Donostiako kale izendegia gora eta izendegia behera

2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Herri baten historia kultura eta memoria, beste adierazgarri batzuen artean, bere kale izendegian ikusten da, eta Donostiako kaleak aztertzen hasten bagara, ez da inola ere ikusten herri progresista eta kultura duena denik. Donostiako kale izendegia kontserbadorea da, eta kasu askotan erreakzionarioa da. Ez dugu analizatuko euskal kultura aldetik bakarrik, baizik eta orokorrean nahi eta ezin duela progresista izan.

XVI. mende hasieran, Gaztelako komuneroen Karlos V. enperadorearen kontrako errebolta gertatu zenean, Burgosko hiriko kronista batek honela zioen: «Hemen, Burgosen, dena aberatsen gustura egiten da». Beraz, hiria enperadorearen alde jarri zen noski! Gaur, orduan bezala, Donostian berdin gertatzen da: «Hemen, dena aberatsen gustura egiten da»: kultura, historia edo kontakizuna («errelatoa» diote gaur) burges aberatsen gustura kudeatzen da.

XIX. mende hasieran absolutistak desagertu omen ziren eta liberalak etorri... baina absolutista zirenak «liberal» bihurtu ziren! Diktadura joan omen zen eta demokrazia etorri, baina diktadorearen aldekoak zirenak «demokrata» bihurtu! Beti beraiek agintzen: negoziante, enpresari, promotore edo finantzari, beraiek erabakitzen dute, beraiek eta beraien zerbitzariek: militar, politikari kudeatzaile edo kazetari izan... beraiek ziren eta dira komunikabide ia guztien jabeak, eta beraien buruei eta beraien zerbitzariei jartzen zizkieten kale izenak.Herritarrak, jendeak uste du demokrazian bizi dela eta askatasunez erabakitzen duela, baina ez du pentsatzen boterearen atzean den gutxiengo aberats batek erabakia daukala guztia.

Gaitza antzinatik dator. Jose Maria Collado Donostiako oligarkak, 1820an sortu zuen «La Sociedad Patriotica de San Sebastian» edo «Tertulia Constitucional La Balandra» ere deitua. Egunkari bat ere egin zuten, El Liberal Guipuzcoano deitua. Elkarte hori sutsuki espainola zen, eta bertako hasierako partaideak zirenen abizenak oso adierazgarriak dira, beraienak eta beraien ondorengoenak: Etxague jenerala, Bermingham, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Anton de Luzuriaga, Elias Legarda, Joaquin Ferrer, eta beste. Haiek izan ziren Plaza Berriari izena kendu eta Constitución jarri ziotenak (1820); Udalaren onespenik ez dago, baina berdin da, beraiek agintzen zuten. Puiuelo izenarekin ia bost mende zihoan kaleari Fermin Calbeton jarrizioten (1919). Joaquin Calbetonen semea zen.

Jose Mugica abokatua Serapio Mugica historialariaren semea zen, eta Diario Vasco egunkariaren fundatzaileetako bat izan zen (1934), El Liberal Guipuzcoano-ren jarraipen ideologikoa. Faxistek Donostiako alkate izendatu zuten 1936an. Jaun horrek 1950ean idatzi zuen «Carlistas, moderados y progresistas» lanean zioenez (eta pentsa, bera dirudienez zerbitzari fidela zela), La Balandra Tertulia erabaki talde oligarkiko boteretsu bat bihurtu zen eta bertatik zuzentzen ziren Donostiako negozioak eta politika. Herritarren artean «liberalismoaren» aldeko jarrera sortzen ere izugarrizko garrantzia izan omen zuen tertulia horrek.Foruen aurkari sutsuak ziren, 1840an hor ibiltzen ziren Foruen kontra herritar donostiarrak «xaxatzen». Urte horretan heldu ziren Madrili eskatzera Donostia orduan Foruak kenduta zituen Nafarroako probintziari anexionatzeko, Gipuzkoak Foruekin jarraitzen baitzuen.

Pertsonaia horiekin ere lotuta dago Castaños jenerala, 1813an Donostiako suntsitzaileetako bat izan zena. Elias Legardaren alaba, Maria Dolores, 1859an Castañosen ondorengo batekin ezkondu zen, eta 1878an Aiete oinetxea erosi eta izen bereko jauregia eraiki omen zuten. Barcenilla MA. eta Gonzalez de Garai I.ren «Jauntxoak, burgesak eta Foruak» (1984) lanean irakurtzen denez.

Gure garai hauetan aldaketa gutxi izan da. Antzinako oligarka «liberal» haiek «autonomista» bihurtu omen dira, eta, agintzen jarraitzen duten arren, formak gordetzen saiatzen dira... Bitartean, administrazioan dauden politikari kudeatzaileak herritarhistoriari garrantzia ematen diotela itxura egiten dute. Beti egiazko agintari oligarkak haserretu gabe... bestela, beraien negozioak hankaz gora joango lirateke eta.

Donostian baino askoz ere progresistagoa den Xixongo hirian, Karl Marxek badu kale bat, eta baita ere «Jose Marti» heroi independentista kubatarrak. Bartzelonan, Antonio Lopez Comillasko markesari, Kataluniako oligarka handiari, gaur egungo finantzarien patroi santuari, Kubako milaka esklabo beltzen trafikatzailea izan zenari, hirianzuen plaza izena eta monumentua kendu dizkiote. Era berean, errege Borboi guztien izenak kale izenetatik kendu eta desagerrarazi dituzte!

Urrutira joan gabe, hemen Euskal Herrian bertan, Durangon, Fray Juan de Zumarragaren omenez kale eta eskola baten izena zeramatenak kendu egin dituzte, Nor zen pertsonai hori? Durangoko seme bat, XVI. mendearen hasieran Nueva Españako (Mexiko) inbasio eta konkistan inkisidore buru izan zena. Mexiko Hiriko aurreneko gotzaina ere izan zen. 2017ko abenduaren 19an egin zen plenoan, izena kentzeko mozioan, Partido Socialista de Euskadiko Pilar Ruiz zinegotziak esan zuen: «En desagravio alas mujeres perseguidas y a las fundadas sospechas que hay de que Fray Juan de Zumarraga atentó contra la cultura y costumbres indígenas. Fue un inquisidor activo en la caza de brujas». Talde politiko guztiek onartu zuten. PP bakarrik abstenitu zen.

Herriari eta Historiari errespetua zor zaie. Donostia baino ere herri progresistagoak eta duinagoak dira herri horiek. Donostian izen asko aldatzeko aukerak baditugu... noiz ausartuko dira gure politikari kudeatzaileak aldaketak egiten hastera? Hor gelditzen da galdera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.