'Jamaikako neska'

Hariari tira eta tira

Idazlea: Joxemari Iturralde. Argitaletxea: Pamiela.

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Uda aurretik argitaratu zen Pamiela argitaletxean Joxemari Iturralderen Jamaikako neska fikziozko lana. Liburuaren kontrazalean kontakizunaren protagonista eta narratzailea izango denak bere burua aurkezten du: Dafne Zorregieta Rondaall, aita euskaldun eta ama holandarra dituen neska jamaikarra. Kontakizunean zehar jakiten joango denez, amak garai hippy eta eroa bizi izan zuenean Holandatik Mexikora lekualdatu zen bizitzera, eta aitak Euskal Herritik ihes egin eta Ameriketan barrena bidaiatzeko beharra sentitu zuenean ezagutu zuten elkar, Mexikon; gero, Jamaikara lekualdatu, eta alaba izan zuten, banantzen amaitu bazuten ere. Alabak behin baino gehiagotan aipatzen du nobelan zehar familia-joera izan dela etengabe lekualdatzea, eta baiki, irakurleak Dafneri munduan zeharreko bere bidaian zehar lagunduko dio, azken orrialdeetan Euskal Herrian amaitu arte.

Beraz, nobela Dafnek bizitzan zehar topatuko dituen pertsonaia eta istorioen arteko kateatzea izango da; istorio bakoitzaren barnean beste bat kokatuko du narratzaileak, eta, nobelaren amaieraraino ia, Dafneren bizipenek baino leku gehiago izango dute tartean agertuko diren pasarteek. Narratzaileak ezin besarkatuzko mundu baten sentsazioa helarazten dio lana irakurriko duenari, Historia nagusiaren barnean gurutzatzen diren hainbat istorio txikiren batura osatuz. Nolabait, idatz-estilo horretan dago lanaren originaltasuna eta indargunea, aise baitabil irakurlea gertakari batetik bestera. Horrela, Dafneren ibilbidea bere istorioa osatzera iritsiko da; familiako zenbait belaunaldiren historiaren xerka, Euskal Herriko azken hamarkadetako pasarte historikoekin loturik amaituko du kontakizuna: Dafnek bere aitona-amonen jaioterriak eta beren gaztaroa ezagutzera joko du Gipuzkoako zenbait herri goierritarretara, eta bertan harrapatuko du ETAren armagabetzeak eta behin betiko desegiteak.

Nobelan zehar kateatzen diren istorioek kontakizunaren lekurik nagusiena hartzen dutela esan badugu ere, liburuko azken orrialdeetan laburtzen den pasarteak dirudi narrazioaren zentzua osatzeko pisu handienekoena. Hala ere, badirudi idazketa prozesu guztiaren aitzakia azken orrialde horietarainoko bidea osatzea dela, azken pasarte horretan hartzen baitu berezko ahotsa narratzaileak, zenbait pertsonaiaren arteko elkarrizketaren bidez ETAren jardunaren eta Euskal Herriaren inguruko hainbat posizio etiko azaleratzen baitira.

Amaierako orrialde horietan sortzen den efektua narratzaileari nahiko gatazkatsua gertatzen zaiolako sentsazioa izan dut. Debate etiko-politiko horretatik Euskal Herriarekiko harreman anbibalentea azaleratzen da, eta nolabaiteko asperraldia igartzen zaio kontakizunaren haria gidatzen duen ahotsari. Eta, horren eraginez, nobelaren askapena hortik eratortzen dela irudi luke, protagonistari geratzen zaion irtenbide bakarra zibilizaziotik urrundu eta euskal mendietan ezkutatzea delarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.