Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako aldaketaren balantzea

Aldaketa, ispiluaren aurrean

Gobernuari eusten dioten indarrek itun programatikoa sinatu zutenetik, urrats nabarmenak egin dituzte hainbat alorretan; beste batzuetan, berriz, laukoaren barne desadostasunek trabatu dute aldaketaren bidea.

Aldaketa, ispiluaren aurrean.
Ion Orzaiz - Joxerra Senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26tik aurrera gertatzen dena gerta, argi dago amaitzear den legealdia mugarri bat izan dela Nafarroako historia garaikidean. Iragarpen apokaliptiko guztiei entzungor eginda —eta barne gatazkak gaindituta—, gobernuari eta gehiengo parlamentarioari tinko eutsi diete itun programatikoaren sinatzaileek, legealdi osoan. Legealdi honen emaitzak neurtzeko, baina, beharrezkoa da datuei nahiz 2015ean ezarritako helburuei erreparatzea. Lau urteotan zer aldatu den, eta zein puntutan gelditu den aldaketa hankamotz. Honako hauek dira gakoetako batzuk:

Kontu publikoak
Zama kendu eta finantza publikoak arnasberritu dituzte

LEHEN

Krisiaren lehen urteetan UPNren gobernuak obra publikoaren alde egin zuen apustu, eta diru sarrerak jaitsi zirenean murrizketak ezarri zituen zerbitzu publiko guztietan. Inbertsio publikoa gutxieneko historikoetara heldu zen. Hala ere, 2015eko bozak ate joka, zergak jaitsi zituzten. Horregatik, 2008tik 2015era zor publikoa 2.454 milioi (%282) handitu zen. Gainera, itzalpeko bidesarietan urtero 100 milioi eurotik gorako faktura ekarri zuten. Beharrei aurre egiteko altxortegiko dirua 1.200 milioi eurotik 50 milioira jaitsi zen; epe motzeko betebeharrei aurre egiteko dirurik ez zen.

ORAIN

Legealdia hasi eta berehala, zerga erreforma nagusia ezarri zuen laukoak. 2015etik 2018ra 769 milioi euro gehiago bildu ditu Nafarroako Ogasunak. Urteotako hazkunde ekonomikoak eragina izan badu ere, erreformak bultzada eman dio. Halaber, 2017ko abenduan Espainiako Gobernuarekin 2015-2019ko eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu zuen. Espainiako Gobernua gero eta diru gehiago erreklamatzen ari zitzaion Nafarroari, eta, ezer hitzartu ez balitz, legealdi osoan 595 milioi gehiago pagatzea exijituko zion. Akordioa hitzartu ondotik, 215 milioi itzuli behar izan zizkion foru erkidegoari. Diru sarrerak igotzearekin batera, gizarte gastua eta inbertsio publikoa (590 milioi) handitu du gobernuak. Azpiegitura handien ordez, batik bat, hezkuntza eta osasunean, banda zabalaren hedapenean, udal azpiegituretan eta errepideen mantentze lanetan inbertitu du. Azken bi urteotan superabitarekin amaitu du. Zorra handitu bada ere, iaz jaitsi egin zen. 2015etik hona 1.533 milioi amortizatu ditu. Interesen ordainketa birnegoziatu eta murriztea ere lortu du.

Laguntza sozialak
Agenda soziala izan da politikaren ardatz

LEHEN

Murrizketen lehen ondorioetakoa gizarteratze errentan izan zen: 2012an, UPN-PSNk errenta jasotzeko baldintzak zorroztu zituzten. Pobreziak gora egin zuen, eta legealdi amaieran lege hura apur bat leundu zuten. 6.700 alargunek osagarri txiki bat jasotzen zuten. Etxebizitza arloan etxeak zaharberritzeko laguntzak kendu zituzten. Menpekotasunen bat zutenen laguntzak ere murriztu zituzten.

ORAIN

Errenta Bermatuaren Legea onartu zuen laukoak, 2016ko azaroan. Errenta jasotzeko UPNk ezarritako baldintzak arindu zituzten:batetik, norbanakoei errenta 50 euro jaitsi zieten, baina haurrak zituzten familiei errenta igo zieten, 1.200ra arte gehienez. Errenta hartzaileen kopuruak nabarmen egin du gora, 9.000tik 12.800era. Halaber, batez besteko errenta 618 eurotik 676 eurora handitu da. Ondorioz, eginahala halako hiru handitu da aurrekontuetan, 37 milioitik 97 milioira. Alargunen pentsio apalak gutxieneko soldatarekin parekatzeko diru osagarriak eskaini dituzte, eta bestelako kotizazio gabeko pentsioei ere lagundu: aurrekontua bost aldiz handitu da, bi milioitik hamarrera. 12.200 pentsiodunek jasotzen dute laguntza, duela lau urte halako bi.

Polemika egon zen legealdi amaieran amatasun kenkariekin. Gobernuak erabaki zuen ez itzultzea Nafarroako legeari ez ziolako eragiten irailean Auzitegi Gorenak Espainiako legeari buruz egindako epaia. Hala ere, aurretik hala hitzartuta zutelako, laukoak onartu du urtarriletik aurrera aitatasun eta amatasun baimenengatik %25eko kenkariak ezartzea.

Etxebizitzan, legealdi hasieran gobernuak iragarri zuen ikuspegi aldaketa bat: espekulazio iturri izan beharrean, eskubide subjektibo gisa tratatuko zutela. Alokairu kenkariak handitu dituzte, alokairuko etxebizitza babestuen kopurua handitu dute, eta alokairua sustatzeko programa sustatu dute gazteen eta familien artean. Etxebizitza lege berria ere aurrera atera du laukoak eta asteon plana garatu du, hurrengo legealdian eskubideak sendotu asmoz. Lau urtean 350 milioi inbertitu nahi dituzte.

Berdintasuna
'Familia' sailetik aterata, gobernu jardunaren erdigunera

LEHEN

2015era arte, Nafarroako Gobernuak ez zuen berdintasuna sustatzeko erakunde autonomorik. Bazuen, izan, bulego txiki bat Iruñeko Karlos III.a etorbideko bigarren solairuan, Familia eta Berdintasun Institutua izenekoa. Hor arduratzen ziren genero indarkeriari buruzko txostenak eta sentsibilizazio kanpainak prestatzeaz... baina baita berdintasunarekin zer ikustekorik ez zuten beste hamaika jardueraz ere; besteak beste, familia ugariei aholkularitza emateaz edota adopzio prozesuak ikuskatzeaz. Berdintasuna eta feminismoa bazterreko kontuak ziren UPNren gobernuan. LGTBIQ kolektiboaren kasuan, ezta hori ere: ikusezina zen mugimendua, gobernu jardunaren barruan. Horrez gain, elkarteen eta administrazioen arteko harremana etenda zegoen erabat.

ORAIN

Berdintasunari atal propioa eman zion laukoak itun programatikoan. Lehen puntua: Berdintasunerako Institutuari egitura eta funtzio propioak ematea eta, Familia azpisailetik aterata, erakunde autonomo bihurtzea. Horrekin batera, generoaren auzia gobernu jardueraren zeharkako faktore bihurtu da legealdi honetan, departamentu guztietan aintzat hartu beharreko irizpide bilakatuta. Berdintasunerako Institutuaren aurrekontua ere handitu egin dute: 1,4 milioi eurotik 3,1eraino; eta, ñabardurak ñabardura, administrazioen eta mugimendu feministaren arteko harremanek hobera egin dute. Iruñeko Udalean ere nabaritu da norabide aldaketa eta elkarte feministekin landutako elkarlana; besteak beste, Sanferminak Berdintasunean izeneko taldearen barruan eta indarkeria matxistaren aurkako kanpainetan.

Legealdiko lorpenik handienetakoak izan dira, bestalde, Nafarroako Legebiltzarrean onartutako bi foru lege: batetik, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialerako 8/2017 Foru Legea, eta, bestetik, Gizon eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako 17/2019 Foru Legea. Legealdi hasieran, gainera, mugimendu feministaren aldarrikapen historiko bati erantzuna eman zion Nafarroako Gobernuak, abortatzeko eskubidea osasun sare publikoan bermatuta.

Euskara
Urratsak eginda ere, elefantea gelaren erdian dago oraindik

LEHEN

Euskararen normalizazioaren eta garapenaren kontrako jarrera suharra izan da aurreko erregimenaren ezaugarri nagusietako bat. 1986ko Euskararen Foru Legea onartzeak hiru eremutan banatu zuen Nafarroa eta, ordutik, herritarren hizkuntza eskubideak bizitokiaren araberakoak izan dira. Urteetan, gaztelania izan da administrazioaren hizkuntza bakarra, bai kartel, seinale eta agirietan, bai funtzionarioekiko zuzeneko tratuan. Izan ere, administrazioko lanpostuen %0,4tan bakarrik ezarri zuten euskara eskakizun gisara. Hezkuntzan, berriz, eremu ez-euskalduneko haurrei sistematikoki ukatu zien UPNk D eredu publikoan ikasteko aukera, eskaerarik ez zegoela argudiatuta.

Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren agintaldietan, bestalde, behea jo zuten euskalgintzako eragileen diru laguntza publikoek, ia desagertzeraino. Euskaltegiek, adibidez, ez zuten diru laguntzarik jaso 2012ko urritik aurrera, eta euskarazko hedabideentzako diru poltsa ere hutsaren hurrengoa izan zen urte horietan.

ORAIN

Oro har, urrats txikiak egin ditu lauko gobernuak euskararen alorrean, baina euskararen normalizazioaren norabidean, betiere. Legealdi hasieran, oihartzun handiko hiru kolpe eman zituen gobernuak mahai gainean: eremu ez-euskalduneko eskola publiko guztietara zabaldu zuen D ereduaren eskaintza —ordutik, urtero hazi dira D ereduko lerroak eremu horretan—, 30 urtez ukatutako lizentzia eman zion Euskalerria irratiari, eta urratsa egin zuen ETB1 eta ETB2ren seinalea Nafarroan jasotzeko.

Euskaldunen hizkuntza eskubideak kamusten dituen faktore nagusiak, baina, bere horretan dirau: 1986ko Euskararen Foru Legea. Itun programatikoa adosteko negoziazioetan, Ezkerra koalizioak marra gorri gisa jarri zuen legearen mantentzea, eta jarrera horri eutsi dio legealdi osoan, beste hiru bazkideen irizpidearen kontra. Gauzak horrela, gobernuak ez du parlamentuan gehiengorik eduki legea aldatzeko, UPN, PSN eta PPren aldera lerratu baita Ezkerra hainbatetan. Zonifikazioari eusteak, gainera, bestelako ondorioak izan ditu gobernuaren hizkuntza politikan, besteak beste, euskararen erabilera administrazioan arautzeko dekretu berria baldintzatu baitu. Hala ere, zenbait neurri hartu ditu laukoak, zonifikazioaren ertzak malgutzeko: iaz, eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistoan sartzeko eskaera egin zuten 44 udalek, eta parlamentuak onartu zuen aldaketa.

Memoria
Oroimen historikotik tiraka, ahaztutako biktimak azalera

LEHEN

Nafarroako Gobernuak, historikoki, baztertu egin du oroimen historikoaren auzia. ETAren biktimen omenezko jarduerez harago, ezer gutxi egin dute UPNren gobernuek beste mota bateko biktimei eta euren senideei egia, justizia eta ordaina emateko. Hortaz, urteetan, elkarte memorialisten eta bestelako gizarte eragileen esku gelditu izan da gertaera horiek oroitzeko ekitaldiak antolatzea, batzuetan —German Rodriguezen oroitarriaren kasuan, adibidez—, administrazioak jarritako trabak gaindituz.

ORAIN

Urteetako utzikeriaren ostean, oroimen historikoa berreskuratzeko lanari ekin zioten Nafarroako erakunde publikoek, hainbat esparrutan. Fruitu ugari eman ditu, adibidez, ikur frankistak kentzeko ekinbideak: Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txosten batean oinarrituta, 2016an ikur frankisten errolda egin zuen Nafarroako Gobernuak. 302 ikur zenbatu zituzten. Haietatik 224 ziren kale izendegiko plakak eta ereinozdunak, eta 78 ohorezko izendapenak. Ikerketan jarraitu ahala, ordea, kopurua handitu egin da, eta, gaur egun, 460 inguru dira detektatutako ikur frankistak.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Aranzadi zientzia elkartearekin sinatutako akordioari esker, 36ko gerrako gorpuzki asko aurkitu eta hobitik atera dituzte. DNA banku bat ere sortu zuen Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak, eta, horri esker, 22 pertsonaren gorpuzkiak identifikatu ahal izan dituzte. Familien esku utzi dituzte gorpuak, nahi duten tokian lurpera ditzaten. Guztira, 19 indusketa egin dituzte legealdi honetan, eta, horietan, 36ko gerran nahiz frankismo garaian fusilatutako 84 lagunen arrastoak aurkitu ahal izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.