Haur eta gazte literatura. 'Bizitza motor gainean'

Arriskatu gehiago, faborez

Idazlea: Xabier Mendiguren. Argitaletxea: Elkar.

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hemezortzi gutun idatzi dizkio Ainarak Valentzian ikasten ari den Jone lagunari.

Jonek erantzuten omen dio, Ainarak esaten duenez.

Bidaia iniziatiko baten kronika irakurriko dugula iradokitzen zaigu lehen gutunetik, aurreraxeagoko atal batean Che Guevararen gaztetako bidaiaren aipamenak indartzen duen promesa.

Datarik agertzen ez badute ere, iraila eta Gabonak bitartean idatzitakoak direla ondorioztatzen da, gehienak Sopela eta Urduliz arteko Basaguren deritzon auzo asmatu batean amama zaintzen duen bitartean, baserrian, amaren jaiotetxean.

Lehen gutunetik ezagutzen ditugu trama osatuko duten pertsonaia kasik guztiak, eta gainerakoak kontaketaren haria abiatu ahala agertuko dira. Esaterako, diru eske kantuan aritzen den mutil begi-berde gitarra jotzailea.

Ainara pertsonaia apala da, euskal estereotipo ohikoenaren eredura egina: ausarta-baina-ez-hainbeste, esanekoa, noblea... Bere buruaz, ordea, bestelako iritzia du. Adimen korapilatsua duela iruditzen zaio, beti filosofatzen eta buruari bueltak ematen aritzen dela, Joneri aitortzen dionez. Behin baino gehiagotan irakurriko dugu «ez dizut txapa sartu nahi» batekin desenkusatzen.

Halako testuinguruan, irakurleak bi iturrietatik espero dezake plazera, pentsatzen dut nik: izan liteke Ainarak ezusteko zirraragarriak bizitzea, haien bidez heldutasuna irabazi eta bizitzaren fase berri batera jauzi nola egiten duen ikusi-ikasi dezagun irakurleok; edota goza genezake Ainarak bere gutunetan prosarako abilidade ezohikoa erakutsita, bai hausnarketetan, bai ideiak papereratzeko moduan.

Baina prosalari arrunta da Ainara. Amorragarria ere bai, hausnartzen hasten den bakoitzean Joneri «ez dizut txapa sartu nahi» esanda, hain zuzen, interesgarria izan zitekeen huraxe mozten duena: hausnarketa. Zer, zergatik eta nola sentitzen den aitortzeko ausardia falta du, eta gutun aspergarri mortalak idazten ditu, arruntak. Ez du dirdirarik, ez adierazteko moduan, ezta esaten duen horretan ere.

Baina Ainarak ez du arriskurik bizitzen. Auzokoaren moto zaharrean Bizkaian eta Gipuzkoako kostaldean zehar ibiltzen da: Mundaka, Lekeitio, Ondarroa, Zumaia, Zarautz, Donostia. Geldialdietan herri bakoitzari buruzko topikoren bat edo beste aireratu, eta aurrera. Zero abentura. Egiari zor, azken bi atalak emozioz beteak dira protagonistarentzat, baina irakurleak ez du emozio hori partekatzeko aukerarik, amaierarako gordetako ezusteko narratibo baten karian agertzen delako. Are gutxiago emozioak adierazteko Ainarak duen gaitasun eskasarekin.

Halakorik «benetan» bizitzea gertatuz gero, esperientzia gogoangarria izango da esne mamitan hazitako 18 urteko neskato batentzat, baina literatur testuinguru batean oso motz gelditzen da. Finean, nerabe ameslari batek irudimenarekin jolasteko aitzakia ematen dute gutunok, egitera ausartu ez, eta Ainararen bidez eskapada bat egitearen zirraratxoaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.