AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Museoa

Nerea Ibarzabal Salegi -

2018ko abuztuak 31
Datu friki bat: «Apurtutako Harremanen Museoa» existitzen da. Kroazian dago, Zagreb hirian; bikote batek sortu omen zuen, Olinkak eta Drazenek, beraien artekoa amaitu zenean. Harreman horretan esanguratsuak izandako objektuak erakusten zituen museo ibiltari bat zen hasieran, baina gerora leku finko bat eman zioten eta mundu osoko pertsonen objektuak eta bizipenak biltzen ditu orain. Lorategiko gnomo bat; bizarra mozteko kit-a; gerriko bat; Londresen geratzeko arrazoien zerrenda bat; gutunak. Egunerokotasun baten parte izandako keinu txikiak, pieza artistiko bilakatuak bitrinetan.

Eta museoa den heinean, objektu bakoitzak bere balioaren azalpena dauka albo batean idatzita. Londresen geratzeko arrazoien zerrenda, esaterako, neska australiar bati zuzendua da —bai, museo honi buruzko informazio guztia arakatu dut egun bakarrean—. Hamar arrazoi ematen dizkio bere maitale londrestarrak berarekin gera dadin, ez dadin Australiara itzuli abenduan. Barkatuko didazu debaldeko azukre dosi hau, baina... jo, ze jatorra: 1. arrazoia: Alton Dorreak. Nahiko ondo daude; 4. arrazoia: dena den, entzun dut Australia haizeak suntsituko duela bi hilabete barru; 6. arrazoia: azkenaldian ohi baino txanpon gehiago aurkitzen nabil Londreseko kaleetan. 7. arrazoia: biluzik kozinatuko dut zuretzat. 8. arrazoia: nahiago baduzu, beti arropak jantzita ere egon naiteke. 10. arrazoia: badakit ez naizela zuretzat aski ona, baina seguru ezagutzen dudala norbait badena.

Eta esango duzu, nora iritsi nahi duzu honekin? Ba ez nago ziur, agian amaierei buruz berba egin dezakegu, amaierei gorazarre egiteko dugun beharraz. Epika, betierekotasuna, soinu banda tremendista bilatzen dugu, baita ahaztuta utzitako hortzetako zepiloentzat ere. Oharkabean pasatzen den bizitzari mototsetik heldu eta ile batzuk behintzat gure atzamarren artean gera daitezela, «hemendik pasatu da, eta garrantzitsua izan da, begira zenbat ile». Horregatik izango da hain gustagarria museo honen ideia, berez armairu gaineko kutxa batean amaitzera kondenatuta zeuden gure kakatxoak elkarri erakutsi eta poetiko bilakatzeko modua delako.

Ez naiz kritikatzen ari, e. Ni museo hori naiz, gizaki forman. Beharbada zu ere bai, eta agian gure herria ere bai apur bat. Nostalgiaren botere literarioaz jabetutakoak, hautsitako zatien kolekzionistak, ereserki epikoen datu-base ibiltariak, logela Braveheart-en aurpegiko urdin tonuz pintatzen dutenak, asko gara. Lehen Googlen sartu behar izan naiz egiaztatzeko Imanol Agirretxe ez dela hil, ze Twitterren batzuek «egin hegan libre» idatzi dute bere jardun profesionala agurtzeko. Amaiera epikoak nahi ditugu, edo amaiera epikoen gabezia ordezkatuko duten detaile txikien sakralizazioa bestela.

Ba horixe, datorren udan Kroaziara joan gaitezkeela nahi baduzu museo hori ikustera. Edo zure bikotekidearekin joan zaitezke bestela, baina agian arraroa izango da, biok egongo zaretelako barrutik aukeratzen zuen harremana amaitutakoan erakutsiko zenuketen objektua, eta agian gehiago erakarriko zaituzte amaiera poetikoaren amildegi ertzak egunerokotasun barearen sokak baino. Baina hori datorren udan, aurtengoa amaitu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna