Davi Kopenawa. Yanomami indigena

«Beldur naiz egunen batean norbaitek tiroz hilko ote nauen»

Hutukara Yanomami Elkarteko kidea eta ekintzailea da Kopenawa. Herri indigenen eskubideen aitortza izan da berarenetzat Right Livelihood saria, euren borroka «indartzeko» balioko duena.

arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Gazte zela ikasi zuen Davi Kopenawak (1956, Marakana, Brasil) portugesez; hori baitzen «gizon zuriekin» hitz egiteko eta yanomamien interesak defendatzeko modu bakarra. Lehen urratsa izan zen hura. Gero etorri ziren Amazoniatik kanporako eta nazioarterako bidaiak, negoziazioak, elkarrizketak, hitzaldiak eta abar. Lan horri esker eskuratu zuen atzo Right Livelihood saria.

Zein da gaur egun yanomamien egoera?

Jair Bolsonarorekin okerrera egin du egoerak. Egia da herriak aukeratu zuela estatua zuzentzeko, baina ez da gure gustukoa. Bera militarra da; militarrek badute jokatzeko eta pentsatzeko modu berezi bat, eta modu hori ez dator bat indigenon bizimoduarekin.

Eztabaida handia egon da Amazoniako suteekin lotuta Bolsonarok GKEen aurka egindako salaketekin. Zuek bertatik bertara bizi izan duzue egoera. Zer iritzi duzue?

Jakin dugu guk ere eztabaida horren inguruan, eta argi dugu gobernuz kanpoko erakundeek ez dutela zerikusirik horrekin guztiarekin. Bada denbora gero eta jende gehiago datorrena lurrak kolonizatzera, lehen basoak ziren eremuetan nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzeko asmotan. Lurra, baina, oso lehor dago, eta litekeena da nekazari edo abeltzainen batek zigarrokin bat-edo botatzea edo su txikiren bat piztea eta gero lehortearen ondorioz zabaldu izana. Hori, ordea, ezin zaio nekazariari egotzi, presidentearen eta gobernuaren politika okerrei baizik.

Amazonia eremu babestua izan arren, aldaketak egon badaude orduan.

Bai. Maiz ohartarazi dut kutsaduraren kalteez, hirietako kutsaduraz, suteez, enpresa handiez, petrolio ustiaketaz eta abarrez... Hirietako jendeak gustuko du bidaiatzea, eta horretarako eraikitzen dituzte azpiegitura handiak, eta horretarako lurrak kentzen dizkiote basoari; suak pizten dituzte, eta basoak mozten. Yanomamiek hori guztia sentitu egiten dugu, nahiz eta hirietatik urrun bizi. Ohartzen gara nola kutsadura hirietatik datorren, eta zeruak eta lurrak gurutzatzen dituen gurera heldu arte.

Zer egin daiteke horren aurka?

Hirietako eta hiriburuetako arazoa da. Populazioa handituz doa, eta hori gelditzea oso zaila da. Politika publikoak behar dira, nazio mailako politikak. Herriak badu hori guztia geldiarazteko boterea. Politikariek, enpresariek, boteretsuek, agintzen dutenek egoerak bere horretan jarraitzea nahi dute, baina gure esku dago hori aldatzea.

Zer erantzun jaso izan duzu nazioartera jo izan duzunean?

Maiz bidaiatu izan dut nire herritik kanpora, eta hala egin dudan bakoitzean baliatu dut aukera gure egoerari, bizimoduari eta kulturari buruz hitz egiteko eta laguntza eskatzeko. Inoiz ez didate erantzun argirik eman, baina onartu dute laguntza behar dugula, nahiz eta gero esku hartu ez. Elkarrizketak egin dizkigute, eta baita galderak ere, baina gero babes gutxi jaso dugu. Hala ere, haien laguntza, nazioartearena, ez da aski kutsadurak zabaltzen jarraitzen badu.

Dena den, gure bidaien helburua ez da soilik gobernuen babesa jasotzea: herri indigenaren berri ematea ere bada. Horrek, agian, ez du konponduko arazoa, baina aurrerago konponbide bat aurkitzen lagundu dezake.

Giza eskubideen aldeko abokatua ere bazara. Nondik nora hartu zenuen erabaki hori?

Nire ideia izan zen. Bizi izandako esperientziek eta sufrimenduak bultzatu ninduen erabaki hori hartzera. Bi edo hiru urte nituenean oso gaixo egon nintzen. Gure komunitateak ezagutu zuen lehen izurrite handia izan zen hura. Familiako kide asko eta lagunak ere gaixotu ziren. Orduan pentsatu nuen handitzean egingo nuen lehen gauza portugesa ikastea izango zela, hizkuntza horretan hitz egiten zutelako zuriek eta horrela nire jendea defendatu ahalko nuelako, eta agintarien eta herriaren arteko zubi lana egin ahal izango nuelako. Nire jendeak zaindu egin ninduen, eta ahalegin hori itzuli nahi nien.

Gero, Claudia ezagutu nuen. Hungariarra zen, eta gerran galdu zituen aita eta anaia. AEBetan ezagutu genuen elkar. Hara ihes egin behar izan zuen hamar bat urte zituela, eta geroztik gu bezalako jendeari laguntzen aritzen da AEBetako Gobernuarekin elkarlanean.

Mehatxurik jaso izan duzu inoiz?

Bai, eta beldur naiz egunen batean nire komunitatetik kanpo zuriekin aurkitu eta norbaitek tiroz hilko ote nauen. Oso beldur naiz suteez, eta erasoez, baina ez naiz horregatik etxean geratuko; ezin naiz etxean geratu. Hau da nire lana, salaketak jartzea, nire komunitatea defendatzea eta lurrak babestu behar direnean babestea. Beldur naiz, bai, baina gure komunitateak buruzagi bat behar du, eta, norbaitek tiro batez hiltzen banau, beste norbaitek hartu beharko du buruzagitza.

Zer esan nahi du sari honek zuretzat?

Oso garrantzitsua da sari hau guretzat. Herri bati, yanomamiei, egiten zaion aitortza da, eta baita herri indigenei ere. Hirietako jendearen errespetua ere erakusten du, eta horregatik borrokatu izan gara hainbat urtez. Harro nago Suediako jendeak sari hau eman digulako, honek gure borroka indartzen baitu eta niri ere indarra ematen baitit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.