Itxaropen seinale bihurtu da Honduras

Xiomara Castrok Hondurasko presidente kargua hartu du. Rodolfo Pastor de Maria gobernu proiektua lantzen aritu da, eta ohartarazi du Librek eraldaketa prozesua «urardotu» beharko duela koalizioan gobernatuko duelako.

Xiomara Castro Hondurasko presidentea, atzo, kargua hartzeko ekitaldian. BIENVENIDO VELASCO / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Xiomara Castrok Hondurasko presidente kargua hartu zuen atzo, Tegucigalpako Estadio Nazionalean, milaka lagunen aurrean. Ekitaldiak ikusmin handia piztu zuen, eta parte hartu zuten Kamala Harris AEBetako Gobernuko presidenteordeak, Cristina Fernandez Argentinako presidenteordeak, eta Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiak, besteak beste. Rodolfo Pastor de Maria politologoaren arabera, Manuel Zelaya herrialdeko presidente zenaren —Castroren senarra da— aurka 2009an emandako estatu kolpeari erantzuteko hasitako borroka gauzatu egin da Askatasuna eta Eraberritzea Alderdiko (Libre) presidentegaia boterera iritsita, eta, gainera, «demokrazia itzuli da». Uste du sistema demokratikoa «erronka bat» dela Erdialdeko Amerikan, eta Honduras itxaropen «seinale bat» bihurtu dela eskualdean: «Ikusi da estatu kolpe bat iraul daitekeela, eta hautetsontzien bidez irits daitekeela erregimen demokratikoa berrezartzera».

Ezkerreko presidentegaiak aise irabazi zituen hauteskundeak, joan den azaroan: parte hartzea handia izan zen —%68koa—, eta botoen %51 bereganatu zituen, Alderdi Nazionaleko hautagai Nasry Asfurari hamabost puntuko aldea aterata. Halere, Librek bere gobernu programan jasota dituen proposamenetako batzuk «urardotu» beharko ditu Castrok —programaren egileetako bat da Pastor—, bozetara Oposizioko Batasun Nazionalarekin aliantza eginda aurkeztu baitzen. Salvador Nasralla telebista aurkezlearen alderdiarekin, indar kontserbadoreago batekin, osatuko du koalizio gobernua. Librek 50 aulki ditu kongresuan, eta Nasrallaren alderdiak, hamar. Horren harira, kongresuko presidentea aukeratzean krisi bat izan dute Castroren alderdian azken astean. Nasrallarekin bozen aurretik egindako akordio bat errespetatuz, buruzagitzak hautagai baten alde egin zuen; ez, ordea, 18 diputatuk, eta, orduan, Libretik kanporatu dituzte. Beraz, gaur-gaurkoz, bi presidente ditu ganberak.

2014tik presidente izandako Juan Orlando Hernandez ordezkatuko du Castrok. Estatu kolpetik eskuineko gobernuek Hondurasera ekarritakoa laburbildu du Pastorrek: «Instituzio demokratikoak hondatzea ekarri zuen, eta Juan Orlando Hernandezek diktadura bat egonkortu zuen. Ezarri eta aurrerapausoak eman zituen, gainera, krimen antolatuarekin loturak dituen eredu sakonki ustel batean». Hori egin zuen, politologoaren iritziz, Hondurasko oligarkiarekin bat eginda, eta Poliziaren eta armadaren babesarekin. New Yorkeko fiskaltza federal (AEB) batek ikerketapean dauka Hernandez, narkotrafikoarekin loturak dituelakoan.

Botere banaketarik eza da, hain justu, Hondurasko arazo nagusietako bat, Pastorren aburuz. Hernandez hasi zen horretan sakontzen kongresuko presidente izan zen garaian (2010-2014), eta Auzitegi Konstituzionaleko eta Goreneko magistratuak aldatuz joan zen, «bereak» jartzeko. «Modu horretan, konstituzioak bigarren agintaldi bat debekatzen duen arren, presidentegai izan zen berriro 2017an, Gorenak horretarako aukera eman baitzion. Ordutik, instituzio ia guztiak kontrolatzen ditu Hernandezek».

AEBetako Gobernuaren oniritziarekin egin ahal izan du hori. Washingtonek zera bilatzen du, eskualdean dituen «interesak» babestea; «batez ere banana enpresena». Baina Erdialdeko Ameriketako herrialdeetatik indarkeriagatik eta aukera faltarengatik ateratzen den migrazioa «arazo politiko bat» bihurtu da AEBentzat, eta Washingtonek mintzakideak behar ditu arazo hori konpontzeko. Orduan, hauteskundeak egin ahal izan dituzte modu «erlatiboki aske eta baketsu batean», AEBen esku hartze bategatik: «Esan zioten Hernandezi: 'Ezin da berriro gertatu 2013ko eta 2017ko bozetan gertatutakoa; ezin da iruzurrik egon, ez eta iruzurraren aurkako protesten kontrako errepresiorik ere». Pastorrek ohar bat egin du AEBen rolaz: «Ironikoki, AEBek hamarkada luzez eskualdean izan duten atzerri politikaren emaitza dira arazoetako asko».

Zelayak Alderdi Liberalaren sektore aurrerakoia ordezkatzen zuen —historikoki, alderdi hori eta Alderdi Nazionala txandakatu izan dira boterean—, eta 2006an gobernura iritsi zenean ahalegindu zen arazo horiei «irekiera demokratiko handiago batekin» erantzuten, «ezkerreko mugimendu sozial herrikoien» eskaerak entzunda erreforma batzuk aurrera eramaten. Sasoi hartan, 2006tik 2009ra, gobernu barruan zeregin diplomatikoak bete zituen Pastorrek. Herri kontsulta bat bultzatu nahi izan zuen Zelayak, «AEBen zaindaritzapean armadak eta klase politikoak» 1982an idatzitako konstituzioa erreformatu nahi ote zen jakiteko. Estatu kolpea heldu zen.

Kolpeari erantzuteko, gizarte zibilaren mugimendu zabal bat sortu zuten, eta mugimendu horretatik sortu zen Libre. «Eraldaketa prozesuan sakontzea planteatzen du Librek, Honduras demokratikoagoa, justuagoa, inklusiboagoa izan dadin. Konpromiso iraultzaile bat du», azaldu du politologoak, azkeneko hiru urteotan Mexikoko Atzerri ministro Marcelo Ebrarden aholkularia izandakoak.

Erreformak egiteko, presidenteak ez du haizea alde edukiko kongresuan: Alderdi Nazionalak 44 eserleku dauzka, eta ikusteko dago Alderdi Liberalak (22) zer jarrera hartuko duen .

Hasteko, oinarriak jarri

Erronka nagusiei, «urgentziazkoenei», helduko die presidenteak: desberdintasun sozialei, indarkeriari, segurtasunik ezari eta aukera faltari. Nola irauli kronifikatutako egoera bat? «Hainbat belaunaldi beharko dira, eta hainbat etapatan egin beharko da. Gobernuak modu errealista batean hasi beharko luke diktaduraren ekintza batzuk lehengoratzen, eta oinarriak jartzen herrialdea berreraikitzeko». Pobreziari aurre egin ahal izateko programez ere mintzo da Pastor, eta herritarrei «oinarrizko zerbitzuak» eskaintzeaz: «Ez dituzun bitartean, jendeak alde egiten jarraituko du».

Pastorrek zehaztu du, hain zuzen, milioi bat pasa migrante hondurastarrek batez ere AEBetatik eta Espainiatik bidaltzen dituzten dibisa horiek gabe Hondurasko ekonomiak ez lukeela funtzionatuko: BPG barne produktu gordinaren %20 inguru dira. «Eta jarraituko dute bidaltzen, ezinbestekoak izango dira, baina gobernuak moduak bilatu behar ditu sarrera horiek produktiboagoak bihurtzeko». Enplegua sortzeko «pizgarriak» eman beharko dizkie enpresei, gainera.

Herrialde oso kontserbadorea da Honduras, eta Pastorrek badaki: «Eliza katolikoaren eta ebanjelikoaren kupulek botere izugarria dute, eta erreformak oztopatzeko prest daude». Hondurasen debekatuta dago abortua, baina Castroren asmoa da hiru kasutan despenalizatzea. «Aurretik badira beste pauso oinarrizkoago batzuk; adibidez, pilula antikontzeptiboa ez dadila abortatzeko pilula gisa kontsideratua izan». Sektore sozialak azken hamabi urteotako borrokaren «ezinbesteko zutabea» izan dira, eta Castrori «exijituko» diote erreformak ahalik eta azkarren egitea. Bat egiten du Pastorrek helburu horrekin, baina gogorarazi nahi du horretarako «testuingurua» kontserbadorea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.