Ingurumen informazioaren beharra

2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Berriki publikatu den klima aldaketaren egoeraren inguruko informazioa irakurri ondoren, bat egiten dut Mario Benedetti poetarekin: ezkor bat ondo informatuta dagoen optimista bat da soilik. Lurraren beroketa atzera ezinezko puntura hurbiltzen ari da. Klimaren gaineko goi-bilera asko egin arren, Lurraren tenperatura dagoeneko 1°C berotu da. Orain arte hartutako neurriek badirudi ez dutela munduko batez besteko beroketa klimatikoa zoritxarreko +2°C-en pean izatea ahalbidetzen. AEBetako PNAS Zientzien Akademia Nazionalak bere argitalpen batean publikatutako ikerketa baten emaitzen arabera, haustura puntua zeharkatzen badugu, Lurra modu autonomoan gehiago berotuko litzateke, hots, negutegi eragina areagotuko luke bere kabuz. Beraz, gai honen inguruko kezka maila handia izatea normala iruditu beharko litzaiguke.

Eta hala dela dirudi. Herritarrek ingurumenari buruz duten pertzepzioa aztertzen duen azken Ekobarometro sozialak ondorioztatu duenez, herritarren %85 kezkatuta edo oso kezkatuta agertzen da ingurumenarekin. Txosten honek Euskadiko herritarren premiak aztertzen ditu, ingurumen-errealitatea hizpide hartuta, eta herritarrek kezkagarritzat jotzen dituzten ingurumen-arazoei buruzko balorazioa eta postura ezagutzeko informazioa ematen du. Kaleratu den azken azterketaren arabera, klima aldaketa da herritarrak gehien kezkatzen dituen ingurumen-arazoa. Populazioaren %63 kezkatuta edo dezente kezkatuta dago arazo horrek gure lurraldean izan dezakeen eraginaz.

Herritarren ingurumenarekiko kezka maila zuzeneko lotura dauka jasotzen dugun ingurumenaren inguruko informazio motarekin. Ekobarometroak ingurumen-arazoei buruzko balorazioa neurtzea du, eta horrek pistak ematen dizkigu baieztapen hau azaltzeko. Hau da, «ingurumen arazo» terminoak sortzen dituen interpretazioak. Gaur egun, ingurumenaren eta gizakiaren arteko harremana, oro har, berri txarrez josita dago, eta berriek kutsu dramatikoa izaten dute. Horregatik hain zabalduta dago «ingurumen arazo» terminoa, badirudielako ingurumena eta arazoa beti daudela eskutik helduta. Horren arrazoi nagusiena ingurumen gaien tratamenduan dago, hots, orokorrean berez ingurumen gaiek ez dute hedabideen interesa pizten, istripu edo hondamendi garrantzitsuak gertatzen direnean izan ezik. Azterketak adierazten duenez, Euskadiko biztanleen %69k informatuta edo oso informatuta ikusten du bere burua, etahedabide tradizionalak dira —telebista, prentsa idatzia, irratia— herritarren informazio-iturri nagusiak, nahiz eta Interneteko foro eta gizarte sareen erabilpen gero eta handiagoa nabaritzen den, 15 urtetik 44ra bitarteko herritarrengan, bereziki. Horren eraginez ingurumenari buruzko informazioa katastrofistatzat jo da gehienetan, alegia, ingurumen informazioak oraindik ere neurri handi batean, biztanleriaren sektore zabalago baten arreta bilatzen du sarri askotan katastrofismoaz baliatuz.

Horregatik, ingurumen gertaeren kazetaritza batetik ingurumen ikerketa kazetaritza batera pasatzea beharrezkotzat jotzen da. Komunikabideak giltzarriak dira arriskuen hautemate soziala eraikitzeko orduan, hau da, hedabideek albisteak ateratzen dituzte eta jendeak horiek irakurriz arriskuak era jakin batean hautematen ditu. Zientziak komunikabideekin elkarlanean hasi behar du, ikerketa zientifikoak helaraziz herritarrei, horiek benetako arrisku eta arazoak zein diren ikus dezaten eta berengan zer-nolako eragina izan dezaketen jakin dezaten. Hedabideek iritzi publikoan eragina duen «mundu berri posible» baten errepresentazioa eraikitzen dute, eta, aldi berean, mundu berri posible hori geldiarazten duen statu quo-a mantendu dezakete. Ingurumen informazioak eragin handia du ingurumenaren hautematean, hedabideen eragiteak banakoek lantzen dugun errealitate sozialaren ulermena aldatu dezakeelako.

Abiadura Handiko Trenaren kasua aipatu dezakegu adibide legez. Euskal Y-aren gainean Euskadiko herritarren iritzia eta informazio maila oso baxua da. Euskobarometroko 2010eko eta 2014ko datuetan eta 2012an Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlanean oinarrituta dagoen informazioaren gaineko analisiaren arabera, euskal hiritarren gehiengoak abiadura handiko proiektuaren oinarrizko ezaugarriak ez ditu ezagutzen. Elkarrizketatuen %31k soilik informazio asko edo informazio nahikoa dutela adierazi dute. Laginaren bi herenek, aldiz, aitortzen dute informazio gutxi edo inongo informaziorik ez daukatela. Denborazko ikuspuntutik, Euskal Y-arekiko babesa apurka jaitsi da, % 77tik %64ra pasatuz 2010etik 2014ra, ehunekoetan hamahiru puntu gutxiago suposatzen duelarik. Jakina, arbuiatzeari buruzko datuak balantzaren beste aldean aurkitzen dira, progresiboki handituz, populazioaren %36rengan kokatu arte 2014an. Datu horiek bateragarriak dira 2007an EHUko ikerlari talde batek AHT Gelditu Elkarlanerako egindako ikerketarekin, hots, euskal hiritarrek AHTaren gaineko ez jakintasun maila handia nabarmena da. Gainera ikerlan honen emaitzen arabera, EAEn Euskal Y-aren kontra posizionatzen diren hiritarrek alde daudenek baino informazio gehiago dutela adierazten dute. Hortaz, begi-bistakoa da proiektu honekiko herritarrek duten informazio gabezia eta, ondorioz, ezjakintasun maila nabarmena eta ondo argumentatutako eztabaida publiko baten falta.

Herritarren parte oso garrantzitsu batek uste du ez dela nahikoa egiten ari ingurumen-politiken arloan. Ekobarometroaren arabera, hamar herritarretatik ia zortzik uste dute politikariek ekonomia edo gizarte-politikei hainbateko garrantzia eman behar lioketela ingurumenari, eta, inkestatuen ia erdiaren iritziz, ingurumen-politikak indartu behar lirateke, lehentasunezkoak direlako. Hiritarren ingurumen kontzientzia mailan hedabideek daukaten eragina onarturik gizakien eta ingurumenaren arteko harremanen aldaketetan komunikabideen eginkizuna berebizikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.