Albistea entzun

Musika

Ukuiluko kantuak

Neil Youngek 'Barn' diskoa atera du, eta Crazy Horse taldeko lagun zaharrekin grabatu ditu kantuak, berreraikitako ukuilu batean. Pasarte elektrikoak eta une lasaiagoak tartekatu ditu diskoan.
<em>Colorado</em> azken aurreko diskoa argitaratu eta bi urtera kaleratu du <em>Barn</em> Youngek.
Colorado azken aurreko diskoa argitaratu eta bi urtera kaleratu du Barn Youngek. NILS MEILVANG / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2021eko abenduak 19

Bere belaunaldiko beste musikari batzuk bezala, Neil Young bi bide ari da jorratzen azkeneko urteetan diskoak argitaratzeko orduan. Batetik, Archives sail amaiezinaren barruan iraganeko grabazio argitaratu gabeak ari da kaleratzen apurka-apurka —gehienak zuzeneko emanaldietan jasotakoak, baina baita bere garaian argitaratu gabe gelditu ziren estudioko diskoak ere (Hitchhiker)—; eta, bestetik, disko berriak grabatzen eta kaleratzen jarraitzen du, eta alderdi horretan ere oparotasun handiarekin, azkeneko urteetako disko zerrendari erreparatuz gero: A Letter Home (2014), Storytone (2014), The Monsanto Years (2015), Peace Trail (2016). The Visitor (2017), Colorado (2019).

Zerrenda horri gehitu beharreko azkena da Barn (2021), orain dela bi aste kaleratu zuena, eta musikari kanadarraren nortasun zeinu guztiak biltzen dituena. 1970eko hamarkadan, bakarka nahiz Crazy Horse taldearekin grabatutako disko klasikoetan, fYoungek egiteko modu bat finkatu zuen, lasaiagoa batzuetan eta sutsuagoa besteetan, eta molde horri eusten saiatzen ari da azken hamarkadan, 1980an egin zituen esperimentu gorabeheratsuak eta mende hasierako lan askotarikoak alde batera utzita. Beraz, Poncho Sampedro gitarristak Crazy Horse utzi ondotik grabatutako bigarren disko honetan, Youngen jarraitzaileak ez du sorpresa handirik hartuko, baina bai, ordea, musikariak ondoen egiten dakienaren beste uzta bat.

Diskoa ekainean grabatu zuten Youngek, Billy Talbotek (baxua), Ralph Molinak (bateria) eta Sampedroren ordezkoak, Nils Lofgrenek, Coloradoko (AEB) mendietan berreraikitako ukuilu (Barn) batean. Young: «Ukuiluak berak nortasuna dauka; giro berezi bat. Ukuilua musikaren bidez hizketan ari zaizula pentsatuko zenuke ia-ia».

Song of The Season kantua hasi eta badirudi Youngek Harvest (1972) edo Comes a Time-n (1978) sartu ez zuen pieza bat berreskuratu duela. Gitarra akorde soil batek eta aho soinuak eremu oso ezagun baina goxoan kokatzen dute entzulea, eskusoinua eta perkusio leun bat sartu aurretik. Youngek ez du askorik behar klasiko itxura duen kantua osatzeko.

They Might Be Lost eta amaierako Don't Forget Love ia biluzia musikariaren alde lasai, pausatu eta akustiko horretan kokatzen dira, baina Barn Crazy Horserekin grabatutako bilduma izanik, pasarte elektrikoak, gitarra distortsionatuak eta erritmo oinarri soil baina indartsuak nagusitzen dira diskoaren parte handi batean, nahiz eta Barn-en ohi baino neurritsuago azaltzen diren Young eta lagunak.

Heading West apartak —Ragged Glory (1990) bikainaren outtake bat izan zitekeen—, Canerican-ek eta Human Race-k dakartzate diskoko gitarra gordinenak, Crazy Horserekin grabatutako aurreko diskoekin lotzen direnak. Baina badira pianoa nabarmentzen den bi pieza ere —blues ukitu lausoko Shape of You eta Tumblin' Thru The Years lasaia—, eta baita abiadura geldoko pieza ilun, elektriko eta luze bat ere: Welcome Back.

76 urte bete berri dituela, Youngek bere bidea egiten segitzen du; itxuraz, gelditzeko asmorik gabe. Kantuak egin eta ahalik eta azkarren grabatzea bere egiteko bakarra izango balitz bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.