Katalunia

Puigdemont indartzeko saioa

JxCk dio ez diola uko egingo bere liderra inbestitzeari. Ondorioak onartzeko prest agertu da CUP. ERCk ez du bere jarrera argitu. Datorren astean erabakiko dute presidente ohiaren estradizioaz

Kataluniako Parlamentuan hainbat ebazpen proposamen eztabaidatu eta bozkatu zituzten atzo. Xingola horiak jarri zituzten espetxeratuta dauden JxCko eta ERCko diputatuen aulkietan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Alemania iparraldean dago Carles Puigdemont pasa den igandetik, Neumuenster hiriko kartzela batean behin-behinean espetxeratuta. Baina Junts Per Catalunya (JxC) haren alderdiak eta CUPek Generalitateko presidente inbestitu nahi dute, eta aukera hori berriro hauspotzeko ahaleginak egiten ari dira astearen hasieratik. Posizionamendu hori indartu zuten atzo, Kataluniako Parlamentuan egindako osoko bilkuran. ERCk ez du argi ikusten, ordea, saioan entzundakoagatik. Bien bitartean, Schleswig-Holsteineko Fiskaltzak atzo jakinarazi zuen Espainiako Estatuak Kataluniako presidente ohiaren kontrako euroaginduaren harira bidalitako dokumentazioa aztertzen ari dela oraindik, eta datorren astean erabakiko duela estradizio eskaera onartzen duen ala ez. Bestalde, Wolfgang Schomburg Puigdemontek Alemanian duen abokatuak eskatu du aske utz dezatela «berehala»; bestela, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalera joko omen du.

Neurri handi batean, behintzat, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordearen jarrerak elikatu du atzera Puigdemonten hautagaitza. Izan ere, joan den ostiralean zera ohartarazi zion Espainiako Estatuari: beharrezko neurriak har ditzala Jordi Sanchez (JxC) diputatuaren eskubide politikoak bermatzeko. Baina, horren berri edukita ere, Madrilek ez du bide politikoa urratzeko inolako asmorik. Hain zuzen, Kataluniako Parlamentuak ebazpen proposamen bat onartu zuen orain arte presidentegai izan diren hirurek —Puigdemont, Jordi Turull (JxC) eta Sanchez— presidentegai izateko duten eskubidea aldarrikatzeko; hiru alderdi subiranisten botoei esker onartu zuten. Gainera, legebiltzarrak JxCk, ERCk eta CUPek aurkeztutako beste proposamen bat onartu zuen, zeinak auzipetuta dauden diputatuen askatasuna eskatzen duen —Catalunya En Comuk ere alde bozkatu zuen zenbait puntutan—. Ebazpen horiek, dena den, ez dute inolako ondorio juridikorik.

Baina, saioan esandakoengatik behintzat, JxCk Puigdemonten hautagaitzari heldu nahi dio berriro. «Ez diogu uko egingo Puigdemont inbestitzeari. Presidentearen zerrenda gara, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu bere legitimitatea babesteko», nabarmendu zuen Gemma Geis diputatuak. Gaineratu zuen Generalitateko presidentetzak ezin duela «toga espainiarren» mende egon, eta hauteskundeetako emaitzak errespetatu behar direla. Elsa Artadi JxCko bozeramaileak ere tesi hori defendatu du asteon, adieraziz «sinbolikoki» ezetz, «benetan» nahi dutela Puigdemont inbestitu.

Izena aipatu ere ez

Horretan, alboan izango du CUP. Joan den ostegunean, Turullek ez zuenean presidente izateko nahikoa babesik lortu, antikapitalistek azpimarratu zuten amaitutzat ematen zituztela prozesuaren zikloa eta eman diren aliantzak, JxCk eta ERCk adostutako gobernu plana autonomista dela iritzita. Baina ikusi dute JxCkoak Madrili desobeditzeko mezua zabaltzen ari direla, eta, beraz, laguntzeko prest egongo dira. Atzo, Carles Riera CUPeko diputatua areago joan zen: «Puigdemont presidente inbestitzeko saio bat eskatzen dugu». ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie ere ados dago, eta adierazi zuen «etsipena» sentituko duela Puigdemont inbestitzeko asmoa ebazpen hutsean geratzen bada. ERCk, baina, ez zuen Puigdemont aipatu ere egin saio osoan zehar. Anna Caula parlamentaria Espainiako Estatuaren «errepresioa» salatzera mugatu zen. «Likidatzen ari dira haien estatua bera, eta zuten entzute apurra».

Urtearen hasieratik hona gertatua kontuan hartuz, ez dirudi ERCk Espainiako Estatuak aipatutako «legedia» urratzeko asmorik duenik. Dena den, Gabriel Rufianek alderdiaren azken hilabeteotako ildoarekin bat ez datozen adierazpenak egin zituen herenegun gauean. Espainiako Kongresuan parlamentari denaren esanetan, Parlamentuko Mahaiak «dena» jokoan jarri beharra dauka Puigdemont inbestitzeko. «Zeri aurre egin behar zion ez zekienak posturako ez aurkeztea zeukan», errematatu zuen. Hain zuzen, Roger Torrent haren alderdikidea da Mahaiko presidentea, eta orain arte zuhurtziaz jokatu du, jakinik Espainiako Estatua gainean duela, gustukoa ez duen erabaki bat hartuz gero haren kontra egiteko. Bide batez, atzo Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak ohartarazi zion Carme Forcadell parlamentuko presidente ohiaren «pausoak» ematen ari dela, eta badakiela bide horrek «nora» daraman. Forcadell matxinadagatik auzipetuta dago, prozesu subiranistaren harira, eta behin-behineko kartzelaldian dago joan den ostiraletik.

Comukoen proposamena

CUPek ez du ordezkaririk Mahaian, baina behin baino gehiagotan aurkeztu du bere burua bertako kide izateko. Rierak hau esan zuen atzo: «[Puigdemonten inbestidura] benetako bihurtzeko erantzukizun politiko guztiak onartzen ditugu, hori posible egiteko ondorioak barne». Bide batez, txalotu egin zuen JxCk Mahaiari atzo aurkeztutako ekinbidea. Izan ere, presidente ohiaren zerrendak Mahaiari zera eskatu zion: Puigdemontek botoa delegatu ahal izatea. Hori hurrengo bileran eztabaidatuko dute Torrentek eta organoko beste kideek. Dena dela, Puigdemont auzipetuta dago, matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita, eta auzipetze autoa irmoa denean ezin izango du diputatu izaten jarraitu, baldin eta kartzelan badago. Maiatzaren 22a baino lehenago inbestitzen saiatu beharko lukete, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hauteskundeak deituko baititu ordurako presidenterik ez badago automatikoki.

Mahaiak tramiterako onartuta dauka, halere, Kataluniako Parlamentuko Presidentetza Legea aldatu eta Puigdemont telematikoki inbestitzeko JxCk bere kabuz egindako proposamena. Baliteke hori osoko bilkura batera eramatea eta bozkatzea, baina kasu horretan Madrilek are gehiago estutuko luke makineria judiziala.

JxCk eta CUPek asmo baten berri eman zuten atzo, eta, planteamendu hori «sekulakoa, epikoaeta duina» iruditzen zaion arren, Xavier Domenech Catalunya en Comuko bozeramaileak denboran «atzera» ez egiteko eskatu zien. «Preso gehiago eragingo lituzke». Aldiz, indar subiranistei gobernu «zabal» eta «transbertsal» bat osatzea proposatu die. Hain justu, ERC ere gehiengoak zabaltzearen aldekoa da.

Parlamentuak onartu egin zuen Catalunya En Comuk eskubide politiko eta zibilak defendatzeko proposatutako ebazpena, baina CUPek eta PSCk ez zuten bat egin fronte transbersal bat osatzeari buruzko puntua bozkatu zutenean. Bestalde, legebiltzarrak ez zuen onartu Ciutadansen ebazpen proposamena, Torrenten dimisioa eskatzen zuena, ezta PSCrena ere, elkarrizketaren eta berradiskidetzearen aldekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.