Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

HANDITZEA TXIKIZIOA DELAKOAN

EAEko Ingurumen eta Hirigintza fiskalak tramiterako onartu du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua geldiarazteko eskaria. Iñaki Uriarte arkitektoa buru, herri mugimendu batek salatu du ustezko irregulartasun eta lege hauste «multzo bat» egon dela Norman Fosterren proposamenean eta hura onartzeko prozesuan.
Iñaki Uriarte arkitektoa.
Iñaki Uriarte arkitektoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko urriak 24 - Bilbo

«Norman Fosterren proiektuak ez du Bilboko Arte Ederren Museoa erreformatzen: deformatu egiten du». Esaldi horrek laburbil dezake Iñaki Uriarte arkitektoaren oposizioaren funtsa. Dioenez, bere buruari egindako enkargu profesional bat balitz bezainbesteko zorroztasun eta temaz heldu dio azken denboraldian Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko asmoaren hutsuneak azaleratzeari, eta lanak geldiaraztea du azken helburua. Izan ere, ondarearen aurkako erasotzat du eraikina handitzeko asmoa. Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat ere bada Uriarte, eta plataforma horren izenean helarazi die irregulartasun eta ustezko lege hauste «multzo bat» zerrendatzen duen txosten bat bai Espainiako fiskal nagusiari, bai eta EAEko Ingurumen eta Hirigintza alorreko fiskalari ere. Tramitera onartu berri du eskaria azkenak, eta, beraz, plataformak egindako salaketen artean gaia epaitegira eraman ahal izateko bezainbeste zantzu badagoen aztertuko du orain. Noiz, eta, hain justu, egokitzapen lanak hastekoak direnean.

Proiektua salatzen dutenen ustez, Bilboko Guggenheim museoarekin lehiatzeko bezain erakargarria den proiektu arkitektoniko bat lortzeko saiakera bat da Bilboko Arte Ederren Museoa handitzea, funtsean, eta Miguel Zugaza museoko egungo zuzendaria da asmo horren bultzatzaile nagusietako bat, postua onartu zuenenetik izan baitu ahotan zabalpena. Horretarako, ordea, museoko arduradunek eta erakunde publikoetako ordezkariek hainbat arau eta lege hauste egin dituzte, txostenean diotenez. Irregulartasunak salatu dituzte bai proiektuak jasotzeko antolatutako lehiaketan, bai lanak onartzeko prozesuan, bai eta proiektuaren beraren ezaugarrietan ere. Horregatik, «urbizidio» ere izendatu izan du Uriartek handitzea.

Lehen aldian, 1996tik 2002ra izan zen Bilboko museoko zuzendari Zugaza, eta ia hamabost urtez Madrilgo Prado museoko zuzendari izan ostean bueltatu zen berriro Bilbora, 2017an. Itzuli zenerako mahai gainean zegoen museoa handitzeko ideia, eta Zugazarekin heldu da egungo punturaino. 2018an egin zuten proiektuak aurkezteko nazioarteko lehiaketa, eta 2019ko udan jakinarazi zuten Foster eta haren laguntzaile aritu den Luis Mari Uriarte arkitektoaren taldea suertatu zela garaile, Agravitas izeneko proiektuarekin. Epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia, eta arkitektoaren proposamenak museoaren egungo eraikinekiko azaltzen zuen «errespetua» nabarmendu zuten, gainera.

Eraikina «ezabatzea»

23 milioiren bueltako aurrekontua aurreikusi diete lanei, eta Euskadi plazako trafikoaren nondik norakoak eraldatzeko ere baliatuko dute aukera. 2023rako nahi dute museoa martxan, nahiz eta Fosterren diseinuak aukera emango duen ordura arte ere eraikina partzialki ireki ahal izateko. Zubi bat eraikitzearekin alderatu du egin asmo dutena arkitektoak. Egungo eraikinak bere horretan utzi, eta haien gainean pausatzen den estalki erraldoi moduko bat eraikitzea proposatzen du proiektuak, eta, guztira, 2.000 metro koadro baino gehiago irabaziko dituzte horrela erakusketak egiteko, gorantz bi solairu gehituta.

Ordea, proiektuak azaltzen duen errespetuari buruzko guztiz bestelako ikuspegia du Uriartek. Haren hitzetan, Fosterren diseinuak «ezabatu» egingo du egungo eraikina, «batez ere gauez», eta kaltegarri suertatuko zaio ondoan duen Casilda Iturrizar parkeari ere, eta, gogorarazi duenez, babestuta daude biak ala biak. Eta, hain justu, babes maila horrek eskatzen dituen prozedurei izkin egitea egozten diete txostenean museoko arduradunei eta agintariei.

Testuan salatzen denez, ustez Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko bi artikulu hausten ditu Fosterren proiektuak, Euskal Kultur Ondareari Buruzko Legeko zortzi, eta Espainiako Estatuko legediko hiru. Horrez gain, babes maila horren arabera egin beharreko hainbat ikerketa egin gabe daudela ere salatu dute, eta baita Agravitas proiektuak lehiaketako oinarriak urratzen dituela ere, Casilda Iturrizar parkerantz luzatzen den hegal batek gainditu egiten dituelako lehiaketaren oinarrietan ezartzen ziren mugak.

Fiskalak txostena tramitera onartu duela da nobedadea, halere. Muinean, proiektua aurkeztu zenetik hasita tantaka-tantaka agertuz joan diren salaketen kontaketa judizial moduko bat da museoaren defentsarako mugimenduak aurkeztutako txostena.

Gardentasuna eta kritikak

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute museoaren patronatua, eta handitzeari buruz antolatutako prentsaurrekoetan berretsi dute proiektuaren garrantzia. Dena legearen arabera egin dela ere adierazi dute. Museoko zuzendaritzarekin ere kontaktuan jarri da BERRIA, txostenean datozen salaketei buruz galdetzeko. Museoko ordezkariek azaldu dutenez, ordea, oraingoz ez dute «inongo bide ofizialetik» salaketarik jaso, eta gaiak izan dezakeen garapen judiziala ikusi artean, eta haren garrantzia onartuz, nahiago izan dute aspektu jakinei buruzko iritzirik ez plazaratu. Baieztatu dute proiektua «gardentasun osoz» egin dela, eta fase bakoitzean egin beharreko urrats guztiak eginda.

Hasieratik altxatu ziren ahots kritikoak, halere. Proiektua hautatu zuen epaimahaia ere ez baitzen egokia izan, Uriartek idatzitako txostenaren lehen puntuetako batean zehazten denez. Arkitektoak aipatzen dituen arauen arabera, halako lehiaketetan, gutxienez, epaimahaiko kideen bi heren arkitektoak izan behar dira, baina, Foster hautatu zuen epaimahaiaren kasuan, hamar kide izan zituen epaimahaiak, eta haietako lau baino ez ziren arkitektoak. Gainera, Luis Fernandez-Galiano zen lau arkitekto horietako bat, eta Foster fundazioko kide ere bada bera. «Irregularra» da hori ere, Uriarteren hitzetan, eta lehiaketa egiterako irabazlea erabakita zegoen susmoa du horregatik.

Lur publikoa «pribatizatzea» ere egozten diote Fosterren proiektuari. Izan ere, gaur egun Francisco Durrio eskultoreak sortutako eskultura hartzen duen plazatxoa ere museoaren barrura sartuko luke Agravitas proiektuak. Txostenean gogorarazi dute, ordea, plazatxo hori ez dela museoarena.

Eusko Jaurlaritzak handitze lanei buruzko txosten propio bat idatzi behar duela ere gogorarazten du Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Mugimendu Zibikoak, baina, zehazten duenez, ez dago argi ikerketa hori egin ote duten. Fiskalari helarazitako txostenean diote propiotzat hartutako kanpo txosten bat badagoela, eta hor ere arau hauste bat ikusten du Uriartek. «Iruzurra da», salatu du: «Txosten hori ez da balekoa».

Horrez gainera, bideragarritasun ekonomikoari buruzko bi txosten eta proiektuak ingurumenean izango duen eraginari buruzko beste bat ere falta direla argudiatzen du fiskala aztertzen dabilen txostenak, eta horiek gabe ezin direla lanak hasi.

Kontrako ebazpena

Ez da Uriarteren iritzi hutsa, halere. Mugimenduak San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiarengana jo zuen babes eske, halako kasuetan harengana joateko aukera onartzen baitu Espainiako Kultura Ministerioak. Monumentu eta Ondarte Artistikoaren Batzordeak museoa handitzeko lanen aurkako txosten «irmoa» egin zuen, eta hura ere txertatu dute fiskalei helarazitako eskaeran.

Txostenaren bideak zer eman dezakeen, ikuskizun, protesta ekintzei ere eutsiko diela azaldu du museoaren defentsarako mugimenduak. Duela egun gutxi batzuk, esaterako, eraikinaren aldeko bijilia bat antolatu zuten hamaika kandelaren argitan, eta aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmoa berretsi du Uriartek. Eusko Jaurlaritzako Kultura Batzordean agerraldia ere egin nahi dute, eta hitzaldi sorta profesional bat ere egin nahi dute azaroaren 8an, Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren aitzakian.

Sinadura bilketa bat ere jarri zuten abian iaz, eta Uriartek gogorarazi du 72 sinadura bildu dituztela. Eta, kopuruaz gainera, sinatzaileak nor diren ere nabarmendu nahi izan du. Tartean direlako, adibidez, Euskal Herriko Arkitekto Kolegio Ofizialeko dekano ohi bat, Bizkaiko ordezkaritzako bi presidente ohi, Eusko Jaurlaritzako Ondareari Buruzko Batzorde Aholkulariko kide izandako hiru arkitekto, eta Kultura Saileko Kultur Ondarearen Zentroko zerbitzuburu ohi bat.

Uriarte ez dago museoak espazio gehiago lortzearen aurka, halere. «Hasieran, beti aipatzen zen hiriko beste eraikin bat museoarentzako moldatzeko aukera, eta hori zen Iñaki Azkuna Bilboko alkateak defendatzen zuen bidea ere». Proposatu den moldaketa zehatza da berak geldiarazi nahi duena.

Ordubete pasako solasaldian, bitan izan du ahotan Donostiako Arte Ederren eraikina ere. Erreformak egiten hasi ziren astean bertan heldu baitzen erreformak geldiarazteko agintzen zuen epaia, hilaren hasieran, kautela neurri gisa. Astelehenean ekin, ostiralean eten. Ancora izeneko elkarteak jarri zuen salaketa kasu hartan, eraikina oraindik ere babestuta zegoela argudiatuz. Hotel bat egitea da asmoa, eta Donostiako Udalak eman zuen lanak hasteko baimena. Udaleko ordezkariek azaldu dute 2017an babesa bertan behera geratu zela, baina epaitegiek ebatzi beharko dute orain bi ikuspegietako zein gailenduko den. Eta ispilu horretan begiratu du Uriartek ere Bilboko Arte Ederren Museoaren kasua.

Londresen ispilua

Areago. Bilbokoa ez litzateke Fosterri geldiarazten zaion lehen obra izango, Uriartek oroitarazi duenez. Londresen, esaterako, geldiarazi egin zuten Fosterren taldeak diseinatu behar zuen The Tulip izeneko behatokia. 305,3 metroko altuerako dorre erraldoi bat eraikitzea zen asmoa, baina agintariek bertan behera utzi zuten 2019an, hiriaren itxura sakonki eraldatuko zuela argudiatuz, eta ondoan zuen Londresko Zubiaren ikuspegiari ere kalte egin ziezaiokeelakoan, zeinak Gizateriaren Ondare izendapena baitauka. Bada, Euskal Herrian Londresen gertatutakoaren berri heldu zen bezala, Uriartek Londresera helarazi nahi luke Euskal Herrian gertatzen ari denaren berri: «Izen ezaguna da Fosterrena, eta ongi legoke nazioartera ere egin dugun salaketaren berri helduko balitz. Beste dimentsio bat emango lioke horrek».

Oraingoz, beren bide paraleloetan, lasterketa geldo moduko batean dirudite hala eraikuntza makinek nola txosten judizialek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Durangoko Azokarako prestaketa lanak, Landakon. / ©Jon Urbe, Foku

Txandaka, baina Landakon

Ainhoa Larretxea Agirre

Txanda sistema sortu dute Landako gunean eta Plateruenan sartzeko. Txanda bakoitzean 1.200 lagun sartuko dira, eta egunean bortz izanen dira.

Aurten ere BERRIAk postu bat izango du Durangoko Azokan. / ©Marisol Ramirez, Foku

Uzta berria ondu du BERRIAk

Ainhoa Larretxea Agirre

Besteak beste, Joan Mari Torrealdaik zendu aitzinetik idatziriko azken liburua eramango du BERRIAk Durangora: 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta'.

Berri Txarrak-en liburuaren aurkezpena Ahotsenean, 2019ko Azokan. / ©Marisol Ramirez, Foku

Azokari arnasa ematen diotenak

Ainhoa Larretxea Agirre

Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendaria eta Leire Urbeltz artista, kartela eskuetan. / ©Monika del Vall, Foku

Iraganari erreferentzia eginez

Ainhoa Larretxea Agirre

Leire Urbeltz artistak egin du Durangoko Azokako kartela, aurten. Kili-kili aldizkariko pertsonaia nagusia egokitu du queer ukitua emanda.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.