Sarah Jane Turtle. Itzultzailea

«Epelegi ari dira batzuk euskara eta euskal kultura sustatzeko orduan»

'Tom Sawyer-en abenturak' liburuaren itzulpenarekin Euskadi Literatura Saria irabazi zuenean egin zen ezagun askorentzat Turtle. Baina urteak daramatza doktore tesiak eta artikuluak itzultzen. 22 urtez ingeles irakasle ere aritu da.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Ezkio-Itsaso
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Itzulpenak egiteak eskatzen duen lasaitasuna eta arreta ematen dio Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) bizitzeak Sarah Jane Turtle itzultzaileari (Croydon, Ingalaterra, 1952). Ingeles azentua duen arren, primeran moldatzen da euskaraz. «Hasieratik izan nuen argi euskara ikasi nahi nuela; are gehiago Iñaki [Mendiguren] ezagutu nuenean», esan du. Berrogei urteren ondoren, etxean bezala sentitzen da Euskal Herrian. «Oporretan pozik joaten naiz sorterrira, baina baita handik hona itzuli ere. Hemen oso gustura eta eroso bizi naiz».

Ingalaterrakoa jaiotzez, eta espainiar eta alemaniar filologian lizentziaduna. Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?

Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nituen. Bi hizkuntza aukeratu behar genituen, eta urtebete pasatu behar genuen atzerrian. Nik alemana eta gaztelania aukeratu nituen. Lehenengo Laudiora [Araba] bidali ninduten. Bost hilabete egin nituen Laudioko Altzairuak enpresarako itzulpenak egiten. Ingelesetik gaztelaniara eta alemanetik gaztelaniara egiten nituen. Urte eta erdi neraman gaztelania ikasten. Beraz, oso esperientzia ona izan zen ikasteko, benetako eskola. Bilbon bizi nintzen, eta, anglikanoa naizenez, eliza protestante bat topatu nuenjoateko. Han ezagutu nuen Iñaki [Mendiguren], nire senarra. Gero Alemaniara joan nintzen, eta, handik, Erresuma Batura karrera amaitzera. Urte eta erdi falta zitzaidan amaitzeko. Dena den, Iñakirekin harremana hasi nuen. Oporretan elkartzen ginen, eta maiz idazten genion elkarri. Nik Bilbora etorri nahi nuen, eta zorte handia izan nuen. Karrera amaitu aurretik lana topatu nuen hemengo enpresa batean itzulpengintza eta idazkari lanak egiteko. Azterketak amaitzen utzi zidaten, eta hurrengo astean Bilbora etorri nintzen. 1975. urtetik Euskal Herrian bizi naiz.

Franco hil zen urtea zen, gorabehera handiko garaia. Nola duzu gogoan urte haietako egoera politikoa?

Beldurrez eta interesez bizi izan nituen garai haiek. Edozein txoko eta momentutan izaten ziren manifestazioak, eta Polizia berehala agertzen zen. Ez zuen zerikusirik Erresuma Batuko egoerarekin. Gainera, lan eta bizileku baimenak lortzea ez zen erraza. Baina jendearen eskuzabaltasunari esker erraz egokitu nintzen.

Gaur egun, zein harreman duzu sorterriarekin?

Nire bi anaia han bizi dira, baita ilobak ere. Normalean, urtean behin joaten naiz bisitatzera, eta maiz hitz egiten dut haiekin. Asko gustatzen zait hara joatea, oso pozik joaten naiz lagunak ere bisitatzen ditudalako. Baina onena daitzuli ere pozik itzultzen naizela. Izan ere, hemen oso gustura eta eroso bizi naiz. Hemen nagoenean asko kasu egiten diet hango gaur-gaurko gaiei. BBC telebista ikusten dut, eta The Guardian Weekly astekaria irakurtzen dut. Bertan, atal bat dago Erresuma Batuari eskainita.

Azken urtean, puntako albiste izan da Eskoziaren independentziari buruzko galdeketa. Nola kasu egin zenion prozesuari?

Interes handiz kasu egin nion. Galdeketa aurretik, abuztuan, oporretan egon nintzen sorterrian. Jendea lasai zegoen. Ni ez nengoen ez alde eta ez kontra. Baina oso ondo eta egoki iruditu zitzaidan nola gauzatu zen prozesua. Eskoziarrei beren iritzia ematen utzi behar zitzaien. Hori zen garrantzitsuena. Emaitzari dagokionez, nik ez nuen espero baietza ateratzea. Izan ere, emozionalki independentziaren alde zeuden oro har, baina beldur batzuk zituzten arrazionalki. Nireustez, prozesuak aldaketa batzuk ekarriko ditu, eta gauzak beste modu batera antolatuko dira.

Euskal Herrian ikusten dituzu halako prozesu bat abiatzeko baldintzak?

Egon beharko lukete, baina, zoritxarrez, ez ditut ikusten. Ez dut uste, gainera, aurki izango direnik, batez ere Espainiako Gobernuaren jarreraren ondorioz. Nik uste beldurra diotela galdetzeari. Erresuma Batuko Gobernuaren kasuan, ez zegoen halakorik, eta prozesua gauzatzea onartu zuen.

Nola ikusten duzu gaur egun Euskal Herria?

Madrilekiko independentzia gehiagoren beharrean ikusten dut. Energia gehiegi gastatzen da Madrilekin negoziatzen. Gure bidea egiten hasi beharko genuke, baina ez da erraza. Izan ere, euskal gizartean sakabanaketa politiko handia ikusten dut. Nik beti esaten dut: «Munduan bi euskaldun geratuko balira, hiru alderdi sortuko lituzkete». Sakabanaketa hori handia da abertzaleen artean, eta, nire ustez, batasun handiagoa egon beharko luke. Bestalde, euskal kultura eta euskara gehiago garatzeko eta sendotzeko beharra ikusten dut. Euskaldun askok epelegi jokatzen dute horretan. Konpromiso handiagoa behar da horretan.

Zuk hasieratik izan zenuen argi euskara ikasi behar zenuela?

Bai, eta are gehiago Iñaki ezagutu ostean. Harritu egiten nintzen ikusten nuenean hemengo jendea euskara ikasteko asmorik gabe. Nik argi izan nuen poliki egingo nuela, patxadaz. Izan ere, oso hizkuntza zaila da. Garai hartan oso material gutxi zegoen, gainera. Dena den, saiatzen nintzen euskaraz nekien guztia euskaraz esaten. Eta hitz eginez ikasi nuen. Orain, etxean, Iñakik eta biok euskaraz egiten dugu.

Euskararen egoeraz zein iritzi duzu?

Nik berrogei urte daramatzat hemen, eta izugarri aurreratu dela uste dut, besteak beste, hizkuntzaren normalizazioan. Are gehiago, kontuan hartuta berrogei urte ez direla asko hizkuntza batentzat. Nire ustez, erabilera da egun dagoen arazoa. Nahiz eta lehen baino gehiago erabiltzen den esparru batzuetan. Nabarmentzekoa da hezkuntzak eta hedabideek egindako lana eta ekarpena.

Tom Sawyer-en abenturak liburua itzultzeagatik Euskadi Literatura Saria irabazi zenuen senarrarekin. Nolakoa izan zen liburua itzultzeko prozesua?

Erresuma Batuan oporretan geundenean jaso zuen itzulpena egiteko proposamena senarrak. Berehala joan ginen liburu denda batera, eta liburua erosi genuen. Hasieran, zail xamarra iruditu zitzaidan liburua. Kontuan izan behar da 1870ean idatzitako liburu bat dela. Baina Iñakiri proposamena onartzeko esan nion. Beste batzuetan bezala, itzulpena egiten lagundu nion, garbi ez zituen gauzak argitzen. Astean behin biltzen ginen horretarako; beraz, ohi bezala egin genuen. Aldea izan zen Galtzagorri Elkarteak nire izena ere jartzea proposatu zigula. Baietz esan, eta espero gabe saria irabazi genuen. Oso pozgarria izan zen, eta ohorea Euskadi Literatur Saria irabazten duen lehen kanpotarra izatea.

Harry Potter itzultzea baino zailagoa izan zen?

Ez nituzke alderatuko, bi liburu oso desberdinak baitira. Baina Harry Potterzailtasun handiakdituen liburua da, hiztegi asko duelako, eta, batez ere, esapide asko. Baina halako itzulpenak beti dira erronka polita. Joko eta esapide horiek lana horren aspergarria ez izaten laguntzen dute. Hori ere inportantea da

Zuk, dena den, beste itzulpen mota batzuk egiten dituzu egunero: doktore tesiak, artikuluak... Zein alde dago batetik bestera?

Doktore tesiak eta artikuluak itzultzea, ziurrenik, aspergarriagoa da. Baina liburuek lan gehiago eskatzen dute, eta proportzioan ez da horren ondo ordaintzen. Gainera, liburu bat itzultzen ari zaren bitartean, bestelako lanekin ere jarraitu behar duzu, hori baita zure egunerokoa eta bezeroei erantzun egin behar diezu. Liburu baten itzulpena onartzeko konbentzituta egon behar duzu.

Oraindik ere gutxi itzultzen al da euskarara?

Dezente itzultzen da, baina batez ere literatura. Beste arlo guztietan oso gutxi; euskal merkatuaren mugak ikusten dira hor. Aldi berean itzulpengintzarako baliabideak ikaragarri ugaritu dira, hiztegiak eta abar.

Prestakuntza berezirik egiten al duzu orain?

Prestakuntzarik onena jardutea da. Hau da, itzulpenak egin ahala trebatzen zara. Urte hauetan egin dudan prestakuntza bakarra Elhuyarrek antolatutako Word Fast ikastaroa izan zen. Word Fast itzulpenak egiteko laguntza programa bat da. UEUn egin nuen ikastaroa, bakarrik ikastea oso zaila baita. Asko errazten du lana.

Ingeles irakasle ere aritu zinen 22 urtez.

Bai, Arrasateko akademia batean. Enpresetara ere bidaltzen ninduten irakastera. Oro har, lanarekin oso pozik nengoen. Baina, gerora, batez ere enpresetako taldeetan, sakabanaketa handia zegoen. Askotan, lanagatik, ez ziren eskolara etortzen. Nik ez nuen haiengan aurrerapenik sumatzen, eta motibazioa galdu nuen zertxobait. Gainera, hara eta hona ibili behar nuen. Azkenerako, nekatu eta aspertu egin nintzen. Orain, eskolak emateko trebetasuna mantentze aldera, herriko mutil bati ematen dizkiot eskolak, musu-truk. Dena den, egun oso gustura bizi naiz, etxean lana egiteak aukera ematen baitit nire egunerokoa nahi dudan moduan antolatzeko.

Nolako ingeles maila ikusten diezu hemengo gazteei?

Irakaskuntza arautuan ingelesa irakasteko dagoen sistemak ez du funtzionatzen. Nire ustez, umeak goizegi hasten dira ingelesa ikasten, eta ez du merezi. Eskandinaviako herrialdeetan oso ondo hitz egiten dute ingelesa, eta beranduago hasten dira. Ni, adibidez, hamaika urterekin hasi nintzen eskolan atzerriko hizkuntzak ikasten. Frantsesarekin hasi nintzen, eta gogoan dut lehen urte hartan asko ikasi nuela. Nire ustez aproposagoa da hori, ordurako badakizulako irakurtzen eta idazten. Orain, ingelesa ikasten hasten dira ama hizkuntzan irakurtzen eta idazten jakin gabe. Sisteman aldaketa bat egin behar da. Helburua izan behar du ingelesa izatea tresna bat beste gauza batzuk ikasteko. Horrek are erakargarriagoa eta interesgarriagoa egiten du ikasketa prozesua. Ikastolen Elkartea oso material polita lantzen ari da bide horretan, eta ni laguntzen ari naiz. Bestalde, gurasoak obsesionatuegi ikusten ditut, seme-alabak ahalik eta azkarrena has daitezen ingelesa ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.