Naval ontziola. Langileen egoera

NAVALEKO ERBESTERATUAK

Urtebete da Naval Sestaoko ontziola itxi eta gero kalte-ordainari uko egin zioten 81 langileak ehunka kilometrora jarri zituztela beste lanpostu batean. 50 urtetik gorakoak dira gehienak, eta Ferrolen eta Cadizen daude. Hilabeteen poderioz egokitzen ari dira, baina ez dute ukatu prozesu «oso gogorra» izan dela.

NAVALEKO ERBESTERATUAK.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Autoko nabigatzailean bidaiaren helmuga tekleatu, eta gailuak ez du gupidarik izan: «Bost ordu eta hogeita bi minutuan iritsi beharko zenuke zure helmugara», erantzun dio opor eta lan bidaien artean bereizten ez duen robot ahotsarekin. Egia esan, ez du idatzi behar izan, Ferrol (Galizia) GPSaren memorian agertzen delako dagoeneko, eta laster ez duelako beharko. Azaroan egin zuen aurrenekoz joan-etorria, eta hasia da 511 kilometroko bidea buruz ikasten, igande arratsaldeetako errutina baita Iñigo Uriarerentzat. «Bidaia da okerrena. Handik hona etorri naizen aldi bakoitzean animalia bat gurutzatu zait bidean. 40 desplazatu gara, hamar orduko bidaia astero... Zerbait gertatu eta norbait istripu batean hiltzen den arte, orduan iritsiko dira damuak, eta berandu izango da». Zorigaitzeko iragarpena 46 urteko barakaldar batena da, eta otsailean hogei urte egingo ditu Navalen. Ferrolen dago orain, han lan egitea hautatu zuten bere 45 lankideekin.

Sestaoko ontziolaren historiaren azken-aurreko atala izan zen langileen sakabanaketa. Iaz itxi zutenean, langile batzuei Navantia Espainiako ontziola publikoetan lanpostua mantentzeko eskubidea aitortu zieten. Naval publikoa izan zen bitartean —1969tik 2006ra arte—, gutxienez bost urtez lan eginikoak ziren horiek, 150 guztira. Sindikatuek 100.000 euro ingururen kalte-ordainak negoziatu zituzten postuari uko egiteko prest zegoen langile bakoitzarentzat. 69k dirua hartu zuten, eta 81ek lanean jarraitzea erabaki zuten, baina ezin zen Sestaon izan. Lau aukera zituzten: Ferrol (Galizia), Cadiz (Espainia), Cartagena (Espainia) eta Madril. Madrilen bulegoak daude bakarrik; beraz, goi mailako ikasketak behar dira hara joateko.

Eztabaida eta kalkulagailu afalosteak izan ziren Navaleko langileen etxeetan: adina, dirua, urteak... «Emaztearekin hitz eginda erabaki nuen Cadiz. Eguraldia ona da, eta berak familia etxea du Kordoban. Ezagutzen genuen ingurua», azaldu du Juan Antonio de los Santosek. 53 urte ditu, eta 39 daramatza Navalen. Navaleko langileen anaia eta semea da. Uztailaz geroztik dago han, eta kostatu zitzaion egokitzea. «Nire herrialdetik bota nautela sentitzen dut. Ez naiz joan, bota egin naute, agintariek ez dute ezer egin guregatik»..Abuztuaz geroztik hiru alditan itzuli da Euskal Herrira. Bakarrik bizi da 525 euroko alokairua duen pisu batean, eta emaztea hainbatetan joan zaio bisitan. Asko eskertzen du. «Okerrena bakarrik egotea da. Etxera joan, eta bakarrik. Bizimodua-eta ezberdinak dira, baina apurka ohituz goaz. Oro har, lankide guztiak egokitzen ari gara, ez dago beste konponbiderik».

Cadizko beroak zer ikusi gutxi du Ferroleko euriarekin. Han da, abendutik, Mikel Perez erandiotarra. 54 urte ageri dira bere nortasun agirian, horietatik 38 ontziolan, eta koskorturiko bi seme alaba ditu. Bidaien gogortasuna nabarmendu du hark ere. «Ostiralean 05:00etan esnatu, eta lan egin ondoren gidatu ezazu. Leher eginda iristen zara, ostiralean ezin duzu ezer egin. Larunbata baliatzen duzu, baina igandean itzuliko bidaia duzu buruan, Arriskutsua da, lankide batek trafiko istripua izan zuen, Solaresen. Onik atera zen, baina, argazkiak ikusita, ez dakit nola den posible». Hori eragozteko, autobus bat eskatu diote enpresari, ostiralean Euskal Herrira etorri eta igandean itzultzeko, baina ez dute lortu oraindik. «Ferroleko jendearekin harreman oso ona dugu, ezagutzen dute gure istorioa. Lankideekin ere ondo moldatzen gara, baina lantegiko bulegoetara joatean tratua txarra da. Etsaiak bagina bezala tratatzen gaitu zuzendaritzak», deskribatu du Uriartek.

Denetariko kasuak

Hiru ahots dira, baina kideei buruz hitz egiten denetariko kasuak agertzen dira: alzheimerrak jota duen ama berarekin eraman behar izan duen langilea, animikoki lur jota eginda daudenak, urrunketak bikote krisia areagotu eta dibortziatu egin dena, eta Cadizen etxea erosi eta bizitza han hastea erabaki duena. «Hori du gizakiak, edozer egoeratara egokitzen dela. Ni mendizalea naiz, eta baikorra, eta hemen ibiltzeko toki asko dago. Abentura bat da, nolabait. Gurea etorkinen bizitza da, herrira itzuli nahi duzu, baina errealitateak ez dizu uzten. Okerrena da Pirinioak urrun daudela», laburbildu du, umoreko, Perezek. Hark garbi zuen lanean jarraituko zuela, eta iazko udan Cadizen astebete pasatu zuen, eta Galizian beste bat, nora joan erabakitzeko. «Ez dut penarik eman nahi, hau gogorra da, baina baldintzak ez dira txarrak. Euskal Herrian prekario daudenak okerrago dabiltza. Gurea baino tristeagoa da Ezkerraldeko langabezia tasa handia, eta Jaurlaritzak ez duela ezer egiten ikustea».

De los Santosek bi seme-alaba ditu. Bat unibertsitatean eta bestea batxillergoa bukatzen. «Arazo guztiak emazteak kudeatzen ditu», aitortu du. Lutxana futbol taldean entrenatzaile zen, eta hura utzi behar izatea «bizkarrekoa» izan zen. Cadizko lehen egunetako gorabeherek ere ez zioten lur hartzea erraztu. «Lanean hasi baino lau egun lehenago, oraindik ez genituen baldintzak ezagutzen». Nola da posible? «Baldintzak mantenduko zizkigutela esan ziguten, baina lau egun lehenago ez genuen agiririk, eta guk kalte-ordainari uko egin genion. Ezer ez jakiteak akabatu egiten zaitu. Zorionez, hitza bete zuten». Ferrolen ere antzera pasatu zitzaien. Iritsi, eta justu-justu zekiten zein zen soldata, baina beste baldintzen inguruko xehetasun asko falta zitzaizkien. «Oraindik ez ditugu idatziz jaso. Baldintza zehatzak ez dakizkigu. Berdin kobratuko genuela esan ziguten, eta ez da egia. Aldea txikia da, baina soldata ez da bera. Oraindik kalkulatzen ari direla esaten digute, eta lehen lankideak udan iritsi ziren!». Kexua Perezena da.

Hirurek garbi dute urte batzuetarako erbestea dutela, eta oso zail ikusten dute laster Euskal Herrira itzultzea. «Podemosekin itxaropena dutenak daude, baina ia ezinezkoa iruditzen zait», aitortu du Uriartek. Bere jardun sindikala dela-eta —ELAko kide da—, politikari askorekin bildutakoa da. «Navalekin konpromisoa erakutsi du Podemosek, baina, 37. gauza izango da euren zerrendan, eta, asko jota, lehen hamarrak egin ahal izango dituzte. Nik, gainera, susmoa dut Jaurlaritzak baduela planen bat erabakita Navaleko oruberako. Gustura jakingo dut zein enpresari sartzen den hor». Mekanikariak, hala ere, itzultzeko oztopo nagusia euskal industriaren lan baldintzetan ikusten du. «Lan eskaintza batzuk ikusi ditut, eta baldintzak gero eta txarragoak dira. Halakoetan, alboratzen den lehen gauza segurtasuna da, eta ontzioletan istripu tasa oso handia. Iragan astean, langile bat hil zen Zamakonan. Begira, iaz enpresa batean galdezka aritu nintzen, eta nire postua zuen langile bat egun askotan 06:00etan sartu eta 23:00etan irteten zen».

Itzultzea, oso zail

De los Santos eta Perez zaharragoak dira, eta erretiro garaia ez dute hain urrun ikusten. Navantian ohikoa da langileak 61-62 urterekin erretiroa hartzea. «Noizbait itzultzen banaiz, eta ez da galduz izango. Hemen ditudan baldintzak errespetatu beharko dizkidate. 53 urterekin, gainera, kostako zait lana aurkitzea», nabarmendu du De los Santosek. Perezek ere baldintzen defentsa egin du. «Gure adinarekin lana aurkitzea oso zaila da, are gehiago baldintza duinekin. Euskal Herrian lan baldintza txarrak daude oro har. Zerbitzuen sektorea bultzatzen du gobernuak, eta han prekaritatea da nagusi. Nik ez dut hori nahi Euskal Herriarentzat».

Borroka bide luzea egin zuten Navaleko langileek, eta badirudi manifestazioak eta protestak iragan urruna direla. «Atzera begiratu, eta ziria sartu didatela sentitzen dut», aitortu du De los Santosek: «Betirako lana izango zela esan ziguten, eta partidaren erdian, pribatizatzean, jokoaren arauak aldatu zizkiguten». Ur- iartek, aldiz, «kontzientzia lasai» du. «Ahal genuen guztia egin genuen, borrokatu ginen, mugitu ginen...». Dena den, ez du ukatu aho zapore «gazi-gozoa» ere baduela. «Gurekin ari ziren kontratetako lankideekin oroitzen naiz. 2.000 ziren, eta, agian, ez genuen behar adina pentsatu haiengan. Protestaldiak urtebete lehenago hasi izan bagenitu, agian...».

Testu osagarria: Epaileak ez du txistua jo oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.