ATZEKOZ AURRERA

Memoriak besarkatuta

Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen eliza inguratu dute, bai mezuen bitartez, baita giza kate batekin ere. Eraikin hori memoria eta giza eskubideen gune bihurtzeko eskatu dute.

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Errotuladore beltza eskuan gerturatu zen pankartara, eta idazten hasi: «Apezpiku jauna, itzuli herriari berarena dena». Bi pauso atzera eman, esaldia irakurri, eta bertatik urrundu zen. Egoera hori maiz errepikatu zen atzo, Zaramagako San Frantzisko elizaren inguruan jarritako pankarta luzearen aurrean. Memoria Gara ekinbidearen deialdiari erantzunez, dozenaka herritar gerturatu ziren hara, eguerdi partean. Helburu bera zuten bildutako guztiek: 1976ko sarraskia gertatu zen eliza memoria eta giza eskubideen gunea izateko eskatzea, bai mezuen bitartez, baita eliza inguratuz ere.

San Frantzisko elizaren inguruan ehun metroko pankarta zabaldu zuen Memoria Garak. Gehienek, 1976ko martxoaren 3ko gertakariak buruan, mezuak idatzi zituzten bertan. Egun horretan Polizia oldartu zitzaien tenpluan batzartuta zeuden langileei: bost pertsona hil zituzten, eta ehun baino gehiago zauritu, erdiak balaz. «Tiro egin zuen polizietako bat irakasle izan nuen; izen horiek ezin dira ahaztu», esan zuen gizonezko batek, pankartan «Quintana Saracibar» idatzi bitartean. «Memoria lan daitekeen gihar bat bada, memoria historikoarekin beste horrenbeste gertatuko da», erantzun kideak.

Ez zen fededunik gerturatu elizara ekintzak iraun zuen bitartean. Ez da halakorik gertatzen 2014. urtetik; Gasteizko Apezpikutzak gurtzarako itxi zuen eliza urte horretan. Erabiltzen ez dutelako eskatu zion Memoria Gara ekinbideak Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainari elizaren erabilera. Hobeto esanda, batzartzeko eskatu zioten gotzainari, gaiari buruz hitz egiteko. Nerea Martinezek, Memoria Gara-ko kideak, honela laburbildu zuen apezpikuaren erantzuna: «Ez du bildu ere egin nahi izan gurekin».Martinezek gaineratu zuen horrek ez duela baldintzatuko haien asmoa: «Ez dugu etsiko, eta bestelako bideak zabalduko ditugu gure helburuak betetzeko». Plataformak bestelako bideak urratzeko aukera iragarri zuen. Hori gertatu artean indarrak batzen jarraitzeko beharra nabarmendu zuen.

Maria Teresa Pontonek indar batuketa hori islatu zuen atzo; 1935ean jaio zen, eta, Emakumeen Asanbleako kide zela, bete-betean bizi izan zuen 1976ko sarraskia: «Gertatu zena gal ez dadin egiten dugun dena ona izango da, baina berandu goaz». Haren lekukotza jaso dute berriki 3M: Memoria. Las mujeres de Gasteiz en la matanza del 3 de marzo de 1976 liburuan (Gasteizko emakumeak 1976ko martxoaren 3ko sarraskian), beste hainbat emakumerenarekin batera. Haietako batzuek parte hartu zuten atzoko ekintzan. Bada, emakume horiek eta bertaratutako guztiek eskuak lotu zituzten San Frantzisko eliza inguratu zuen giza katea osatzeko. Erdietsitako lorpena traka batekin ospatu zuten.

Bolbora usaina inguruan zabaltzen zen bitartean amaitu zuten ekitaldia. «Etorkizunean antolatuko ditugun ekintzetan zuek ere parte hartzea nahiko genuke», agurtu zen Martinez. Agurrarekin batera, antolatzaileak pankarta jasotzen hasi ziren, etorkizuneko ekintzetan baliatzeko. Tutuetan biltzerakoan, mezuak jarraian irakurtzeko parada egon zen. Apezpikuari idatzitako mezutik gertu beste bat zegoen: «Gutxi batzuen interesek ezin dute baldintzatu gehiengo baten ondarea: memoria!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.