«Afera politikoarengatik ihes egin nuen etxetik. Ama hil egin zuten: batek makila bat hartu, jo, eta erori egin zen. Erran zidaten ni ere hilko nindutela, eta horregatik egin nuen ihes». Harekin zerikusirik ez duen istorio bat kontatzen ari balitz bezala mintzo da Mohamed Barry —izena asmatua da— 25 urteko ginearra: hotz, adierazkortasunik gabe. 2018ko azaroan utzi zuen Ginea, gibelean hiru seme-alaba eta emaztea utzita, eta joan den astean ailegatu zen Irunera. Bretainia du helburu orain: Naoned hiria, zehazki. «Ez dut familiarik han, baina lagunak bai».
Bi urte gogorreko bidaia egin du Afrikan barrena: «Malira pasatu nintzen lehenik, eta autobus bat hartu nuen Aljeriara joateko». Baina ez zuen lortu Aljeriaraino ailegatzea: «Timbuktura iritsita, tuaregek hartu gintuzten». Preso eduki zituzten desertuan: «Bost lagun ginen, eta han egon ginen aste batez: torturatzen gintuzten, jotzen gintuzten. Tuaregen torturapean hil ziren gutako hiru». Bortzetik bi, bizirik.
Dirua eskatu zieten handik ateratzeko, «baina erran genien ez geneukala ezer». Azkenean 100.000 libera ordainduta utzi zieten ateratzen: «200 euro edo». Basamortura abiatu ziren orduan: «Timbuktutik oinez joan ginen Aljeriaraino, ez genuelako dirurik autobusa hartzeko. Desertuan ibili ginen». Eta bakarrik gelditu zen: «Bi ginen, eta bero handia zegoen, urik ez genuen... Bestea han erori zen, eta han utzi nuen. Nik bakarrik jarraitu nuen aurrera: ezin nuen lagundu». Bakarrik joan zen Oraneraino, eta handik Marokora. «Marokon bost hilabete pasatu nituen, eta Ceutara pasatu nintzen, Espainiara, uretatik: motoan. Ez nuen ezer ordaindu: laguna nuen pasatzen gintuena». Ceutan igaro du konfinamendua, eta azaldu du «oso gogorra» dela hango egoera. Migranteentzako behin-behineko zentro batean eduki dute han. «Lo egiten duzu, jaten duzu, baina ez duzu lanik egiten, ezin duzu deus egin». 600 lagun inguru zeuden han: «Jende asko da hori».
Bi urte pasatu ditu familia ikusi gabe: «Nik haiekin egon nahi dut, baina ezin dut hara itzuli, egoera politikoagatik. Nire bizitza arriskuan dago».
«Tuaregen torturapean hil ziren gutako hiru»
Mohamed Barryk galdua du adierazkortasuna: hotz kontatzen du bortz lagun abiatu zirela Gineatik, eta hark bakarrik lortu duela Euskal Herrira iristea. Tuaregen eskuetan hil zitzaizkion hiru lagun, eta basamortuan laugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu