'Brexit'-a. Kronologia

'Brexit'-eranzko bidea

David Cameronek 2013an iragarri zuen EBn gelditu ala ez galdetzeko erreferendum bat egiteko asmoa. Bukatu ez den gertaera kate baten puntu erabakigarria izan zen.

Bozketa. Manifestariak Londresen, Komunen Ganberak akordioa bozkatu zuenean (2019-01-15). ANDY RAIN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Erresuma Batua da EB Europako Batasuna uzteko prozesua hasi duen lehenbiziko herrialdea. EBren aitzindaria sortu zenetik (1951) harreman berezia eta kontraerranezkoa izan du Europako estatuen batasun baten parte izateko ideiarekin. Sorreran ez zuen interesik erakutsi, erakutsi zuenean Frantziak ez zion sartzen utzi (1961), sartu eta berehala atera ala ez erabakitzeko erreferendum bat egin zuen (1975), eta 1980ko hamarkadatik galga bat paratu dio integrazioari. Gaur egungo egoerara eraman duen prozesua joan den hamarkadan hasi zela erran liteke, eta honako hau da horren laburpen bat:

LABORISTEN AGINTALDIAK

Euroeszeptizismoa

Laboristak hamahiru urtean egon ziren boterean, Tony Blair (1997-2007) eta Gordon Brown (2007-2010) lehen ministro zirela; biak, europazaleak. Hala ere, haien agintepean hasi zen egosten euroeszeptizismoaren hazkunde erabakigarria. EBren zabalkunde eta integrazio urteak izan ziren, eta, erdian, 2008an, nazioarteko finantza krisia hasi zen.

Giro horretan, UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia indarra hartzen hasi zen. Hamarkada osoan ez zuen ordezkaritzarik lortu Komunen Ganberan. Europako Parlamenturako hauteskundeetan, ordea, arrakastarekin lehiatu zen: 1999an ordezkari bat lortu zuen (botoen %6,7), 2004an hirugarren indarra izan zen (hamabi ordezkari, botoen %16,1ekin) eta 2009an ezustea eman, eta bigarren indarra izan zen kontserbadoreen gibeletik (hamahiru ordezkari, botoen %16,6).

UKIPen protagonismo horrek tory-en sektore euroeszeptikoa aztoratu zuen. 2005ean David Cameron aukeratu zuten Alderdi Kontserbadoreko buruzagi. Europazalea zen, baina euroeszeptizismoa indartu ahala, oreka bat lortzen saiatu zen, alde guztiak kontent uzteko. Egungo elur bolaren lehenbiziko malutak biltzen hasi zen. Integrazioa handitzearen aurkako jarrera hartu zuen, eta norabide horretan hasi zen pausoak eta mezuak ematen.

2009ko Europako hauteskundeetarako hilabete falta zela, erabaki zuen Alderdi Kontserbadorea Europako Alderdi Popularretik ateratzea, eta bertze talde bat sortzea Europako Parlamentuan —hau da, Angela Merkelen, Nicolas Sarkozyren, Silvio Berlusconiren eta Mariano Rajoyren kluba utzi zuen—. Kanpainan, berriz, adierazi zuen Erresuma Batuko hauteskundeak irabaziz gero, erreferendum bat eginen zuela Lisboako Ituna berretsi ala ez erabakitzeko. 2010eko maiatzean ziren hauteskunde orokorrak, baina Erresuma Batuko Parlamentuak lehenago berretsi zuen. Hortaz, Cameronek promesa bat sartu zuen hauteskunde programan: etorkizunean EBri eskumen gehiago emateko hitzarmen bat eginen balitz, erreferendum batera deituko zuela herritarrek hori egin ala ez erabaki zezaten.

CAMERON BOTERERA

'Brexit'-aren sorrera

2010eko hauteskunde orokorrak Alderdi Kontserbadoreak irabazi zituen, baina gehiengo osoa erdiesteko Liberal Demokratekin koalizioa egin behar izan zuen. Cameron lehen ministro aukeratu zuten. Agintaldiko erronka politikorik handiena Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma izan zen (2014), baina EBri buruzko eztabaida etengabe handitu zen.

Lehenbiziko txinparta argia 2011ko abenduaren 8an piztu zen. Egun horretan, Cameronek blokeatu egin zuen Frantziak eta Alemaniak EBren ituna aldatu eta diziplina fiskala ezartzeko aurkeztu zuten akordioa.

Eztabaida gogortu egin zen, eta forma hartzen hasi zen. Ingelesaren hiztegi garrantzitsuena den Oxford English Dictionary-ren arabera, brexit terminoa 2012ko maiatzean argitaratu zen lehenbizikoz —Britain eta exit solasen elkarketa—. Peter Wilding British Influence think tank-aren zuzendaria aipatzen du sortzailetzat. Euractiv hedabidean idatzi zuen artikulu bat, Estropezuka 'brexit'-erantz titulukoa. Greziaren krisi ekonomikoa zela eta, ordurako grexit solasa zabaltzen hasia zen (Greece eta exit) Grezia eurogunetik aterako zelakoan, eta Wildingek Erresuma Batuak EBrekin zuen eztabaidarekin konparatu zuen hori.

Erresuma Batuak EBko kide izan behar ote zuen ala ez bihurtu zen kontua. Aukera hori urte horretako ekainaren 30ean paratu zuen Cameronek mahai gainean, Sunday Daily Telegraph astekarian argitaratu zuen artikulu batean, eta 2013ko urtarrilaren 23an ofizial egin zuen asmoa. Hauteskunde promesa gisa eman zuen: 2015ekoak irabaziz gero, galdeketa antolatuko zuen. Bidean, euroeszeptikoak piztu zituen ezustea gertatu zen: 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeak UKIPek irabazi zituen, eta tory-ak hirugarren gelditu ziren.

Giro horretan ailegatu ziren 2015eko maiatzeko hauteskundeak. «Seguru sentitzen zen, uste baitzuen ez zegoela erreferenduma egiteko arriskurik, haren koaliziokideek, liberalek, blokeatu eginen zutelako». Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearen hitzak dira horiek, aste honetan argitaratuak BBCren dokumental batean. Tuskek dioenez, Cameronek ez zuen egiaz erreferendum bat egin nahi, eta alderdikide euroeszeptikoen presioa baretzeko erran zuen eginen zuela. Baina lehen ministroak gehiengo osoz irabazi zuen. «Paradoxikoki, Cameron izan zen garaipenaren egiazko biktima».

Dokumental horretan parte hartu duten bertze pertsona batzuek, ordea, baztertu egin dute Tusken tesia. Horien artean, François Hollande 2015ean Frantziako presidente zenak. «Ez zatekeen lehenbiziko aldia izanen hauteskunde promesa bat ez zela betetzen, baina erakutsi nahi zuen europarrekin arrakastaz negoziatu zezakeela».

ERREFERENDUMA

Ekainaren 23ko lurrikara

2015eko maiatzaren 7a izan zen hauteskundeen eguna, eta Cameronek berehalakoan paratu zuen martxan erreferendumaren makineria. Tradizioa jarraituz, handik hiru astera Erresuma Batuko monarkak parlamentuan irakurri zuen gobernuaren plangintza. 26 lege egitasmo ziren, eta horietako bat zen 2017a bukatu baino lehen erreferendum bat egitea, galdera honekin: Erresuma Batuak Europako Batasuneko kide izaten jarraitu behar al luke? Cameronek adierazi zuen baiezkoa defendatuko zuela, eta herritarrak konbentzitzeko EBrekin negoziatuko zuela Erresuma Batuaren estatusaren erreforma. Legea ekainean bertan eraman zuen Komunen Ganberara, eta soilik SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak bozkatu zuen aurka —544 boto alde, eta 53 aurka—.

Cameronek azaroan aurkeztu zizkion Europar Kontseiluari eskakizunak, eta 2016ko otsailaren 19an itxi zituzten negoziazioak, ordu luzeetako jardunaldi amaigabeen ondoren. «Erresuma Batua EBn mantentzeko akordioa», Dalia Grybauskaite Lituaniako presidenteak erran zuenez. Biharamunean, Cameronek eguna paratu zion erreferendumari: 2016ko ekainaren 23a.

Kanpaina apirilaren 14an hasi zen. Cameron eta tory-en buruzagitza EBn gelditzearen alde lerratu ziren, eta Bruselarekin hitzartutako akordioa aurkeztu zuten herritarrak limurtzeko amu gisa. Alderdi Laboristaren buruzagitza ere EBn gelditzearen alde lerratu zen, nahiz eta lider berria, Jeremy Corbyn, euroeszeptikoa zen betidanik. Remain (gelditu) kanpaina zen hori. Kontrakoan, Leave-n (utzi), Boris Johnson Londresko alkate ohia eta Michael Gove Justizia ministroa —Cameronen alderdikideak biak—, eta Nigel Farage UKIPeko burua nabarmendu ziren. Eta, ekainaren 23an, Leave-k irabazi zuen.

Herritarren %51,9k bozkatu zuten EB uztearen alde, eta %48,1ek, aurka; 1,3 milioi boto eskasen aldea. Nazioka, Eskoziak eta Ipar Irlandak EBn gelditzearen alde bozkatu zuten, baina Galesek eta Ingalaterrak aurka. Hortik aitzinera, zurrunbiloa. Hasteko, Cameronek biharamunean bertan iragarri zuen kargua utziko zuela, eta ondorengotza lehia berehalakoan hasi zen. Erresuma brexit-era bideratu zuen lemazainak ontzia utzi zuen, etorkizunaren inguruko galdera guztiak argitzeke zeudela.

MAYREN HASIERA

Irteerarako lemazaina

Bortz ministro aurkeztu ziren Cameronen tokia hartzeko lehiara. Uztailaren 11rako, Theresa May bakarrik gelditu zen, eta handik bi egunera lehen ministro aukeratu zuten parlamentuan. Hagitz politikari ezaguna zen, 2010etik baitzen Barne ministro. Erreferendumean brexit-aren aurka bozkatu zuen, baina kanpainan ez zen batere nabarmendu. Erreferendumaren emaitza betearazi, eta tory-en bi sektoreen batasunari eusteko helburua zuen Mayk. Keinu gisa, brexit-aren aldeko alderdikide ezagunak gobernuan sartu zituen; horien artean, Johnson Londresko alkate ohia —Atzerri ministro izendatu zuen— eta David Davis —brexit-a zuzentzeko ardura eman zion—. Mayk alderdiko buruzagitza hartu zuenean ezarri zuen ildoa: «Brexit-ak, brexit-a erran nahi du».

Lider sendo itxurarekin hasi zuen agintaldia, eta bi fronte nagusiri aurre egin behar izan zien lehenbiziko hilabeteetan. Alde batetik, Eskoziako Gobernuak independentziarako bertze galdeketa batetara deitzeko egin zion erronkari, eta, bertzetik, EBren presioari, bide orri bat argitzeko eskatu baitzion etengabe. 2017ko martxoan argitu zien biei erantzuna: Edinburgori, ezetz erran zion, eta, Bruselari, berriz, hilaren 29an Lisboako ituneko 50. artikulua aplikatu zuela. Atzera kontaketa hasi zen.

50. ARTIKULUPEAN

Akordiorantz, etsi-etsian

Atzera kontaketaren lehenbiziko mugarria hauteskunde orokorrak izan ziren, 2017ko ekainean. Mayk EBrekin negoziazioak hasteko legitimitatea indartu nahi zuen hautetsontzien bidez, baina hagitz gaizki atera zitzaion jokaldia. Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa galdu zuen, eta Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistarekin egin behar izan zuen akordioa gobernuari eusteko. Alderdi Laborista anitz hazi zen Corbynen gidaritzapean. Mayren kontsolamendu bakarra izan ziren UKIPen hondoratzea eta SNPren galera handia.

Guztiz ahulduta hasi zituen Mayk brexit-a gauzatzeko negoziazioak EBrekin. 2017ko ekainaren 19an hasi zituzten, eta ia urte eta erdiz luzatu ziren. Lehen ministroak iazko uztailean egin zuen proposamen definitiboa behar zuena, eta, horren ondorioz, Johnsonek eta Davisek gobernua uztea erabaki zuten, Mayk Bruselaren exijentziei men egin zielakoan —guztira, hamar bat ministrok utzi dute exekutiboa—. Halere, EBk ezetz erran zion lehen ministroaren planari, eta iazko azaroaren 25era arte ez ziren ados paratu. Lau hilabete eskas falta ziren brexit-aren egunerako.

AZAROKO AKORDIOTIK

Egoera ezezagunerantz

Etxetik kanpoko frontea konpondu ondoren, etxekoari ekin zion Mayk. Akordioa Komunen Ganberan saltzeko ordua zen. Iazko abenduaren 11rako deitu zuen bozketa, baina bertan behera utzi zuen, behar adinako babesik ez zuela ikustean. Brexit gogorraren aldeko alderdikideek konfiantza moziora deitu zuten liderraren aurka, baina Mayk gainditzea lortu zuen. Bizirik irauteko gaitasuna erakutsi zuen batzuentzat, eta, bertzeentzat, agonia luzatu bertzerik ez zuen egin.

Eguberrien ondoren, lehen ministroak ezin izan zuen bozketa gehiago gibelatu. Duela hamabi egun, porrot historikoa jaso zuen Komunen Ganberan —432 boto kontra eta 202 alde—. Porrotaren eraginez laboristek konfiantza mozio bat aurkeztu zuten Mayren aurka, baina tory disidenteek eta DUPek lehen ministroa babestu zuten. Horrela, hurrengo mugarri inportantearen atarira ailegatu da prozesua: Mayren B planaren bozketa, etzi. Bi hilabete eskas falta dira brexit-aren egunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.