenean.

Ez dakit noiz arte iraungo duten oraindik bakeari buruzko eztabaidak partaide bakoitzaren eta guztien definizioak adostu gabe, eta bistan da erreportajean bertan ere agertzen dela definizioen gabezia edota ezegokitasun nabarmena.

Hala eta guztiz ere, Aieteko jarduerak balio izan zuen muturretako bi posizio elkarrekin asmo onezko solasean biltzeko, eta etorkizunean ere elkarrekiko etsaigo aitortua erabat saihesteko. Nabarmena da amildegi sakona dagoela bien arteko ideologien artean, eta oraindik ez diola inork bere ideologia bereziari uko egin, eta asmorik ere ez duela horretarako, baina ez da gutxi elkarrekiko bilgune iraunkorra sortzearen asmoa aurrera eraman izana.

Ni ez naiz neutrala bien artekoan, eta Anaiz anderearen arrazoibide logikoak arrazionalagoak ikusten ditut Brisson jaunarenak baino, nahiz eta berak Historia «ofizialaren» domina guztiak erakuts ditzakeen eta gai horretaz denbora luzean maisu izana onartu behar zaion. Agian, horretxegatik ditu zailtasunak egia ofizialetatik kanpoko ibilbideetan sartzea onartzeko, baina bere ahaleginak eredu miresgarri bat jartzen du nire begien aurrean.

Bere ikuspuntuak ezagutzeko aukera izan nuen duela 25 urte Bordele inguruan, Hurtin izeneko herrian, Michel de Montagne Unibertsitateak antolatzen zuen Komunikazio Unibertsitate Frankofonoen Udako Unibertsitatean.

Akitaniako Kontseiluak eskaini ohi zituen egun bateko jatorduen gonbidapenak, eta Brisson jaunak harriturik utzi ninduen bere kidekoen mahai borobilean nire ondoan esertzea erabaki zuenean, bera Kontseiluaren Hezkuntza Komisioko lehendakaria izanik, nire ikuspuntuak ezagutu nahi zituela, zituztela, eta.

Horrelako mahai inguru batean sor daitekeen elkarrizketa laburrean ez genizkion batak besteari gure desadostasunak ezkutatu, baina bere jarrera eredugarria iruditu zitzaidan alde guztietatik.

Oraingo honetan ere frogatzen du ez dela bere entzumena gutxienez iritzi guztiei zabaltzen ez dietenetakoa, eta arerioekiko etsaitasuna alde batera uzteko gai dela.

Ez daukat zalantzarik beragan sumatzen ditudan nortasunei buruzko ideia nahasiak eta zilegitasunen eta legezkotasunen arloan dituen iritziak bere heziketa berezitik eraginak datozkiola, eta horietaz kanpo urratsak egitea ezohikoa dela politikari baten aldetik, baina bera eredugarri ikusten dut bide horretan.

Gure hizkuntzari buruzko bere sentsibilitateak eta arlo horretan bere Estatuaren jarrerarekiko diagnosi kritikoak ohoratzen du, nahiz eta uste dudan bere iritziek ez dutela zoritxarrez inolako eraginik izango, zeren eta unibertsitate bereko jardunaldietan argi eta garbi erakutsi zidaten, behin eta berriz, Frantziako Estatuaren frankofonia arduradunek, nik bezala hizkuntza gutxituen kezka genuenen aurrean, frantsesaren etsai zirela Frantzian frantsesaz kanpoko hizkuntza guztiak.

Estatuekiko euskal gatazkari buruz bere Estatuen aldeko joera nabarmentzen du, baina ez da alderantzizko iritziak debekatzearen, ez baztertzearen aldeko. Badago gure hemengo politikari espainiarrekikoaldea.

Nik jarraitzen dut oraindik ere aldarrikatzen kontzeptuen definizioak azaleratu behar direla inolako eztabaidaren atarian eta gaiaz beraz eztabaidatu baino lehen bere definizioari buruzkoadostasun minimo bat lortzeko eztabaida beharko litzatekeela. Hala nola esan nahi dut, Nazioa, Estatua, bakea, nortasuna, zilegitasuna, legezkotasuna eta abar bakoitzarentzat zertzuk diren jakitea eta egunean eguneko gaiaren definizioa eztabaidatzea aldarrikatzen dudala emaitza egokiak eman daitezen.

Definizioen eskariaren aurrean ohizko «guztiok dakigu hori zer den» erantzunak adierazten du, alde batetik, aitzakia hori darabilenak badakiela, bai, zer nahiko lukeen hori izatea eta bere ustez beste guztiek ados beharko luketela bere nahi horrekin, eta ez zaiola axola besteen iritzirik, edo bestetik, ez duela inoiz bere ideologiaren baitan gai horren definizio bat izateko ahalegin seriorik egin, eta balizkoen baitan eraikitzen dituela bere diskurtsoak. Jarrera biak uzten dituzte biluzik bataren edota bestearen ideologiak.

Dena den, nire idatzi hau idaztera bultzatu nauen erreportajeak frogatu dit, hala eta guztiz ere, erator daitezkeela onura batzuk definizio gabezia eta guzti egiten diren eztabaida batzuetatik, batez ere, banakoak iritzi ezberdinekoak izan arren, bihotz onekoak eta inteligenteak baldin badira.

Ez dute batak bestea pertsuasioz bereganatuko, ez dira agian euren pentsamoldez hurbildu ere egingo, baina adiskidetasuna medio elkarren entzule gutxienez badira eta lankidetasunaren bidez, euren adibidea zabaltzea lortzen badute, bikain.

Ez dagoelakoan nago, nik ez dut ikusten behinik behin, Pirinioen ego aldean horrelako adibiderik, eta poztuko nintzateke balego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.