Koronabirusa

Birusarekin txertorik ez

Agintariek ohartarazi dute kutsatutakoek ezin dutela txertorik hartu, gutxienez sei hilabete igaro arte. Horrez kezka sortu du orain gazte askoren artean, asintomatiko izanda txertoa hartzeko kezka baitute.

Erizain bat pertsona bat txetatzen, Donostiako Illunbe zezen plazan. JON URBE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Asteotan, txertaketa plangintzaren mugarrietako bat izan da adin tarte gazteenei ekitea. Hilabeteak dira Ipar Euskal Herrian horretarako aukera dutela, adin irizpideak bertan behera utzi baitzituzten. Hegoaldean, berriz, ez da hilabete 29 urtetik beherakoak txertatzen hasi zirenetik. Geroztik, gazte andanak hartu du txertoa jartzeko ordua, eta balorazio positiboa egin dute osasun agintariek. Baina ohartarazpen bat ere egin diete txertatzear dauden horiei: kutsatuta daudenei ordua bertan behera uzteko eskatu diete, birusa gorputzean dela txertatzea ez baita komeni. Baina zergatik da hori?

«Bi arrazoi daude horretarako», azaldu du Jokin Egia biologo eta fisikariak. «Batetik, agerikoena: sintomak badituzu eta proban positibo eman baduzu, etxean bakartuta egon behar duzu; beraz, ezin zaitezke txertatze gunera agertu». Logikoa da. Eta bigarrena ere logikoa dela uste du Egiak: «Txertoak prebentziorako dira, gaixotasuna hartu aurretik jartzeko. Gaixotasuna baduzu, ez du zentzu handirik txertoa hartzeak».

Iritzi berekoa da Borja Garcia de Bikuña botikaria. Azpimarratu du ezjakintasuna dela nagusi COVID-19aren inguruko gai guztietan; izan ere, bi urte ere ez dituen birus horri buruzko ikerketak ez dira ugariak. Baina medikuntza orokorraren oinarriak dauzka argudiotzat: «Edozein txertoren oinarrizko printzipioa da ez dela jarri behar pertsonak sintomak dituenean». Hala ere, horrek txertoaren eraginkortasunean eraginik izango duen ez du argi Garcia de Bikuñak.

Agintarien ohartarazpena testuinguru jakin batean heldu zen: Osakidetzak eta Osasunbideak txertaketa adin tarte gazteetara zabaldu dute justu horien artean intzidentzia handitzen ari zenean. Eta horrek kezkarik piztu du gazteenen artean: izan ere, jakina da COVID-19az kutsatutako asko asintomatikoak direla; gazteek birusari aurre egiteko indar handiagoa dute, eta litekeena da asintomatikoen kopurua ere handiagoa izatea gazteen artean. Horrek beste arazo bat jartzen du mahai gainean: positibo direla ez dakitenenen txertaketa, eta horrek izan ditzakeen ondorioak.

Horri buruzko azalpenak eman zituen Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak, jendearen galderak erantzun nahian. Izan ere, asintomatiko izanda txertoa hartzeak immunitate sistemari kalte eragingo zion ustea zabaldu zen zenbait tokitan. Ministerioak dudak argitu nahi izan zituen: «Eritasun baten aurkako txertoa hartzeak ez du immunitate sistema ahultzen beste gaixotasun batzuei aurre egiteko». Ez dio kalterik egingo, beraz, birusa duela jakin gabe txertatzen denari. «Baina gure gorputza birusari aurre egiten ari zaio; ezin diogu lan gehiago jarri», azaldu du Garcia de Bikuñak.

Horregatik, proban positibo izanez gero , ez txertatzeko deia egin dute, eta are gehiago: birusa izan eta hurrengo sei hilabeteetan ezingo dute hartu txertoa. Garcia de Bikuñak azaldu du horren zergatia: «Hori egiten dute guztiz ziurtatzeko organismo horrek birusaren zatirik ez duela, eta txertoa har dezakeela efektuen gainezarpenik egon barik. Hau da, bere immunitate sistema normal dagoela ziurtatzeko, ez dagoela ezeren aurka borrokan». Harekin bat dator Egia. Eta beste argudio bat gehitu du: «Birusa izan eta gutxienez sei hilabetean izaten duzun immunitatea, oro har, txertoarena baino zabalagoa da».

Dena den, Garcia de Bikuñak berriz azaldu du bere ustez immunitate sistemarentzat ez dela gainkarga handia txertoa hartuta birusaren aurka aritzea. Badaezpadako neurria da infekzioa dagoen bitartean, edo ondorengo hilabeteetan, ez txertorik jartzea:«Utzi behar zaio sistemari bere lana egin dezan, eta, behin horrekin bukatutakoan, garbi dagoenean, har dezala txertoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.