Hezkuntza, herritarrak mugiarazteko motor

Helduentzako hezkuntza eta prozesu parte-hartzaileak. Bi gai horiek landu ditu Emilio Lucio-Villegas irakasleak bere ibilbidean. Batuketa horrek komunitateei zer eskain diezaiekeen izan du hizpide Donostian.

Emilio Lucio-Villegas, atzo, Donostiako Miramar jauregian. UIK.
Iosu Alberdi.
Donostia
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ekintza komunitarioari buruz hausnartzeko gunea» da EHUk antolatutako Ekintza komunitarioa: erronkak eta esperientziak ikastaroa. Izenburu horri segika, Sevillako Unibertsitateko irakasle Emilio Lucio-Villegasek bere esperientzietatik abiatuta azaldu ditu etorkizunera begirako zenbait burutazio. «Demokrazia berreraikitzea» xede, parte-hartze prozesuen eta hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du.

Lucio-Villegasen ustez, demokrazia «arriskuan» dago egun, eta hura berreraikitzeko lanei ekitea ezinbestekoa da: «Pentsatu behar dugu nola atera ZIUtik». Ondorio horretara iristeko, bi arazo identifikatu ditu irakasleak. Batetik, azaldu du demokrazia «dibertsitateari egindako monumentu» gisa ulertu behar dela, eta egungo zenbait diskurtso kontrako noranzkoan doazela. Bestetik, aberastasunaren birbanaketak izandako atzerakada aipatu du: «Ez ekonomikoa soilik: soziala, kulturala, hezkuntza alorrekoa...».

Egoera horri aurre egiteko, berriz, txikitik eragiteko deia egin du irakasleak: «Hondar ale guztiek egiten dute hondartza». Bere lan esperientziek emandako irakaspenak gogoratu ditu hitzaldian. «Esperientziek», eta ez «praktika onek», irakaslearen esanetan, ez baita existitzen komunitate guztietara bere horretan egokitu daitekeen metodologiarik: «Komunitate bakoitza mundu bat da».

Lucio-Villegasen kasuan, esperientzia horiek helduentzako hezkuntzaren eta ikerketa parte-hartzailearen alorrekoak dira: «Hezkuntzak lagundu egiten du demokrazia berreraikitzen, eta komunitateetan taldeak eraikitzen». Horretarako, irakasleak aipatu du ezinbestekoa dela parte hartzean sinestea. «Pertsonei sarri kosta egiten zaie nola parte hartu ulertzea», azaldu du, eta gehitu haien aldarrikapenak «zerbait positibo» bihurtzea dela lehen urratsa; pentsatzeko eredu indibidualetik eredu kolektibora igarotzeko. «Esperantzaren pedagogia eraiki behar da», esan du gaizki dagoena seinalatzeari utzi eta hura konpontzeko urratsak egiten hasteko.

Helduen hezitzaile roletik begiratuta, Lucio-Villegasek azaldu du parte hartze komunitarioan lan egiteko beharrezkoa dela hasieratik laguntza ematea, hezitzaileen eta ikasleen arteko «konfiantza lotura bat» ezartzeko, eta bigarrenek ulertzeko lehena haiei «zerbait eskaintzeko» dagoela: «Ikertzen ari gara, baina ekiten ere bai».

Hezitzaileen lana pertsonekin batera ibiltzea dela nabarmendu du, haien «autoantolaketa prozesuetan» laguntzea: «Ez dago parte hartzerik autoantolaketa prozesurik gabe». Horiek garatu beharreko lekua zein den ere azaldu du: «Ez da espazio berririk asmatu behar. Jendeak naturalki parte hartzen duen lekuetan egingo du».

Aliantzak helburu

Prozesu guztiek ez dute akabera ona, eta hutsetatik ikastearen garrantzia ere nabarmendu du Lucio-Villegasek. Sevillan (Espainia) martxan jarritako proiektu bat hizpide, prozesu parte-hartzaileek topatu ditzaketen arazoetako batzuk aipatu ditu. Batetik, askotariko taldea izatea. Horrek ez du zertan txarra izan, baina irakasleak azaldu du lehentasunak ezartzeko zailtasunak eragin ditzakeela. Hala, adierazi du kasu hartan zenbait lagun «engainatuta» sentitu zirela, euren helburuak beteko ez zirela ikustean, eta, ondorioz, parte hartzeari uko egin ziotela. Horrez gain, erakundeek jartzen dituzten mugak, beste kolektibo batzuekin aliantzak sortzeko gaitasun falta eta parte hartzaileak protagonista sentiarazteko arazoak ere aipatu ditu.

Hori ikusita, helburu jakin bat lortzea baino gehiago, azaldu du garrantzitsua dela prozesuak komunitatea dinamizatzera bideratzea. «Helduentzako hezkuntza zentrokoa soilik ez: hartatik kanpoko jendea ere inplikatzen da», adierazi du; hau da, ehun asoziatibo eta komunitario bat sortzen da. Arrakastarako arrazoien artean daude, beraz, beste kolektibo batzuekin bat egitea, auzoan egotea, urrats berriak eztabaidatzea, eta ados egon gabe ere akordioetara iristeko gai izatea. «Garrantzitsua da egiten diren gauzak pertsonentzat adierazgarriak izatea. Prozesu parte-hartzaileak jendeak parte hartzeko dira. Behetik iritsi behar dira».

«Eraldaketarako indarra badute?», galdetu du irakasleak, eta berak erantzun: «Beti ez gaude iraultza egiteko moduan, edo egiten ari gara konturatu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.