Carlos Arce. Abokatua

«Adingabekoen eskubide oro urratu dituzte Ceutan»

Arcek salatu duenez, Espainiako eta Ceutako gobernuek legez kanpo deportatu dituzte dozenaka adingabe Marokora.

Adingane marokoarren deportazioa, Tarajalgo mugatik, iragan astelehenean. REDUAN / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Duela astebete ekin zion Ceutako Gobernuak iragan maiatzean Marokotik iritsi ziren dozenaka gazte kanporatzeari. Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek ekintza hori salatu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu zioten gazteen deportazioa gelditzeko. Adingabeko migratzaileak legez kanpo bota izana leporatu diote Ceutako Gobernuari eta Espainiako Barne Ministerioari.

Kordobako Unibertsitateko irakaslea eta abokatua da Carlos Arce. 25 urtez lan egin du migrazioaren eta giza eskubideen esparruan, eta Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko kidea da. Ceutatik kanporatu dituzten haurren eskubideen urraketak salatu ditu BERRIAri egindako elkarrizketan.

Espainian ba al dago adingabeak kanporatzeko prozesua arautzen duen legerik?

Bai, noski. Espainiako Estatuan Adingabekoen Babes Juridikoari Buruzko Lege Organikoa da legedi nagusia. Horrez gain, autonomia erkidego bakoitzak bere lege propioak ezartzen ditu adingabeak babesteko. Hala ere, Ceutan gertatutakoa sakon aztertu ahal izateko, ezinbestekoa da Espainiako Atzerritarren Legea kontuan hartzea; izan ere,pertsona heldu baten laguntzarik gabe migratzen duten neska-mutilez ari gara.

Europako Batasunean ere egongo da horrelako legerik

Bai, Haurren Eskubideen Nazio Batuen Konbentzioak agintzen du Europan. Konbentzio horrek oinarrizko printzipioak jasotzen ditu, eta horien arabera osatzen dituzte beren araudiak EBko estatuek, hala nola Espainiak.

Beraz, bada legegintza esparru zabal bat, hain zuzen ere, Nazio Batuen Konbentziotik hasi eta Atzerritarren Legera arte, ezartzen dituena Espainiako lurraldean haurrak bakarrik sartzen direnean egin beharreko urratsak. Araudi horretan zehatz-mehatz dago jasota adingabe baten aberriratzea nola egin behar den. Ceutan ez diete urrats horiei jarraitu.

Zein urrats egin behar dira?

Hainbat oinarrizko printzipio hartu behar dira kontuan. Hasteko, adingabe bakoitzaren kasua banan-banan aztertu behar da, hau da, haur bakoitzarekin hitz egin ondoren erabaki behar da harentzat onena zer den; beste inolako ñabardura politikorik edo interesik kontuan izan gabe.

Haurren Eskubideen Konbentzioak eta Adingabekoen Babes Juridikoaren Legeak horrela agintzen dute: adingabekoen interesa lehenetsi behar da. Txosten bat egin behar da, eta horretan esku hartu behar dute gizarte laneko, psikologiako eta fiskaltzako profesionalek, adingabeentzat onena zer den zehazteko.

Bestalde, txostenean ez dute helduek soilik parte hartu behar, adingabekoek ere eskubidea dute beren iritzia adierazteko. Gainera, heldu erantzulearen eta adingabearen artean interes gatazka bat baldin badago, adingabeak defendatzaile judizial bat izateko eskubidea du. Ceutan eskubide horiek guztiak urratu dituzte.

Antza, Marokoren eta Espainiaren arteko 2007ko akordioan oinarritu dira adingabekoak Marokora bidaltzeko.

Bai, hala da. Atzerritarrekin zerikusia duen guztian aitzakia gisa aldebiko akordioa erabiltzea oso ohikoa da Espainian. Hala ere, estatu mailako lege batek ezin du konbentzioan jasotako araudirik urratu. Badirudi 2007ko hitzarmenak agintariei ahalmena ematen diela inolako prozedurarik bete gabe Marokotik iristen den haur bakoitzari ostikoa emateko. Hori gezurra da. Akordioan argi zehaztuta dago aberriratzea posible bada ere prozesuan Marokon eta Espainian indarrean dauden legeak errespetatu behar direla. Arauen hierarkian nazioarteko itunak estatuko akordioen gainetik daude; beraz, ezin da erabili bi herrialdek sinatutako akordioa nazioarteko itunek araututakoa aintzat ez hartzeko edo saihesteko.

Ceutako Administrazioak legeetan ezarritako oinarrizko printzipioak errespetatu gabe jardun du. Teorian, administrazio batek egin dezakeen gauzarik txarrena egin du: herritarrei arauak betetzeko eskatu, eta, ondoren, beraiek beren arauak hautsi.

Nork du Ceutan gertatutakoaren erantzukizuna?

Gertatutakoan parte hartze aktiboa edo zuzena izan duten guztiak dira erantzule. Barne Ministerioak esango du ez dakiela ezer, baina hori ez da egia. Argitara atera diren hainbat dokumentuk kontrakoa frogatu dute dagoeneko. Halaber, Ceutako Gobernua zuzeneko erantzulea da.

Hala ere, jakin nahiko nuke zein rol izan duten prozesuan Ceutatik bota dituzten gazteen egoera kudeatzen ari diren GKE gobernuz kanpoko erakundeek. Haur horiengan zuzeneko edo zeharkako erantzukizuna duen oro ikertu behar da.

Hurrengo egunetan adingabeko gehiago kanporatuko dituzte?

Nire ustez, gertatu denak izan duen oihartzun mediatikoagatik, denbora batez gelditu egingo dira; itxura zaintzearren, batez ere. Hala ere, elkarteko kideok zeharo harritzen gaitu hainbat agintariren jarrera harroak: arduradun politiko batzuk uste dute berrogeita hamar haur furgonetetan sartu eta eraman ditzaketela, araututa dauden lege urratsak egin gabe. Gainera, uste dute inork ez dituela ekintza horiek salatuko. Horrek frogatzen du gizartean oso barneratuta daudela migratzaileekiko aurreiritziak. Askok pentsatzen dute beren bizitzak hutsaren hurrengoa balio dutela.

Europako gainerako herrialdeek adingabekoak deportatzeko araudia errespetatzen eta betetzen al dute?

Ez, kanporatzeak legez kanpo egitea EBn oso zabalduta dago: hegoaldetik iparraldera eta iparraldetik hegoaldera. Herrialde batzuek oso fama ona dute, esaterako, Suediak. Orain arte, herrialde horiek nahiko araudi eta lege egonkorrak eta sendoak ezarri dituzte, asilo kontuei dagokienez. Atzerri kontuei dagokienez, ordea, Espainiak baino araudi atzerakoiagoa dute.

Ezin dugu herrialde bakarbat ere eredu gisa izendatu,politikoki zein sozialki. Migratzaileen aurkako iritziak oso zabalduta daude Europan. Gertatzen dena zera da, hegoaldean dauden herrialdeetan gertatzen dena ikustea errazagoa dela; izan ere, migratzaile gehiago iristen dira Espainiara, Italiara eta Greziara.

Asko dago egiteko?

Bai, zalantzarik gabe. Adibidez, Espainiara iristen diren adingabe askok ez dute dokumentazioa eskuratzen, eta hori hobetu behar da; oso ohikoa da hainbat urtez Espainian bizi eta hainbat erkidegotatik igaro ondoren ume asko sistematik modu irregularrean ateratzea, hau da, beren dokumentuak ez lortzea. Bestalde, arazoa askoz larriagoa izan daiteke praktika administratiboan, baita haur horiek jasotzen duten trataeran ere: gazteek jasotzen duten hezkuntzaren maila, bizi diren zentroen baldintzak... horrelako kontuetan egiten du huts sistemak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.