Koronabirusa

Agintearen kolpeak hautsak harrotu ditu

Gobernuei COVID-19ak sortutako egoera kudeatzea tokatu zaie. Baina nola egin dute? Nola zuzendu zaizkie herritarrei? Galdera asko sortu dira, eta, horiek argitu nahian, BERRIAk lau adituri galdetu die.

Ertzaintza eta herritar bat, Donostian, konfinamendu hasieran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Agintariek hartutako erabakiak betetzea tokatu zaie herritarrei konfinamendu garaian ere. Baina nolakoa izan da gobernuek herritarrenganako eduki duten jarrera? Nola kudeatu dute herrialdeek COVID-19ak sortutako osasun krisia? Besteak beste, konfiantza eta informazio falta, herritarrenganako kontrola eta beldurra aipatzen dituzte hainbat adituk. Ohartarazpen bat ere egin dute: ondorioek gerora ere iraun dezakete.

Europako edo Mendebaldeko ikuspegitik harago joateko beharra azpimarratu du Ricardo Feliu (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologiako irakasleak. Asiara begira jarri da, eta esan du han esperientzia dutela, XXI. mendean beste pandemia batzuk ere igaro dituztelako. «Prestatuta ez bada ere, protokoloak eta neurriak ezarri zituzten osasun krisi horien esperientzietatik». Mendebaldean, ordea, «urrutiko zerbait bezala» ikusten zutela uste du, eta, iritsi denean, artarekin eta osasunarekin lotutako politika publikoen ondorioak azaleratu dituela. Adibidez, Espainian, besteak beste, osasungintzako murrizketei lotutako ondorioak ikusten direla azaldu du. Izan ere, argi du honako ideia hau: «Pandemia honek ez du sortzen, baizik eta aurreko egoerak azaleratzen ditu».

Feliuk esan bezala, herrialde guztien kudeaketa ez da berdina izan. Igor Calzada (Donostia, 1975) Oxfordeko Unibertsitateko akademikoa da. Europako Batasuneko herrialdeetara Erresuma Batua barne begira jarri da: «Honek erakusten du XXI. mendeko arazo globalei aurre egiteko, XIX. mendeko erakunde publikoak ditugula». Krisia kudeatzeko moduan, Alemania aipatu du, landerretan oinarrituta, eta jarraitu behar ez diren bi ere bai: Italia eta Frantzia, «oso zentralistak» izan direlakoan.

Beldurra tresna gisa

Beldurra eta obedientzia. Bi hitz horiek erabili ditu Izaro Gorostidi (Algorta, Bizkaia, 1975) EHUko Politika Zientzietako irakasleak gobernuen eta herritarren arteko harremana azaltzeko. «Harremanean eragin handia izan du gauza berri bat izateak. Horren aurrean zer erabili da gehienbat? Beldurra». Erlazio horretan obedientzia ere ikusi duela nabarmendu du, eta ikuspegi kritikoa «oso gutxi» landu dela iruditzen zaio. Naomi Klein aipatu du azaltzeko. «Berak oso argi erakusten zigun, hondamendi egoeretan, sistemak beldurraren bidez shock bat sortzen duela gizartean, eta aurrera eramaten dituela nahi dituen neurriak». Gainera, haurrak eta adinekoak izan ditu gogoan: «Sisteman produktiboak ez direnekiko umeak eta adinekoak zer jarrera eduki dute? Ez dituztela subjektu aktibo moduan tratatu».

Pauline Guelle (Paue, Okzitania, 1992) Baionako fakultateko doktore gaia da Zuzenbide Publikoan. Harremanei dagokienez, esan du ez dela «egiazko elkarrizketarik» egon, eta Feliuk «konfiantzarik gabeko» gisa deskribatu du. Calzadak, berriz, «garai zaharretako ereduekin» egin dela uste du. Eta gako bat eman du: «Herritarrak sartu behar gara gobernantza ereduan, eta horretara ez gaude ohituak».

Krisia kudeatzeko moduak eta herritarrekin izan dituzten harremanek eraginda, informazio falta sumatu dute hainbat herritarrek. Hori nabaritu du Feliuk ere. «Ez dakigu nola funtzionatzen duen [birusak], eta ez daukagu txertorik eta tratamendurik». Hori dela eta, estatuek erabakiak hartu dituzte «saiakerak» eginez.

Horri komunikazio arazoak gehitu behar zaizkiola esan du, adibidez, Espainiako Gobernuarenak. Nabarmendu du informazio faltak, komunikazio arazoek eta konfinamenduaren nekeak konfiantza faltara eta nekera eramaten duela jendea, baita konspirazio teoriak hastera ere. «Hori ere arriskutsua da, lekua ematen dielako gezurti profesionalei». Gainera, gobernuak informazioaren arloan ez direla gardenak izan ziurtatu du, «aurretik ere ez zirelako». «Gobernuak ez ditu datuak ezkutatu. Pasatzen dena da orain azaleratu direla aurretik ere bazeuden gardentasun arazoak». Guellek Frantziako Gobernuaren jarrera izan du hizpide, eta gardentasun falta aipatu. «Maskarei buruz, adibidez, ez da informaziorik, ez da argitu erabilera». Herritarrekin ez ezik, komunikazio falta sumatu du parlamentuarekin eta eskualdeetako eta herriko etxeetako agintariekin ere. Uste du apirilaren 13ra arte edo komunikazioa presidentearen (Emmanuel Macron) figuraren gainean zentratu zela, eta,gero, lehen ministroak (Edouard Philippek) hartu zuela zentroa. «Pentsatzen ahal da teknika berri horrekin lehendakariak nahi izan duela distantzia pixka bat hartu».

Kontrola eta zelatatzea. Horiek dira elkarrizketatuek aipatu dituzten beste bi ezaugarri. Guellek Frantzian sortzen ari diren mugikorretarako aplikazio bat izan du hizpide. «Lehen ministroak apirilaren 28an iragarri zuen berriz», ziurtatu du. Esan du «askatasun anitzen kontrako» aplikazio gisa kritikatu izan dela. «Izan ere, zure datu pertsonalak gobernuari ematen dizkiozu». Azaldu duenez, aplikazioak herritarrak harremanetan norekin egon diren jakiteko balio du. Jendea «biziki uzkur» nabaritu du gaiarekin, eta, hasieran dekretu bidez ezarri nahi bazuten ere, «biziki kritikatua» izan denez, parlamentura eramango dutela. Azaldu du aplikazio hori ez dela derrigorrezkoa izango: «Haien diskurtsoa hau da: 'Ez zaituztegu bortxatzen, baina hobe da egiten baduzue'».

Epe luzerako ondorioak

Zelatatzeak etorkizunean utz ditzakeen ondorioez aritu da Calzada: «Agian, gure auzoan ez da hainbeste nabarituko, baina Loiura joan behar dugunean hegazkin bat hartzera, oso argi ikusiko dugu ez dela beti bezala izango». Gaineratu du ez dakiela zelatatze mailak zenbateraino iraungo duen, baina seguru dagoiraungo dela.

Eta egoera ikusita, nola jokatu dute herritarrek? Hipotesi bat dauka Feliuk: hasieran, berritasunaren ideia zegoela uste du, eta gainera, Italiatik iristen ziren informazioak «oso gogorrak» zirela, eta Espainiako datuak «izugarriak». «Orduan, kontzientzia moduko hori dago denok ixteko, baina honek gutxi iraungo duen ideiarekin». Esandakoan beste hamabost egun luzatu behar dela, egindako espektatibak desagertu egiten diraeta frustrazioarekin lotutako elementuak agertzen dira. «Bi hilabeteren ondoren, ez dakigu zehazki nola aterako garen, birus honek nola funtzionatzen duen eta jende ezaguna daukagu ondorioak sufritu dituena». Hor sentsazioen konbinazio bat sortzen da, Feliuren iritziz: alde batetik, «arduraren etika», eta, beste alde batetik, frustrazioa kudeatzea, porrotaren ideia, ezjakintasunarena...

Calzadari, berriz, iruditzen zaio herritarrek lanabesak behar dituztela: «Orain, datu hornitzaileak gara, eta datu hornitzaile izateari utzi, eta erabakigarritasuna duten hiritar izan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.