KRITIKA. Antzerkia

Intxaurrondo gaixoa

2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

'Intxaurra'

Konpainia: Mairu. Zuzendaritza: Mairu, Manex Fuchsen laguntzaz. Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi, Gaizka Sarasola. Argiak: Andoni Mendizabal. Soinu diseinua: Ibai Gogortza. Musika: Ibai Gogortza, Gaizka Sarasola. Eszenografia: Adrian Labadie, Eduardo Conde. Jantziak: Marodi Sorkuntza. Lekua: Lesakako Harriondoa kultur etxea. Eguna: abenduak 10.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketan estreinatu ondoren, Intxaurra antzezlana etxean bertan taularatzeko txanda iritsi zaie Mairukoei. Bertako eta inguruko beste herrietako ikusleok Lesakako Harriondoa aretoa lepo bete dugu, konpainia amateur honek —eta Gaizka Sarasolaren testuek— duten prestigioak erakarrita. Eta, bai, amateur esan dut, baina antzerkizaleok jakin badakigu taularatu dizkiguten azken lanak izenondo horretatik harago doazela, eta hori dela eta, Mairu bezalako konpainiek amateur/profesional kategorizazioa kolokan jartzen digutela.

Intxaurra antzezlanean, beren estiloari berriro eutsi diote, nola eutsi ere! Kontakizun mailan, Terexa protagonista nagusiak, gaixo sentitu arren, bere biriketako enfisemari ez diola kasu handirik egiten azaldu digute; aitzitik, emakumeak etxe ondoko intxaurrondoaren gaitza baino ez du kezka. Gainera, garuna ere gutxika-gutxika nahasten ari zaio, eta, agian horregatik, sendagilearekin duen hitzorduaz ahaztuta, arbolarekin hizketan ari dela, zendutako ezagunak ikusten ditu han-hemenka. Eta bai, agian idatzi dut, zeren, Sarasolaren testuen ezaugarrietako bat da mundu onirikoa zein magikoa errealitate objektiboarekin nahastea, geruza sinbolikoa eta errealista elkarrekin urtzeraino; horrela, Terexa mundu liminal batean kokatuta dagoela onarturik, eta memoria faltak gertatzen zaionarekin zerikusirik ez duela barneraturik, ikusleak ulertzen du Intxaurra-n iragana eta oraina zein natura eta gizakia gauza bera direla.

Garaia eta kokapen geografikoak zehazten ez diren arren, aktoreek gerra eta muga hitzak errepikatzen dituzte. Gainera, soinu diseinu zoragarriari esker, Lesakako antaparetako ur hotsak zein euskal intxaurren kraskak aditzen ditugu. Musikaren presentziak aipamena merezi du, eta baita antzezpenerako hautu ez-naturalista mesedegarria egin izanak ere. Antzezle guztien efikaziaren harira, azpimarratzekoa da Josune Etxeparek, oholtzatik desagertu gabe, nola sostengatzen duen lanaren pisua. Une bereziak izan dira umoreari eskainitako elkarrizketak eta aktoreen agerraldi mutuetako ibilerek sortutako irudi fotogenikoak. Jantziek zein atrezzoko elementu txikiek —hostoak, pipa, bufanda, kandelak, intxaurrak...— duten garrantzi poetikoa ezin dut kritika honetan ahaztu, ezta, Brechten gurdia eta Becketten Godoten esperoan-eko arbolaren isla diren eszenografiako amaren orga eta intxaurrondoa. Horiekin batera, Rulforen errealismo magikoaren hatsa aditu dugu hildakoen presentzietan; baina, halarik ere, ezin ukatu Mairu taldeak Lesakatik bertatik modu unibertsalean hitz egiten digula bere lengoaia estetiko pertsonalarekin, bere xendra partikularretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.