Torrealdai: «Gizartea hila da truke ideologiko gabe»

Joan Mari Torrealdai omendu dute Donostian, zentsurari eta literaturari buruzko biltzarrean, zentsura frankistak euskal kulturan izandako eragina azaleratzeagatik

Joan Mari Torrealdai, atzo, EHUko MHLI ikertaldeko hainbat kiderekin, Donostiako Miramar jauregian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Sinple esanda, aginte publikoak edizioaren eta difusioaren gain duen kontrola da zentsura». Joan Mari Torrealdaik definitu du horrela, zentsuraren ikerketan luze arituak eta ondo adituak. Frankismo garaiko zentsurak euskal kulturari eragindako errepresioa argitara ekartzen lan handia egin du Torrealdaik, eta lan hori aitortu zioten atzo, Donostiako Miramar jauregian egindako omenaldian. Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarra hasi zuten herenegun bertan, eta horren barruan egin zioten aitortza EHUko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldekoek.

Andres Urrutia euskaltzainburuak egin zuen omenaldiko aurkezpena, eta azpimarratu zuen Torrealdai omentzeko «marko ezin aproposagoa» zela atzokoa. «Zentsuraren gaiari hurbiletik so egin dion ikerlari euskalduna bera, euskaraz eta euskararen erabileraren ondorioz sorturiko emaitzen zentsura izan du helburu nagusietarikoa Torrealdaik, eta hortik dator biltzar honetan laudatua izateko meritua», Urrutiaren hitzetan.

Aurrena jakin-minetik eta ondotik jakintzatik zetorkiona «gizarteari itzuli nahian» jardun duela nabarmendu zuen euskaltzainburuak, eta egun ere horretan diharduela. «Jakintzatik ekintzetara joan da haren bizitzaren haria, eta hari horren baitan bilbatu ditu gertaerak eta gogoak». 1942ko Foruan (Bizkaia) jaio zen, eta 36ko gerraren ondorioak gertu izan zituela gogoratu zuen, «Gernikan gertatutako triskantzak», batik bat. Arantzazura joan zen handik, eta hango esperientzia «erabakigarria» izan zitzaiola azaldu du Urrutiak, «1960ko hamarkadan Arantzazu izan baitzen euskalgintzaren eta euskal kulturaren berrikuntzaren lekuko aparta».

Parisen soziologia ikasi, eta Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan aritu zen buru-belarri gero. Kazetaritza urteak etorri ziren horren ostean. «Urte oparoak eta aldi berean gatazkatsuak; 2003an itxi zutelako Euskaldunon egunkaria, eta bidegabeko atxiloketa eta auzibideetan ibili behar izan baitu urte luzeetan».

Torrealdairen beste kezka bat ere aipatu zuen Urrutiak: euskarazko bibliografia. «Urtero-urtero euskarazko liburuak bildu, sailkatu eta ondorio zehatzak atera ditu, euskal bibliografia oso baten esperantzan». Eta zentsurak isildutakoa ikertzeko nahiarekin lotu du hori, La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983) doktore tesia ekarrita.«Hor dago Torrealdairen ahalegin frankoren emaitza. Hor dago barne-barnetik lotua bere osterantzeko arloa: euskararen gutxiestea eta zokoratzea».

«Beti bilatu izan du bere ezaupideak herriaren zerbitzu eta onurarako izatea. Herri euskaldunari kultura, azpiegitura sendoakasmatuz eta gauzatuz: Anaitasuna, Jakin, EuskaldunonEgunkaria, XX.mendeko euskal liburuen katalogoa, Euskaltzaindia...».Kate oso baten katebegitzat jo zituen Urrutiak, «herriaren garapenera eta askatasunerako helburuarekin» jarritako katebegitzat.

«Aparatu oso bat izan zen»

Torrealdaik hasi zuen, atzo, Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak biltzarraren bigarren eguna, Lourdes Otaegi aldamenean zuela. Argi utzi zuen zentsura frankista «aparatu oso bat» izan zela, eta «aurretiazko izaera» izan zela aparatu hura bereizi zuena. Egungo zentsura, kontrara, «likidoa» dela azaldu zuen: «Era guztietako formak hartzen ditu: askotan lerro editorialen atzean ezkutatzen da, ekonomiaren ikuspegia hartzen du, ideologikoa... Birus mutante bat bezala ere definitu izan dut».

Frankismoaren zentsura aparatua, baina, gertutik ezagutu zuen Torrealdaik. Jakin aldizkariaren zuzendari zela, 1969an «bortxaz» itxi zuten, harik eta 1977an berriz kaleratzea lortu zuten arte. Orduko Euskal Herrian «basamortu kultural bat» zabaldu zela azaldu zuen. «Desgiroa», Yon Etxaideren hitzetan. Torrealdai: «Editorialak falta ziren, kazetariak, elkarteak... Hori zen orduko Euskal Herria, eta zentsurak giro hori eskastu egiten du; artikuluak ezin dira idatzi, gaiak ezin dira landu. Eta gizarte bat horrela aberasten da. Gizartea hila da truke ideologiko gabe».

Literatur idazkeran ere eragina izan zuen zentsurak. «Kode batzuk» erabili zituzten idazleek. «Rikardo Arregi Aljeriari buruz aritzerakoan, Euskal Herriari buruz ari zen, eta denok ulertzen genuen». Gogora ekarri zuen Arestiren kasua ere, eta gehitu: «Ateratzen dena ez da derrigor idatzi dena».

Frankismoko urteak igarota, «jendeari bere memoria itzultzeko garaia» helduta, zauriak estaltzera jo zela salatu zuen Torrealdaik. Salbuespenekin; Martin Ugalderena, kasurako. «Desmemoria programatu horren ondorioak orain ere bizi ditugu. Gure belaunaldikook eten izugarri bat izan genuen aurrekoarekin, gerra zela-eta. Ez genuen eduki memoriaren transmisio bat; gero deskubritu behar izan dugu».

Horrexegatik omendu zuten, bada, Torrealdai atzo: memoria horri bizirik eusteko eginiko lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.