Paco Sagarzazu, lankide, lagun eta maisu

Maria Jesus Garijo, Fernando Mikelajauregi, Marian Alvarez eta Txaro Arteaga
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Lehenik eta behin, begien bistakoa, alegia pozaktxoratzen gaudela SSIFF Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak, eta zure inguru profesional guztiak, Zinemira Sariarekin zinemagintzan eta antzerkigintzan egin duzun ibilbideari egin dioten aitormenagatik («Euskal zinemaren eta antzerkiaren ezinbesteko irudia azken 40 urteetan»). Baina, horretaz, zure meritu zinematografikoez, hitz egingo dute Zinemaldi honetan zehar gu baino trebeagoak direnek. Zalantzarik gabe, zure literaturgintzaz eta antzerki-aktore eta idazle gisa duzun talentu ukaezinaz ere hitz egingo duten bezala.

Egia esan, belaunaldi eta ibilbide askotako Herri Irratiko lankide-ohien Whatsapp taldea osatzen dugunok, idatzi honen sinatzaileok, maiteago zaitugu irratiko kontuengatik. Antzerkian eta zineman asko gozatu zaitugu, baina, maitatu, batez ere irrati-uhinen sentimendu eta abentura partekatuan maite zaitugu, Herri Irratian, Bengoetxea kaleko estudioetan lehenbiziko eta Garibai kaleko 19an gero. Bizitza oso bat, ia mende erdiko lan-ibilbidea, Herri Irratiaren - Radio Popularraren sintoniatik komunikatzen, milaka eta milaka entzulerengan emozioak pizten eta zure mundu sortzailearen emaritik mundu hobeago bat egiten. Ahaztezinak dira oroitzapenak, batzuetan oso pertsonalak, SSIFFren aitormen egoki honen harira, noranahi azaleratzen zaizkigunak. Nor bere erara harro dago zu ezagutu izanaz, lankidetza partekatu izanaz eta zure adiskidetasunaz gozatzeko izan duen aukeraz.

Askok, Zinemaldiko egunotan espresuki, ondo gogoratzen dugu zein zaila izaten zen Donostiako Herri Irratiko estudioetako mikrofonoetan Doña Elvira (oraindik ere maiz entzuten da klasiko bat, Molinaren iragarkia) edo Elsa Maxwell, Zinemaldiko kronika sozialeko kazetari-erreportaria interpretatzen zu ikustea, Mariaje (Maria Jesus Garijo) eta Mikela (Fernando Mikelajauregi), euskal irratigintzako beste bi erreferente handi lagun zenituela. Norbait ausartu da gogoratzen grabazio-kontroleko mahai teknikoaren azpian ezkutatzea lortu zuela. Baina, egia esan, ez zaigu sinesgarri egiten, ze, guzti-guztiona baitzen une haietan iratxo ikusezin bihurtzeko desioa, irratigintza-sen huts-hutseko une magiko haiek grabatzeko prozesuaz gozatu ahal izateko. Zorionekoak lankide teknikoak, lanbidearen ezinbestekotasuna zela medio, une haiek gozatzeko aukera izan zutenak!

Asko gara, nork bere erara, zure irratigintzaren maisutzatik gauza egoki asko ikasi ditugunak: gidoi akasgabe haien idazkera txukuna, tipula-paperean eta lau kopia kalkodun, ordenagailuak iritsi aurretik; xehetasun teknikoen ñabardura bakoitza eta hitzen jarioa, banan-banan, zehatz, ziur, ulergarri, zu bezalako idazkera-dohain eta sormen-trebetasunak dituztenek bakarrik sor dezaketen irratiko soinu-kadentzia berdingabe horrekin. Ahotsa zegokion eginkizunera egokitzen ere ikasi genuen: irakurketa informatiboa, publizitate interpretazioa, irrati antzerkia, elkarrizketa atsegina, eguneroko lehiaketa... Maisu izan zinen hasiera-hasieratik, Bengoetxea kalean hirurogeiko hamarkadaren lehen urteetan —ondo asko gogoratzen dugu hori Txaro Artegak edo Marian Alvarezek, esate baterako—, Herri Irratiko gizon eta emakumeen azken belaunaldietaraino, eta zure profesionaltasuna eta eskuzabaltasuna etengabeko eskola izan ziren, harik eta, denborarekin, Donostia-Loiola Herri Irratian partekatu genuen irrati-proiektua lausotzen joan zen arte.

Bat gatoz zure izaeraren ezaugarriotan: umila, elkartasun-dohain handikoa, lotsati xamarra eta, batzuetan, iheskor xamarra... Non dago Paco? Ez al da afarira etorriko? Baietz esan zigun ba! Batzuk bat gatoz, nagikeria sozial apur baten adierazpen zen hori, eta, agian, baita halako errebeldia ironiko bat ere, zeure baitako sormen-mundu pertsonal eta besteraezin zoragarri horretatik aldentzen zaituzten usadio eta konbentzio sozialekiko. Baina, maiz, zure umore on eta finaz ere gozatu ahal izan dugu, zure alderik ludiko eta jostalarienaz. Gogoratzen al duzu afari hura, ocho, para ti la m. y para mí el bizcocho jolasarekin, erabat zoratzeko zorian eduki gintuzun. Edo ogi-apurrez egindako bolatxoen beste borroka hura, amaigabea zirudiena?

Une on asko disfrutatu ditugu zurekin, eta horretan jarraitzen dugu Maria Jesus Garijok mahai baten inguruan elkartzen gaituen bakoitzean. Badakizu zaudenean egoten, zure elkartasuna adierazten, pozik daudenekin barre egin eta sufritzen duenarekin negar egiten, eta, batez ere, arlo profesionalean zein pertsonalean, gauza asko eta ondo egiten, egiten ari zarenik ere ia nabaritu gabe. Umiltasunez, zalapartarik gabe. Horregatik guztiagatik, eta pertsonalki esango dizkizugun beste gauza askorengatik, idatzi kolektibo hau argitaratu nahi izan dugu, Whatsappeko txata eta, tarteka-marteka, mahaia eta otordua partekatzen ditugun Herri Irratiko lankide ohien bihotzetik sortua. Nahiz eta ja gurekin ez egon, luzaro zure adiskidetasunaz disfrutatu ahal izan dutenak ere gogoan izan ditugu egunotan (Itziar, Juan Migel, Rafa, Nikolas, Iñaki, Joxe Migel, Eneko, Ignacio, Mariano, Maixus, Karmele...).

Eskerrik asko Donostiako Zinemaldiari, lagun handi, lankide bikain eta bizialdi oso bateko maisu dugunarenganako sentipenak publikoki adierazteko aukera emateagatik: Paco Sagarzazu Badiola, zorionak, bihotz-bihotzez!

OHARRA: Artikulu hau, testu hasieran lausinatzaile agertu arren, Paco Sagarzazuren Herri Irratiko 55 lankide ohik izenpetu dute.

Jokin Aldazabal, Marian Alvarez, Luis Ansoalde, Iñigo Arbaiza, Xabier Arratibel, Mari Karmen Arregi, Txaro Arteaga, Xabier Artxanko, Miguel Aycart, Kino Azanza, Javier Azanza, Lurdes Azpiazu, Klara Badiola, Lutxi Barkin, Jose Ramon Beloki, Julian Beloki, Xabier Beltza, Mari Karmen Beriain, Joti Diaz, Toñi Diaz Millan, Rosi Eizagirre, Iñaki Elortza 'Txapas', Alfonso Etxeberria, Arantxa Etxebeste, Jose Joakin Forkada 'Forki', Xabier Gabilondo, Ramon Galdos, Gregorio Galvez, Mari Karmen Garaiazabal, Carlos Garcia Cañibano, Juan Antonio Garcia Marcos, Maria Jesus Garijo, Alberto Gartzia, Tito Irazusta, Jose Mari Iriondo, Arantxa Kaltzada, Irene Larraza, Josetxo Lizartza, Fernando Mikelajauregi, Rafa Olarra, Eneko Olasagasti, Koldo Ordozgoiti, Arantxa Ormazabal, Josebe Ormazuri, Karmelo Otaegi, Josemari Otermin, Mila Portilla, Karolina Sainz de Bikuña, Ana Mari Sudupe, Silvia Turne, Txema Urrutia, Itziar Urteaga, Joseba Urzelai, Migel Zendoia eta Arantxa Zugasti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.