Migrazioaren oihartzuna, krisi ekonomikoaren erantzuna

2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Badira jada urte gutxi batzuk migrazioa guztien ahotan dabilela nazioarteko politikan. Europako Batasunean, 2015az geroztik, pertsona errefuxiatuen krisiak krisi ekonomikoaren tokia hartu du, agenda politikoko lehenengo lerroan kokatuz. Ekainean batzartu zen Europar Kontseilua aztertu besterik ez dago hori horrela dela ikusteko. Tentsioz eta desadostasunez beteriko goi bilera horretan, migrazio politika izan zen begirada guztien erdigune.

Eurogunetik eratorritako krisia, aldiz, iraganeko gauza dela dirudi, beste garai bateko amesgaiztoa balitz bezala. Garai bateko single arrakastatsuak (bankuen erreskatea, murrizketak, langabezia...) nekez entzuten dira gaurkoan. Ordea, oharkabe igarotzen dena zera da: azken urteetan migrazioak lortutako monopolio mediatikoa krisi ekonomikoaren itzal luzearen hedaduraren ondorio da.

Bi fenomeno horien harremanaren zergatia ulertzeko asmotan, ezinbestekoa zaigu hurrengo gogoeta azalera ekartzea: «Gertakariak aztertzerakoan, historiaren zirrikitu ilunek, hots, bi epealdi desberdinen arteko trantsizio guneek, oso informazio aberatsa ezkutatzen dute. Zulo horiek argiztatuz gero, geruza desberdinen arteko harremana zein den hobeto uler daiteke baliozkoak diren irakaspen ugari ateraz. Historia osatzen duten orrialdeak josiz liburu mamitsu eta interesgarria lor daiteke kapitulu solteen pilatze hutsak emango lukeen testu ulergaitzaren alboan».

Gauzak horrela, Schengen mugen krisialdiaren eta Euroguneko krisialdiaren arteko arrakalek gure interesa eta jakinmina piztu beharko lukete. Maiz amnesia arduragabe batek etapa batetik bestera jauzi egitera bultzatzen gaitu, erdibideko materia ilunari so egin gabe. Haatik, historiaren irakurketa zuhur bat egitealdera, gertakarien arteko bidegurutze horri erreperatu beharra dago.

Hasteko, gainbehera ekonomikoko urteetan, egoerak okerrera egin zuen heinean, piramide sozialaren tontorrean kokatuta zeudenek behekoengan eragin zuten presioa handitzen joan zen pixkanaka. Holakoetan gertatu ohi den moduan, beheko gizarte geruza izan zen kaltetuena, langabeziak jota kolperik latzena jaso zuena.

Denboraren poderioz, ongizate estatuaren higidurak eta bizi mailaren txartzeak sumindura eta amorrazioa eragin zuten hauengan. Krispazio giro hori berotzen joan zen eztanda egin arte. Labur esanda, murrizketa politikek ezarritako presio jasanezin eta itogarriak «kontratu soziala» deiturikoa haustea ekarri zuen.

Gizarte harmonia lehertzen den bakoitzean, energia kopuru andana libratzen da. Energia uhin handi horiek «surfeatzen» saiatzen diren mugimendu berriak agertzen dira ondorioz, haserre kolektiboak eragindako itsaskiaz baliatzen direnak.

Halako egoeretan, uhinak bi norabide desberdinetan joan ohi direla erakusten digu historiak: bata iraultzaren bidea litzateke, botere harremanak aldatzea eta ordena berri bat ezartzea helburu duena, eta bestea gizarte «blindatzearena», kanpotartzat jotzen den kolektiboa kanporatzea helburu duena. Batean, boterean dauden pertsonak dira etsai; bestean, aldiz, kanpotarrak.

Lehenengo ibilbidearen adibiderik esanguratsuenak Frantziako eta Errusiako iraultza lirateke. Gizarte egitura berria eraikitzeko asmoarekin eratu ziren bi mugimendurik adierazgarrienak. Garai horietan, botere logiken eta harremanen berregituratzea jomuga zuen bidea argiagoa zen. Gogorra eta oztopoz betea, noski, baina ondo seinaleztatua. Azken finean, boterea zeinen eskutan zegoen jakitea nahiko erraza zen.

Gaur egun, ordea, botere dispertsio eta sakabanatzeak bidea lausotu egin du. Botere politikoa eta ekonomikoa etengabeko lehian dabiltza, askotan eskutik helduta badoaz ere. Gure datuen monopolioa duten Facebook edo Google bezalako plataforma digitalen eragina eta indarra nabarmena da. Aldi berean, gizarte zibilak aldaketak eragiteko duen gaitasuna dezente handitu da. Orduan, «nork agintzen du, nork, nork, nork?». Interdependentziez jositako sare mamitsua honetan, mundua gutxi batzuen eskutan dagoela pentsatzea sistemaren konplexutasuna gutxiestea da ezbairik gabe.

Lehen aipatu dudan bigarren bideak, hots, kanpotarrak jomuga dituenak, ez du aldaketa sakonik izan. Egia da gure gizarteetan geroz eta mestizaje handiagoa antzeman daitekeela, baina bertakoak eta kanpokoak banatzen dituen lerroa marraztea aski erraza da oraindik ere. Boteretsuak ez bezala, kanpotarrak arazorik gabe definitzen eta identifikatzen ditugu.

Historian zehar, eredu honen isla izan den adibiderik muturrekoena nazismoa da. Weimarko Errepublikaren birrintzearen eta egoera ekonomiko larriaren errautsetan piztu zen mugimendua. Nazionalismo baztertzailea eta fundamentalismo erlijiotsua lirateke nazismoarekin batera fenomeno horren beste adierazlerik esanguratsuenak. Korronte horiek guztiek barnekoen eta kanpokoen arteko muga ezartzeko irizpide desberdinak erabiltzen badituzte ere (arraza, jatorria edota fedea), elementu diskriminatzaile horren erabilerak helburu bera jarraitzen du; gaitz guztien errua «kanpotarrei» leporatzea.

Lehenengo errepidean gidatzea geroz eta zailagoa bilakatu denez, bigarrenera jo duten gidariak geroz eta gehiago izan dira azkenaldian: Trump, Le Pen, Orban edota Salvini ezagunenak izendatzeagatik. Nazionalismo baztertzailearen buru diren kamikaze horiek guztiek amankomunean dutena zera da: bide erraza eta etsai berbera aukeratu izana. Bide horrek eskaintzen dituen erraztasunak erakarrita, aukera horren alde egin duen bidaiari kopuruak gora egin du nabarmen krisi ekonomikoaz geroztik. Aipatu berri ditudan pertsonek jasotako babesa ikusi besterik ez dago.

Bere momentuan lerroartean irakurtzen jakin izan bagenu, errepide hori trafikoz, zarataz eta kutsaduraz beteko zela aurreikusi eta hori ekiditeko neurriak hartuko genituen. Zoritxarrez, egunero ikusten ari garen bezala, orain nekez berbideratu daiteke zirkulazio hori. Ea hurrengorako lezioa ikasi dugun...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.