«Banpiroen» aurkako borrokak konektatzera

Feminismo garaikidearen inguruko analisiak izaten ari dira MarxFem Nazioarteko IV. Konferentziaren ardatzetako bat. Borrokak abiatzearen eta lotzearen premiaz mintzatu dira bigarren eztabaida saioan.

MarxFem konferentzian, online aritu dira Dinerstein (ezkerrean) eta Bhattacharya (eskuinean). BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez du erronka txikia marxismo-feminismoak: mundua aldatzea, iraultza antolatzea, utopia gauzatzea. Helburu horiek jarri zituzten atzo MarxFem Nazioarteko IV. Konferentzian, feminismo garaikidearen erronkei buruzko bigarren mahai inguruan. «Kapital metaketaren logikak aldatuko dituen mugimendu bat behar dugu», adierazi zuen Tithi Bhattacharya historialariak. «Pertsona guztien bidea antolakuntza kolektiboarekin konektatzea da erronka», erantsi zuen Ana Cecilia Dinerstein soziologoak. Pentsalari marxista ezagunak dira biak: Bhattacharya Indian jaioa da, baina AEBetan bizi da, Purdueko Unibertsitateko irakaslea baita; Dinerstein, berriz, Argentinakoa da sortzez, baina Batheko Unibertsitatean (Ingalaterra) dihardu. Baikor mintzatu dira, baina, aldi berean, kezkaz begiratu diote krisi «sistemikoari». Dinersteinen hitzetan, «pandemiak azeleratu du alternatibak sortzeko premia»; eta Bhattacharyaren aburuz, gero eta denbora gutxiago geratzen da aldaketak abiatzeko: «Ezin dugu esperimentatzen jarraitu».

Klima larrialdia zein COVID-19aren izurriak utzitako irakaspenak izan dituzte ahotan biek. Kapitalismoa «banpiroekin» alderatu du Bhattacharyak, «bizitza xurgatzen» duelakoan: «Sistemak bizirik mantendu behar du langilea, lan egiten jarrai dezan. Bizitza behar du mozkinak sortzeko, baina ez du bizitza zaintzeko inbertsiorik egin nahi. Eta guk ez dugu bizirik iraun nahi, baizik eta ongi egon, suspertu». Haren iritziz, «kapitalismoak bizitzarekin duen harreman kontraesanezkoaren adibide bat» eman du pandemiak: «Gauetik egunera ospitaleak eraiki zituzten, hotelak baliatu zituzten etxegabeentzat... Estatuek ekarpen ekonomikoa egin zuten langileei laguntzeko: pandemia gainditu nahi zuten, ekonomia salbatzeko. Langileen osasuna garrantzitsua da soilik beharrezkoa denean ekonomiaren osasuna mantentzeko».

Hori dela eta, Bhattacharyak ez du uste kapitalismoa erreformatu daitekeenik: «Guztia hankaz gora jarri behar dugu». Ñabardura bat egin du, dena den: «Ezin dugu konfiantzarik izan estatu kapitalistan, baina eskaerak egin behar dizkiogu. Pandemian elkartasuna ikusi dugu, bizitza behetik sortzen, baina behetik sortutako hori ez da gai konpentsatzeko inbertsio publikoaren falta. Berdin da zenbat elikagai banku sortzen ditugun: ezin dugu mundu guztia elikatu. Komunitate txikiak gara. Inbertsio publikoa beharrezkoa da».

Indarkeria ekonomiko hori «berezkoa» du sistemak, historialariaren arabera, eta horretan bat etorri da Dinerstein: «Kapitalismoan garrantzitsuena ez da jendea lanean esplotatzea, hori ziurtzat jotzen da. Kapitala indar bat da, dena sinkronizatzen du ekoizteko, eta bultza egiten du homogeneizazio biolentorantz: gure denborazkotasuna, gure sufrimenduak eta gure diferentziak ezabatu egiten dira». Osotasun horren aurrean, borroka sozialak «konektatzea» ezinbestekotzat jo du. «Sareak sortzea oso inportantea da: denok egin behar dugu ekarpena, denon artean eraiki». Eta feminismoak markatutako bidea erakutsi du: «Erreprodukzio sozialaren eremua egokia da ez hainbeste utopia abstraktuez hitz egiteko, baizik eta praktika sozialak abiatzeko».

Alternatibak eta trabak

Hala ere, pentsalari argentinarrak uste du gai asko daudela eztabaidatzeke: «Zer esan nahi du metaketaren logikaren kontra egoteak? Baliabideak banatzeaz ari gara? Erreprodukzio sozialean modu alternatiboak sortzeaz? Ezin dugu esan besterik gabe hau aldatu behar dela: alternatibak sortu behar ditugu». Bide horretan, ordea, «langile klasearen kontraesanei» erreparatu die: «Lehen, ziurtzat genuen langileak ezkerrekoak zirela, baina, orain, badaude eskuin muturreko alderdiei bozkatzen dieten langileak, eta ez dakigu oso ondo nola jokatu haiekin».

Gai horri heldu dio Bhattacharyak ere; sindikalismoak eta ezkerrak jasandako erasoak gogoratu ditu, baina akademiako ezkerrari ere kritika egin dio, bera arlo horren parte izan arren: «Neoliberalismoaren azpian mugimendu sozialek izan duten atzeraldiaren harira, konfiantza handiagoa izan dugu eztabaida teorikoetan, langile borroken politiketan baino; greba feministek erakutsi digute borroka transnazionaletara nola itzuli». Hartara, borrokak birpolitizatzea premiazkotzat jo du: «Feminismoa klase oinarririk gabe zentzugabea da, eta berdin edozein gizarte mugimendu. Klase borrokaren oinarrizko armak berreraiki behar ditugu: sindikatuak, antolakuntza feminista...».

Ekiteko deia egin du Bhattacharyak: «Hemen eta orain egin behar dugu borroka. Defendatu behar ditugu aldarrikapen zehatzak: edozein tokitako borroka iraultza baten hazia da». «Unibertsotik multibertsora» jauzi egitea proposatu du Dinersteinek: «Borroka aniztasuna feminismoaren barruan ulertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.