Miren Azkarate.
Euskaldunak eta euskal kultura. IRITZIA

Erraztasuna da gakoa

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ezagutu berri ditugu Siadecok Elkar Fundazioak eskaturik eginiko inkestaren emaitzak. Eta badirudi hautsak harrotu dituztela datu horiek; baina nik ez dut ikusi lehendik ere ez genekienik. Izatekotan, lerro hauek aukera emango didate batetik eta bestetik dakizkigunak batera jarri eta gogoeta pare bat egiteko; Siadecoren inkesta honetaz gain, azken bi Inkesta Soziolinguistikoak eta Euskal Kultura Behatokiaren Kultura-ohiturei buruzko panela izango ditut begien aurrean. Egia da EAEko herritarrek bakarrik osatzen dutela Euskal Kultura Behatokiaren lagina, eta, adinari dagokionez ere, 18-37 adin tarteko jendearen kontsumo-ohiturak ikertu dituztela. Hala ere, uste dut interesgarria dela datu horiek ere mahai gainean jartzea.

Lehenik eta behin gogoan izan behar dugu euskaldunak aukeran duela euskaraz ekoitzitako kultura —liburuak, musika, antzerkia...—, zein beste edozein hizkuntzatan ekoitzitakoa kontsumitzeko. Eta datu orokorrak, hizkuntza kontuan hartu gabekoak, hala-moduzkoak badira, euskal kulturari dagozkionak ere ezin askoz hobeak izan. Bestalde, eta hau ere orokorra da, berdin balio du euskarazko zein gaztelaniazko kontsumorako, errazagoa da hartzaile soil izatea —kontzertuetan, emankizunetan, telebistaren aurrean...— irakurtzea baino.

Baina nik Inkesta Soziolinguistikoek, Siadecoren inkestak eta Euskal Kulturaren Behatokikoak aipatzen duten faktore bat azpimarratu nahi dut. Gogoan izan, %28,4 dela euskalduna Euskal Herrian (Siadecoren inkestatuen %26,6 zen euskalduna). Adin-tarteari erreparatuaz, %55,4 da euskalduna 16-24koen adin-taldean; eta ia %40, 25-34koan. Baina, zorioneko baina!, elebidun horien erdiak baino gehiagok ez dute erraztasunik euskaraz jarduteko: gazteenen artean (%56,7k) eta ia erdiak hurrengo adin-taldean (%48,8k). Eta horixe da, hain zuzen ere, Euskal Kulturaren Behatokiak sartu zuen aldagaietako bat: elebidunen euskaraz hitz egiteko erraztasuna. Argi eta garbi dio Kultura-ohiturei buruzko panelak: «Euskarazko kontsumoari buruzko emaitzak oso argiak dira: hizkuntza jakintza da funtsezko faktorea; zehazkiago, erabilera erraztasuna. Faktore garrantzitsu bakarra horixe dela esan dezakegu». Datu bera ageri da Siadecoren inkestan ere: «Euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia, euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez izatea». Gazteenen artean erraztasunik eza. Helduagoen artean, berriz, gutxiago dira elebidunak; batzuk alfabetatu gabeak izango dira eta horiei ere oso nekeza egingo zaie euskaraz irakurtzea.

Beraz, datuak hobetu nahi baditugu motibazioa, euskal kulturari buruzko atxikimendua landu beharko dugu. Baina, batez ere, euskararen erabilera areagotu beharko dugu, horixe baita modu bakarra erraztasuna lortzeko. Dagoeneko lantzen hasiak garen Euskaraldia abagune paregabea da horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.