Udal eta foru hauteskundeak. Bozketa eguna

HERRITARRENA DA HITZA ORAIN

Udal eta foru hauteskundeak izango dira gaur Hego Euskal Herrian. Foku garrantzitsuak daude: Nafarroa, Iruñea, Gasteiz, Gipuzkoa, Errenteria, Barakaldo... Herritarren erabakiaren txanda da, eta inbestidura saioena izango da aste batzuk barru. Europako bozak ere badira gaur, Euskal Herri osoan. Bideoa albiste barruan.

HERRITARRENA DA HITZA ORAIN.
enekoitz esnaola
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 2,2 milioi lagunek izango dute gaur udal eta foru hauteskundeetan botoa emateko eskubidea —Europako bozak ere izango dira Euskal Herri osoan—. Hala ere, bozak gaur izan arren, askotan guztia ez da gaur erabakiko, inbestidura saioetan baizik. 

NAFARROAKO ZALANTZA

Aldaketakoek eutsiko al diote gehiengo osoari? Horixe hauteskundeotako jakin-min nagusia Euskal Herrian. Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Lizarrakoa... Instituzio askoren norabide estrategikoa jokoan. Parlamenturako bozetan Ahal Dugu-k izan lezakeen jaitsiera esanguratsuak kalte erabakigarria egin diezaioke aldaketari, eta Iruñean, PSN ez den beste ezker estatalaren atomizazioak. UPN saiatu da indartzen, PPrekin eta Ciudadanosekin Navarra Suma eratuta; dena dela, Espainiako hauteskundeetan ez zuten oso emaitza ona jaso. PSNk 2015ean izan ez zuen rol bat izan lezake orain.

GASTEIZKO LEHIA

Hiriburuei dagokienez, 1979tik hirugarrenez gertatu zen Gasteizen orain lau urte: hirugarren indarreko hautagaia alkate (Gorka Urtaran, EAJ). 1979an Iruñean Julian Balduz (PSOE) jarri zen hala agintean, eta 1991n, Donostian, Odon Elorza (PSE-EE). Balduz zortzi urtean egon zen karguan; hogei urtean Elorza. Urtaranek segituko al du? Inkestek ez diote garbi. Badu kontrario gogor bat: Miren Larrion (EH Bildu). Kanpainan kolperik handienak jo dituena izan da Larrion; PP ere ezin da baztertu, indar handia baitu Gasteizen. EH Bildu balitz han irabazle, Arabako lehia estu samar legoke.

GIPUZKOAN ERE LEHIA?

EAJk duela lau urte lortu zuen Gipuzkoan, bakarrik aurkeztuta, 1983tik izandako foru emaitzarik onena, eta aurrea hartu zion EH Bilduri. Donostian ere eskuratu zuen agintea, 28 urteren ondoren. Badirudi Donostiako lehen postuari helduko diola. Gipuzkoakoari? EH Bilduk 2015eko bozetan asko sufritu zuen hondakinen auziagatik, baina ematen du orain hobeto dagoela. Aldiz, Bizkaian ez dago zalantzarik, ustez: herrialdean eta Bilbon EAJ irabazle, aise. 

UDALERRI BATZUK

EAEko udalerri handi eta ertainetan, besteren artean, PSEk berreskuratu nahi ditu Errenteria (EH Bildu dago alkatetzan), Andoain (EH Bildu) eta Bizkaiko Ezkerraldeko nagusiak (Barakaldo, bereziki; EAJ); EH Bilduk Arrasate, Bergara eta Tolosa (EAJ), Gernika-Lumo (Jose Maria Gorroñoren taldea) eta Pasaia (PSE); EAJk Bermeo, Azpeitia eta Oñati (EH Bildu); eta PPk Gasteiz. Gehiengo osorik gabeko kasuetan, interesgarri egon daitezke inbestidura saioak.

'SANCHEZ EFEKTUA' IKUSGAI

Esperotako garaipena lortu zuen Pedro Sanchezek (PSOE) apirilaren 28an, Espainiako Gorteetarako bozetan —Kongresukoetan, %28,7ko babesa—, eta Hego Euskal Herrian PSN nahikoa ongi moldatu zen, %25,7koa jasota —bigarren indarra—, baina PSE ez hainbeste, ez zelako %20ra heldu: %19,9 —bigarren—. Sanchezek oraingo kanpainan esan du apirilekoa «errematatu» egin beharra dutela. Sanchez efektua hor dela, ikusgai da PSE eta PSN zenbat jaitsiko diren ordutik —normala izango da jaistea—, edo zenbat igoko liratekeen 2015etik —foru bozetan %14 azpitik ibili ziren Araban, Bizkaian eta Nafarroan; Gipuzkoan, %16,7an—. PSNk Nafarroan giltza izateko modua izan lezake, eta PSEk, EAJrekin gehiengo oso batzuk osatzekoa. 

EUROPAN ABERTZALEAK

EAJ duela bost urte Europako Parlamenturako hauteskundeetan CEU koalizioan aurkeztu zen —besteak beste, Artur Masen CDCrekin—, eta arazorik gabe lortu zuen aulkia Izaskun Bilbao jeltzaleak. Orain, indar txikiagoekin batera aurkeztu da, CEUSen —Geroa Bai barruan da—; ez du Carles Puigdemonten taldearekin bat egin, eta horrek zailago jarri dio europarlamentari bat lortzea. 2015ean, 213.000 boto jaso zituen Hego Euskal Herrian; babes handiagoa beharko du. Dena dela, gaur udal eta foru hauteskundeak ere izateak mesede egingo dio Europakoetan boto gehiago batzeko. EH Bildu, berriz, seguru sentitzen da ERCrekin-eta Orain Errepublikak koalizioan, eta, ustekabe handirik ezean, Pernando Barrena eurodiputatu izango da. 2015ean EH Bildu izan zen Hegoaldean nagusi: 220.000 boto. Koalizioan joanda, aulki bat eskuratu zuen.

[youtube]https://youtu.be/x2Y2JFqskVQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.