Literatura. 'Enarak itzuli dira'

Iragan poetarekin elkarrizketa

Idazlea: Gari Berasaluze. Musikaria: Sergio Ruiz G-Txabarri Serge. Argitaratzailea: Booktegi.

Aiora Sampedro -

2019ko ekainak 23
Gari Berasaluzek poema bilduma argitaratu du Booktegirekin. Argitaletxeko gainerako liburu guztiak bezala, idazle getariarraren poemategia eskuragarri dago bertsio elektronikoan editorialaren web orrian, eta zenbait testu, gainera, musikatuak izateko erabili ditu Eraso eta Osso taldeko Sergio Ruiz G-Txabarri Serge abeslari eta musikariak.

Sergio Ruizen musikak bat egiten du poema-bildumaren tonu, orokorrean, pesimistarekin, eta poemen neurri laburrak, orokorrean, aproposak suertatzen dira kantatuak izateko, atontze lan handiegirik egin beharrik gabe. Berasaluzek aitzinsolas gisa prestatutako testuan aipatzen du bilduman txertatutako olerkiak denbora askoan zehar idatziak izan direla eta, beraz, ez dutela osotasun komun bat (badira olerki narratiboak, aforismoak, poesia surrealistatik gertuago daudenak...). Bestalde, aipagarria da hainbeste denboran itzaletan izandako poemak une honetan argitaratzearen arrazoiak ere adierazten direla epilogo horretan. Hala ere, nabarmendu daiteke lana alderik alde zeharkatzen duen ahots-poetikoaren tonu nostalgikoa. Poema gehienek iragan zoriontsuago bati —gehienetan desamodiozko istorio bat kontatuz— edo etorkizun ezinezko bati egiten diete erreferentzia. Adibide baterako, liburuan gehien aipatzen den hitza baina da, poemetan pilatzen diren ideien artean etengabe ageri den aurkakotasunaren adierazpide gisa uler daitekeena.

Izenburutik bertatik ageri da iraganarekiko lotura horren aipamena. Hemen, enarek balio metaforikoa hartzen dute, eta Berasaluzeren sarrera-testuari elkartuz, iraganaren presentziari orainalditik begiratzeko joera azpimarratzen dute. Preseski, sarrera-testuaren ondotik, liburu guztiari zentzua ematen dion aipu bat txertatu du egileak; artegatasun sentipen hori nabarmenduz: «Maletarik gabe, iraganik gabe, ametsik gabe».

Hortaz, poema-bildumaren esanahia, eta bildumako pieza gehienena, nahiko gardenak dira; izenburu nagusi horren barnean, atal gehienak interpretatzen errazak suertatzen dira, eta mezua zuzen-zuzen iristen zaio irakurleari. Zentzu horretan, gainera, ahots-poetikoak usu bigarren pertsonako forma hartzen du, eta hartzaile hipotetiko bati zuzentzen zaio, gehienetan aipatutako auhen hitz horiek helaraziz. Bestalde, Berasaluzeren ibilbideari begira, badira iraganeko oroitzapenak poemen artean; badute 1996an argitaratu zuen Azaro urrunetako intifadak poema-bildumarekin harremanik, bai tonuak, bai gaiek... Hori guztia elkartuta, mezua zenbaitetan gardenegia bilakatu daiteke.

Baina gardentasun horren alde, aitortu behar dut euskarri digitaleko formatu horrek nabarmendu egiten duela testu guztiak bat eta bakarra balira bezala irakurtzeko abagunea direla, eta horrek erraztu egiten du Enarak itzuli dira poema-liburua bezalakoak musikatzeak. Nik gehiago disfrutatu ditut musika-pieza gisa, olerki gisa baino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna