EH Bildu egungo erronkei erantzuteko «alternatiba bakar» gisa aurkeztu da

Koalizioak udaletako 400 ordezkari bildu ditu, maiatzeko bozei begira. Rocio Viterok uste du EAJren eredua «agortuta» dagoela

EH Bilduko udal ordezkariak, Donostian egindako ekitaldian, atzo. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
EH Bilduk 400 udal ordezkari bildu ditu Donostiako Tabakaleran, azken urteetako lanari erreparatu eta maiatzeko bozei begira jartzeko. «Azken urteetan pilatutako esperientzia oinarri hartuta, jauzi bat egiteko abagunea da», adierazi du koalizioaren Gasteizko alkategai Rocio Viterok. Donostiako Udalerako hautagai Juan Karlos Izagirrek, berriz, azaldu du koalizio subiranistak gero eta babes handiagoa duela, lan egiteko duen moduagatik: «Udalerri mailako lehen indarra gara, eta hori ez da kasualitatea».

Viterok azaldu du euskal gizarteak bost «erronka handi» dituela esku artean —demografia, berdintasuna, zaintza, arlo ekosoziala eta kultura—, eta horiei aurre egiteko norabide aldaketa bat behar dela herritarrei begira: «Betiko errezeta zaharrek jada ez dute balio».

Viterok «komunitatea» jarri du erdigunean, gizarte kohesiorik gabe ezin delako «herri berdinzale, osasuntsu eta zoriontsu bat eraiki». «Gertutasuna» eta «kooperazioa» ere aipatu ditu EH Bilduren ezaugarri gisa: «Gauza bat da herritarrei erabakien berri modu gardenean ematea, eta beste bat, herritarrak erabaki horien parte egitea».

EH Bilduk instituzioen, eragile ekonomikoen eta gizarte zibilaren arteko harremanak indartzearen alde egin du, eta azaldu bide horri ekiteko «lidergo ekintzaile bat» behar dela erakunde publikoetan, koalizio subiranistak «eskain» dezakeena.

Izan ere, Viterok adierazi du egungo zerbitzu publikoak ez direla gai izan herritarren beharrei erantzuteko. EAJri aurpegiratu dio egoera hori, esanez «ideiarik gabeko» alderdi bat bilakatu dela, «agortua». «EH Bildu da aldaketarako alternatiba bakarra».

Izagirreren esanetan, «ilusioa, indarra eta gauzak aldatzeko gogoa» agerikoak dira EH Bilduko kideen artean, eta gehitu du erronkei aurre egiteko «ondo prestatutako» jendea dagoela: «Bere herriarekin, komunitatearekin, konprometitutako pertsonak». Horren adibidetzat jo du COVID-19ak eragindako pandemian udal ordezkariek zer jarrera izan duten. «Helburua zein izan da? Herritarrak zaindu eta babestea», erantzun du berak. Hala, adierazi du koalizioa azken bozetako emaitzak hobetzeko bidean dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.