Zumetaren koloreak

Pako Aristi - Idazlea

2020ko abuztuak 9

Bizitzak eskaintzen dituen opari eta edertasun ugariren artean miresgarrienetako bat pertsona interesgarriak ezagutzea da. Barrenean uzten dizuten aztarna barea izan liteke hasieran, baina denborarekin sakontzen joaten da, munduaren zure ikuskeran aldaketa distiratsuak eragiteraino. Kazetaria izan naiz, nortasunez irekia arrotzen aurrean, jende interesgarri asko ezagutu dut, eta hori daukat bizitzan jasotako altxor nagusitzat. Urreak ere ez du hainbeste balio, pertsona interesgarri bat bihotzez mintzo zaizunean baino. Aberatsa izan naiz alde horretatik.

Jose Luis Zumeta izan zen horietako bat. Nire ibilaldiak Getarian egiten hasi nintzenean maiz igarotzen nintzen San Anton erretegiaren aurretik. Ikusiaren poderioz lagun egin nituen bertako jabeak, Juanjo eta Iñaki anaiak. Egun batean han kamarera bezala lan egiten zuen neska bat hurbildu zitzaidan. Monika zen, Zumetaren alaba. Ume txikiak zeuzkan, eta nire haur liburuak irakurtzen zituzten, antza. Asko gustatzen omen zitzaizkien, eta berak bota zidan ideia: «Egingo al zenuke liburu bat nire aitak ilustratzeko?» Aho zabalik utzi ninduen; nola ez nuen nahiko? Nik uste euskal idazle ororen ametsa litzatekeela Zumetak bere liburu bat ilustratzea. Inoiz ez zuen halakorik egin. «Konbentzitzen baduzu...» «Utzi hori nire esku!», erantzun zuen baikor. Zein alaba bat baino hobe bere aita konbentzitzeko!

Lortu zuen. Idatzi nuen testua, Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak, eta bisita egin nion margotzen jarduten zuen Beteluko tailerrera. Behiala autobusak egoten ziren garaje handi bat zen. Hurbildu baino 30 metro lehenago usaintzen zen kanpotik olioaren usaina, agoarrasarena. Egurrezko ate eskas bat zen barruko zientoka margoren gordailu bakarra, ostikoz jota bota zitekeena. Museoetan arte-lanen inguruan dauden segurtasun neurri zorrotzez oroitu nintzen. Naturala eta umila iruditu zitzaidan Euskal Herriko margolari ospetsuenaren tailerra, bere margoen eta horiek disfrutatu nahi zituztenen artean mugarik jarri nahi ez balu bezala.

Auto beltz batean iritsi zen. Ni bere koadroak ikusteko irrikan nengoen, baina bazkalondoa zen, eta Tourreko etapa ikustera joan ginen ondoko tabernara, berak whiski bat eta nik orujo bat hartzen nuen bitartean. harreman errazekoa zen, hurbila, bat ere ez konplikatua. Ni bizitzaren erdibidean nengoen, bera amaiera aldera hurbiltzen, eta sumatu nion joera arriskutsu bakarra hau izan zen: agian jende berria ezagutzeko interesa galduxea zuela, bizitzan ezagutu litezkeenen kupoa betea baleuka bezala. Nire pertzepzioa da, ez dakit zinez haren baitan hori zegoenentz. Nortasun lotsati baten ondorio ere izan zitekeen.

Margotzen zuen egunetan hobeto sentitzen zela esan zidan, nahiz eta ia egunero margotzen zuen; ez zuen beti gustuko emaitzarik lortuko. Sormenaren sorginkeriak bizi zuen, baina baita ere munduari bakoitzak bere ahalen neurriko edertasuna eskaini behar dionaren kontzientziak, eta gogotik saiatu zen horretan. Koadro bakoitza zure zentzumenak esnatuko zituen obra bat behar zuen izan; energiaren margolaria izan da Zumeta. Tailer hartan, bere ehunka koadro haien aurrean, begia ez zen aspertzen kolore eta forma bizien artean, irudimena isiotzen zuten pintzelkada haiei begira; indar berrituta ateratzen nintzen handik.

Liburuaren aurkezpena ere kuriosoa izan zen. Etorri zen Zumeta hasteko ordu laurden bat falta zela, atera genituen argazkiak, eta mahaira gindoazela esan zidan: «Beno, ni baniak». Erantzun nion: «Geratu hadi, Zume, ez baduk hitz egin behar ere, mahaian kurioso emango duk». «Ez, ez, hik ondo egingo duk». Betelutik Donostiaraino etorri zen, eta lau argazki aterata itzuli zen berriro Betelura. Horrelakoa zen Zumeta. Esango nuke ez zuela hitz arranditsuetan sinesten, ez zuela solemnitatea maite, xumetasuna baizik, bere abizenari X bat jarrita bizi zen gustura: Zume Xume zen.

Artium-en erakusketa bat antolatu ziotenean ere, katalogorako testu bat idazteko eskatu zidan. Baldintza hau jarri zidan: «Ez idatzi arteari buruzko testu enpalagosorik, ez dizkiat sufritzen testu artistiko ulertezin horiek. Egintzak ipuin bat edo». Berari margotzea gustatzen zitzaion, ez margotutakoaz hitz egitea. Modu espontaneo eta aske batean margotzen zuen, Monikak filmatu zuen bideo batean ikusten den bezala, baina bere margolaritza erabaki eta praxi artistikoaren ondorioa da, zalantza barik. Agian irakurri ez bazituen ere, taoisten bizi-filosofiarekin bat egiten zuen haren margoketa teknikak: bizitza ez da konponbide eske datorren arazo bat, diote ekialdean, bizi egin behar den esperientzia bat baizik. Eta bizitza bezala heriotza. Misterio bat da. Eta misterioak bere baitan murgiltzea eskatzen du, esperientzia bizi, sentitu, bere baitatik igaro, eta utzi dizun aztarnarekin bizitzen jarraitzea. Besterik gabe. Ez dago guztiari hitzak jarri beharrik. Eta gutxiago arte obra bati.

Garai hartan Euskadi sarietara norberak aurkeztu behar zuen lana. Gainera, gazte literaturarekin batera ilustrazioari ere saria ematen hasi ziren, eta gure liburua bietara aurkeztea proposatu nion, ni idazle gisan, bera ilustratzaile moduan. Ezetz esan zidan, ez zuela nahi. «Etzaukat sarien beharrik, eta gazte bati irabazteko aukera kenduko niokek beharbada. Hark hartuko duen ilusioa ezin zioat kendu». Diskrezioa maite zuelako agian, edo erakunde ofizialekiko mesfidantza zeukalako.

Ez da ahaztu behar herri kultura erakunde autonomikoekin tentsioan bizi zen garaia ezagutu zuela, herrigintzak asimilazio instituzionalari aurre egin zionekoa, eta Zumetak beti agertu zuen kontzientzia sozial handia, eta inplikazioa. Laboaren diskoen azal gehienak egin zituen; milaka pertsonak eduki dute eskuetan Zumeta bat, Mikelen diskoa erosten zuten bakoitzean.

«Zoriontsu ikusten haut!», esan nion behin, halakoxe gozatsua zeukan barrea. «Bai, hala sentitzen nauk aspaldian», esan zidan. «Aspaldian» hori noiztik zetorren pentsatzen utzi ninduen. Umore onekoa zen, lotsatia izanagatik ere erreparorik gabe agertzen zuena. Azken urteetan gutxixeago ikusi banuen ere, ziur nago bizitzeko poza eta margotzeko gogoa ez zituela galdu azken egunera arte.

Batzuek diote norbait hiltzen zaigunean hutsunea uzten duela guregan; ez da nire esperientzia izan. Aldiz, gogo-beteta uzten gaitu. Zumetaren izaera eraman errazekoa zen, eta bere koloreak nire begietan txertaturik geratu dira betirako ixten diren arte.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna