'Argia'-k ehun urte. Estitxu Eizagirre. 'Argia'-ko zuzendaria (2013-2018)

«Kooperazio handiagoa behar da euskarazko komunikabideen artean»

Mendeurrena bete, eta aldaketa garaian da 'Argia': produkzio prozesuaren alor guztietan horizontaltasuna garatzen hasi ziren duela urte batzuk, eta zuzendaritzako ardurak taldean banatuko dituzte orain.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
Lasarte-Oria
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Mendeurrenarekin loturikoak prestatzen hartu du BERRIA Estitxu Eizagirrek (Hernani, Gipuzkoa, 1979). «Jatorrira bidaia moduko bat izango da», azaldu du otsaileko azken asteburuan Iruñean egingo duten ekitaldiaz. Ehun urteotan pilatutako ale eta argazki ugari ditu pilatuak mahai gainean; Eusko Jaurlaritzarekin egin duten akordio bat dela eta, material hori guztia Interneten jarriko dute.

Zein izan da Argia-k ehun urteiraun ahal izateko gakoa?

Euskarazko komunikabideek gure handitasuna erakusten dugu irauten dugun urte bakoitzean. Eta hori ez da esplikatzen ekonomia terminoetan edo enpresa kodeetan, nahiz eta oso beharrezkoa izan horretan eraginkorrak izatea. Gure urteurreneko leloa hau da: Bizi nahi duen herria. 1919. urtean sortu zen Argia, non eta Iruñean. Eta gerra bat eta gerokoak pasatu ondoren, jarraitu du egoten herri bat bizi nahi duena. Uste dugu horrek eutsi diola proiektu honi. Lorpen bat da euskarazko komunikabide batek ehun urte egitea, eta uste dugu ospakizun horren bueltan denok bildu beharko genukeela.

Nola ulertzen da «kazetaritzaren krisia» Argia-n?

Kazetaritza independentea ez dago krisian. Dena kolokan ikusten den bolada luze bat bizitzen ari gara, eta jendeak erantzunak nahi ditu: kazetaritza puri-purian dago. Krisian dagoena kazetaritza enpresak ulertzeko modua da. Krisia dago aniztasun terminoetan. Euskal Herrian inoiz baino ahots gehiago eta oreka handiagoa dago, ala txikiagoa? Ez al da batasun bat nagusitzen ari? Galdera horien oinarrian independentzia ekonomikoa dago.

Finantzaketa iturri edo molde berriak bilatu dituzue azken urteetan. Zein urrats egin nahi duzue norabide horretan?

Komunikabide bat garen heinean, gure komunitatea da gure oinarria: Argia jendea. Haiek erabakitzen dute Argia nola bizi nahi duten —Interneten, paperean...—, eta zenbat diru jarri nahi duten. Horrek erantzuten dio 1919ko filosofiari: «Gu hau gara; nahi duzu bultzatu?». Horrela ere egin ditugu harremanak beste eragile batzuekin, eta sortu ditugu edukiak, formatu ezberdinetan: liburuak, kamisetak... Bide horretan sakondu nahi dugu.

Baina horrekin nahikoa al da?

Ametsa litzateke. Ez gaitezen inozoak izan: publizitate edo diru laguntzarik gabe, ezinezkoa da. Baina horrek ez du esan nahi independentziari uko egitea. Gure artean joera dago susmopean jartzeko diru laguntzak jasotzen dituzten euskal komunikabideak, eta ez da azpimarra bera egiten espainolezko enpresa handi horiek jasotzen dituztenean.

Oso kritiko azaldu zarete erakundeek egiten duten publizitate banaketarekin. Zergatik?

Irizpideak ez direlako argiak. Familia politiko ezberdinen artean adostu behar dira, eta ez agintean dagoen edo dauden alderdiek erabakita. Argia ez da inoiz izan boterean egon den inoren kuttuna. Eta ez gara hori eskatzen ari. Guk irizpide argiak nahi ditugu, diru publikoa dagoelako mahai gainean. Eta irizpide horien arabera bakoitzak jasotzea bakoitzari tokatzen zaiona, boterean batzuk ala besteak egon. Horrek emango liguke independentzia komunikabide guztiei. Orain gertatzen dena da boterean dagoenak puztu egiten dituela bere bozgorailu diren komunikabideak, eta hori ez da batere osasuntsua demokraziarentzat.

Kooperatiba gisa egituratu zen Argia 1980ko hamarkadan. Azken urteetan, urrats berriak egin dituzue: soldatak berdindu, ardurak banatu; adibidez, zuzendaritzakoak. Zergatik?

Hemen gabiltzanok geneetan jaso dugu langileak jabe izatea. Hemen ekonomia sozialean trebatzen gara. Azken erabakia izan da zuzendari figura kentzea. Zuzendaritza bat dago, baina ardurak banatuta daude, kolektiboa da. Horrek prozesu logiko bati erantzuten dio: duela hiru-lau urte hasi ginen horizontaltasuna garatzen produkzioaren alor guztietan, soldatak berdindu genituen, eta horrek ekartzen du beste guztia. Horrek guztiak oso ondo erantzuten dio Argia-ren izaerari eta gure errealitateri. Modu honetan, kontziente gara egunero hartzen ditugun erabaki guztiek izango dutela eragina komunikabide honen geroan eta gurean.

Euskal Herriko eta kanpoko komunikabide batzuekin elkarlana abiatu duzue. Zuen edukiak besteen esku uzten dituzue, eta besteenak zuenera ekartzen. Zer lortu nahi duzue horrekin?

Txikiaren kontzientzia daukanak saiatu behar du berak egindakoa ahalik eta gehien zabaltzen. Konpetentziaren logika asko erortzen dira horrela. Guretzat eraginkorragoa da kooperazioa. Kaleratu dezakegu beste inork ez duen informazio bat, baina horregatik ez dugu lortuko erosle gehiago; are gutxiago euskarazko komunikabideok. Jendeak bere kontsumo kanalak ditu, eta ez ditu aldatzen egun batetik bestera. Gure artean kooperazio handiagoa behar da. Komunikabide espainolek askoz ere hobeto egiten dute hori, elkar elikatzen dute, eta horri esker markatzen dute agenda. Euskarazko komunikabideen arteko konpetentziaren logika absurdoa da, eta kazetaritzaren aurkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.