ATZEKOZ AURRERA

Jolas bat tokiko saltokien alde

'Googaz 3.0' egitasmoak eta Gasteizko Udalak ihes gela antzeko bat antolatu dute Gasteizen, bertako merkataritza gazteen artean sustatzeko. Hogei taldek parte hartu dute.

Gasteizko hainbat gaztek parte hartu zuten atzo erronkan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bi neska gazte, sakelakoa eskuetan, Gasteizko Udaleko Gazteria Bulegoan. Antolatzaileak ongietorria egin die, eta segituan ekin dio lehiaketaren jarraibideak azaltzeari. Valentina eta Andrea Pineda ahizpek adi entzun dituzte azalpenak. «Aplikazioa deskargatuta daukazue, ezta?», galdetu die Irati Arrien Jauregi Googaz 3.0 proiektuko arduradunak. Baietz erantzun dute neskek. «Proba hasteko, QR kode hau eskaneatu behar duzue, eta aplikazioak egiten dizkizuen galderak zuzen erantzun behar dituzue», esplikatu die.

QR kodea eskaneatu, eta ekin diote lehiaketari Pineda ahizpek. Lehen galdera, erraza: «Zer da tokiko merkataritza?». Hiru erantzunen artean «logikoena» hautatu dute bi neskek, eta lehen ehun puntuak irabazi. Zailagoa da bigarren itauna: «Zenbat saltoki txiki daude Gasteizen?». Zalantza asko dituzte, eta 500 jarri dute. Okerra da erantzuna: mila inguru dira. «Hainbeste?», esan du, harrituta, Andreak. Punturik ez dute irabazi, baina hurrengo galderari ekin diote. Gasteizko elikagai tipiko bat idazteko eskatu die aplikazioak. Honetan ere duda ugari. «Patata? Erremolatxa?», bota du Valentinak. «Ez, horiek Arabako produktu tipikoak dira. Gasteizkoa....Vasquitos eta Neskitak jarriko dugu?», esan dio Andreak. Balio du erantzunak, eta txokolatezko gozo famatuak egiten dituen hiriko gozotegira joateko eskatu die gailuak, saltokiari eta gozoari argazkia ateratzeko. Hara abiatu dira Pineda ahizpak, erronka betetzera.

Tokian-tokiko merkataritza sustatzea da asmoa, ihes joko etaginkana formatua erabilita. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei abentura bat bizitzeko aukera eman die Googaz 3.0 proiektuak, Gasteizko Udalarekin elkarlanean. Atzo egin zuten lehen deialdia, eta bizpahiru lagunek osatutako hogei taldek parte hartu zuten, goizez eta arratsaldez. Datorren larunbatean ere izango da parte hartzeko aukera. «Gazteria aktibatzea eta herriko arazoen soluzioen parte izatea nahi dugu; kasu honetan, tokiko merkataritza sustatzeko», azaldu du Arrienek. Ihes-gela jolas antzeko batekin, Gasteizko tokiko saltokiak ezagutzeko eta horiek hobetzeko aukera eman nahi diete parte hartzaileei. Aplikazio batekin egiten dute erronka: galderei erantzun behar diete, saltokiei argazkiak atera, QR kodeak kalean bilatu... Araban beste bi herritan ere egingo dituzte jolasak: Amurrion eta Laudion. Tokiko merkataritza hobetzeko ideia hoberenak egiten dituzten taldeak Arabako kopan lehiatuko dira, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako talde irabazleek hamabost egunez Europatik interrail bidez bidaiatuko dute. «Beste herrialdeetako tokiko merkataritza ereduak jasotzea da helburua».

Pineda ahizpak Aiztogile kalera abiatu dira, tokiko elikagaiak saltzen dituen denda bat topatzeko asmoz. «Gazteok McDonalds-era edo saltoki handietara joateko ohitura dugu, eta ez gara ohartzen hemengo merkataritzaren garrantziaz», dio Valentinak. Topatu dute denda, atera diote argazkia, erantzun dituzte galderak, eta joan dira kalean barrena ezkutuan dagoen QR kodearen bila. Bitartean, Gazteria Bulegora iritsi da hirukote bat. Hiru neska gazte dira. Kodea eskaneatu, eta lehen galdera agertu zaie pantailan. Zuzen erantzun dute, eta denda txiki batera abiatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.