Koronabirusa

Etorkizuna erabakitzea daukate kolokan

COVID-19aren ondorioz, atzeratu egingo dute selektibitatea, eta aztertzen ari dira baxoarekin gauza bera egitea. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua gaur bilduko dira Hezkuntza Ministerioarekin. Ikasleak «kezkatuta» daude.

Hainbat ikasle unibertsitatean sartzeko proba egiten, Iruñean, 2019an. IÑIGO URIZ / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Ikasleek urduritasunez bizi ohi dituzte selektibitatea eta baxoa. 2. batxilergoko eta lizeoko azken urteko ikasleek etengabe darabiltzate buruan unibertsitateko atea irekiko dieten proba horien egunak. Aurten, berriz, oraindik ez dakite noiz egingo dituzten.

Iparraldean, litekeena da baxoaren epea gibelatzea, ikasle eta irakasleei prestaketa denbora gehiago uzteko. Hala balitz, bi aukera aztertuko lituzkete: udako bakantzak atzeratzea eta, beraz, baxoa udan egitea; edo froga iraileko lehen astera gibelatzea, eta ondoko ikasturtearen hasiera pixka bat gibelatzea. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza Ministroak adierazi du ez duela asmorik «udako bakantzen egunak mugitzeko» eta, ahal dela, ekainean mantenduko dutela froga, baina Frantziako Gobernuak konfinamenduaren epea luzatu arte itxoin beharko da nondik norakoak zein izanen diren jakiteko. Hegoaldean, berriz, gaur elkartuko dira Espainiako Hezkuntza Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Jaurlaritzak nabarmendu du proba mantentzearen eta «uztailean egiteko aukera guztiak agortzearen» alde dagoela. Ohiko deialdia ekainaren 24tik uztailaren 10era egin daitekeela zehaztu du. Asmo bera du ministerioak.

Hego Euskal Herrian, aurreko astean egin zen publiko hautaproba atzeratzeko erabakia. Etxera joan behar zutela esandakoan, selektibitatearengatik «arduratu» egin zirela esan du Elaia Azpillaga (Errezil, Gipuzkoa, 2002) Azpeitiko Ikasberri Ikastolako ikasleak. Telebistaren bidez jaso zuten selektibitatea atzeratuko zutela zioen berria, eta, oraindik bigarren ebaluazioko errekuperazioak ere egin gabe dauzkatenez, erabaki zuten tutoreari galdetzea bi kontu horien inguruan. «Berak esan zigun ez zekiela ezer, eta horregatik ez zigula ezer esan». Maddi Belamendia (Azkoitia, Gipuzkoa, 2002) Azkoitia BHIko ikasleak ere komunikabideen bidez izan zuen selektibitatea atzeratzeko asmoen berri. «Pentsatzen genuen hala izango zela, baina Interneteko egunkarietan jakin genuen. Irakasleek ez ziguten ezer esan, beraiek ere ez zekitelako».

Koronabirusak ikasleen egunerokoa aztoratu du, eta ordenagailua bihurtu dute ikasteko eta hautaprobak prestatzeko lan tresna. Googleren Classroom plataformara igotzen dizkiete egin beharreko lanak eta horretarako behar duten materiala. «Etxetik ari gara lanean, baina ez da berdina», ziurtatu du Azpillagak. 08:30etik 10:30era bidaltzen dizkiete lanak, eta orduan izaten dute zalantzak argitzeko aukera ere. Lan kargak estutzen dituela nabarmendu du: «Bat-batean lan pila bat dauzkagu, eskolan egiten ditugunak baino gehiago ziurrenik». Antzera bizi du egoera Belamendiak ere. Konektatuta egon behar izaten du 08:00etatik 14:55era. Dudaren bat edukiz gero, ordenagailu bidez argitu behar izaten dute, eta zailagoa iruditzen zaio. «Adibidez, matematikan antzeman dugu azalpenen falta. Dena ordenagailu bidez idazten dute, eta jarraitzea eta galdetzea zailagoa da». Eta antzera dabiltza baxoa egitea tokatzen zaienak ere. Xaxi Hobiague (Barkoxe, Zuberoa, 2002) Etxepare Lizeoko ikaslea da horietako bat. «Bakarrik gara etxean; gelan errazagoa da ditugun azalpenak ulertzea: ikasleen artean mintzatzen gara, eta irakasleak ere hor ditugu. Baina saiatzen gara ahal dena egiten».

«Kezkatuta gaude. Batxilergoa dena gaindituz pasatzen ari gara, eta bat-batean hau tokatu zaigu selektibitatearen aurretik», azpimarratu du Belamendiak. Unibertsitatean sartzeko notaren %40 erabakitzen dute hautaprobako hiru egunetan, eta gainerako %60 batxilergoko batezbestekoa izaten da. Iparraldean, berriz, nota guztia baxoan erabakitzen dute. «Gehiegi jokatzen dugu», erantsi du Azpillagak. Antzeko sentipenak ditu Hobiaguek: «Arranguratua naiz. Aste bat bakarrik pasatu da, baina urte bukaera hurbiltzen ari da». Gainera, beste arazo bat izan dezakete euskaraz ikasten segi nahi badute: «Hegoaldera joan nahi nuke, eta beldur naiz sekulako arazoak izatea baliokidetzeak egiteko».

Pantailaren beste aldean daude irakasleak eta ikastetxeak. Horiek ere albistea komunikabideen bidez jakin zutela esan du Amado Lopez de Ipiña (Araia, Araba, 1965) Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxeko batxilergoko ikasketa buruak. Orain, klaseak digitalki ematen dituzte, eta saiatzen ari dira gaitegia mantentzen. Ikastetxean baliabideak garatuta dauzkatela azaldu du, eta alde horretatik ez dutela arazorik eduki. «Gu egiten ari gara; ez da gauza bera, baina...».

Ikasleak «larrituta ez, baina kezkatuta», ikusten ditu Lopez de Ipiñak. «Ahal den neurrian» aurrera egiten saiatzen ari direla esan du; izan ere, «asko daukate jokoan». Antzeko egoera daukate Zarauzko Oteitza lizeoan ere. Garbiñe Etxeberria (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) euskara irakasleak azaldu duenez, eskolen ordutegia mantentzea erabaki dute, eta Meet eta Classroom plataformak erabiltzen dituzte. «Gelan bezala, kontrolatu egiten dugu nor agertzen den eta nor ez, zer lan egin behar duten jakinarazten diegu, azalpenak eman...», azaldu du.

Ikasleak eta irakasleak aldaketara ohitzen ari direla esan du Etxeberriak. «Shock egoeran daude, eta batzuk besteak baino kezka handiagoaz, nota behar dutelako». Hala ere, egiten ari diren lana azpimarratu du: «Oso ondo erantzuten ari dira, eta goraipatu beharra dago haien ahalegina. Denon artean, eta haien erantzun onarekin, bagoaz aurrera». Ikasgaitik ikasgaira ere aldea dagoela ziurtatu du. «Batzuk larri xamar dabiltza, batez ere, materia oso trinkoa daukaten ikasgaietan». Esaterako, matematikan eta fisikan azalpenek daukaten balioaz jabetuta, irakasleak bideoak grabatzen ari dira.

Malgutzeko eskaera

Nahiko ziurra da hautaprobak egin egingo direla, baina noiz eta nola egingo diren da galdera nagusia. «Orain galtzen ari garen eskolak nahiko garrantzitsuak dira, eta ondo legoke gelan errepaso bat egiteko aukera izatea», esan du Belamendiak. Azpillagak ere ikasleak kontuan hartzea eskatzen du: «Gugan pentsatzea eskatzen dut, guretzat ere ez delako erraza». Etxeberriak hainbat proposamen ditu hautaprobarako: gaitegia murriztea, gutxiago kontuan hartzea azken ebaluazioko edukiak, aukeretan malgutasun handiagoa ematea... Eskaera, berriz, bakarra dauka: «Iparra markatzea ondo etorriko litzaiguke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.