Literatura. 'Luminiszenteak'

'Petits récits'

Egileak: Igone Mariezkurrena Fernandez eta Irantzu Pastor Ordoki. Argitaletxea: Farmazia Beltza.

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan nahikotxo hitz egin da Palestinaz eta bertan bizi dituzten gordinkeriez, baina historia handiez soilik, «ikusgarrienez». Ezagutzen ditugu naziorik gabeko lurraldeetako martirrak; ez, ordea, martir horien emazteak, amak, alabak. Nork galdetzen die horiei? Honetan ere, betiko gaitzarekin egiten dugu topo: historiak izen eta diskurtso androzentrikoa dauka; bitartean, emakumeak itzaletan daude. Igone Mariezkurrena kazetariak eta Irantzu Pastor argazkilariak emakume subalterno horiei, mugetan eta ertzetan bizi(iraun) dutenei, okupaziopean daudenei hitza ez ezik, ahotsa ematea ere zeinen garrantzitsua den erakutsi digute argitaratu berri duten Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait liburuan. Kultura Comunicación y Desarrollo KCD GGKEk eta Film sozialak Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak babestutako proiektua bonbillatxo bat da iluntasunean, Palestinako, Indiako, Euskal Herriko eta Lakota Nazioko 63 emakumeren historiei dagokien lekua eta espazioa eskaini baitie, hitzez nahiz argazkiz. «Emakume zapaldu» esatea, agian, erredundantea izan liteke, heteropatriarkatu pandemiko honek eraginda, berez delako emakumea zapaldua, alegia, «emakume» esan eta «zapalkuntza» entzuten dugu gehienok. Kasu honetan, baina, erredundantzia ez da debaldekoa, ez dago lekuz kanpo, liburuan jasotzen diren mikro-historietako emakumeek, bat ez, baizik eta bi guduren erresistentzia izan behar baitute: gudu historikoarena eta gudu domestikoarena. «Ama apurtzen bada, familia osoa eroriko da». Dudarik barik, Mariezkurrenak eta Pastorrek zapalkuntza bikoiztasun hori, zenbaitzuen kasuan hirukoitza ere badena, modu abegikor batean eta mimo handiz ekarri dute orriotara.

Hasieratik erakarri nau formatuak: irakurleak ez ditu kronika soilak aurkituko, ezpada errealitatea zintzotasunez islatzen dituzten diskurtso eta irudiak; benetakoak dira argazkietan agertzen diren aurpegiak, agenteak eta gerrak. Izan ere, Pastorrek eguneroko uneak eta keinuak, oharkabean pasatzen zaizkigunak, baina beste edozer gauza baino errealagoak direnak jasotzeko abilezia fina erakutsi du. Protagonistak, hortaz, ez dira idealizatzen, ez dute posatzen, diren-direnean agertzen dira, egunero egiten dituztenak egiten, eta gardentasun horrekin emakumeak are gizatiarrago errepresentatu direla iruditu zait. Koloreekin eta hauen bitartez ere asko erakusten dute konposizioek; esango nuke argazkilariak lekuan lekuko esentzia joko kromatikoz islatzea eta historia horiek guztiak sinpletasunarekin zehaztasunez betetzea lortu duela. Emakumeen diskurtsoen artean tartekatzen diren testuak, halaber, zorrotzak dira, Mariezkurrenaren hitzek itzulingururik gabe kritikatzen eta salatzen dute; ez dira betegarriak, injustiziak ebakitzen dituzten labanak baizik. Emily Dickinsonen hitzak neure eginez, inork ez daki zein den bere benetako neurria zutunik jarri arte, eta Mariezkurrenak eta Pastorrek, batek kode linguistikoz, besteak bisualez, baina, bi-biek emakume zokoratu horiek guztiak zutik eta ondo tente jarri dituzte liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.